GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Ibai gogortza
Harat taldeko sortzaile eta musikaria

«Inolako babesik eta kontrakorik gabe, dena nire gain hartu nahi nuen»

Ibai Gogortza, Iñigo Telletxea eta Mattin Arbelaitz musikariek osatzen dute Harat hirukoa, rockzale melomanoentzat eta musika beste ertzetatik ikusten dutenentzat interesgarria den proiektua. Gogortzaren burutik ateratakoa diskora eraman eta zuzenean aurkezten orain gutxi hasi dira. Gasteizeko Jimmy Jazzen ariko dira ostiral honetan, Willis Drummondekin.

(Argazkiak: Jon URBE | FOKU)

Diskoa atera eta gero nolakoa da bizipena?

Kontzertuak eta bilatzea… Tira, lehendabizi atsedena, diskoa atera dugulako. Orain, kontzertuetan pentsatzen eta bizipen berri horien zain.

Diskoaren bi lagin soilik daude sarean. Fisikoaren aldeko apustua egin duzue.

Honekin ere dilema dezente izan genuen. Diskoko beste erabaki anitz bezala, hau ere hartu behar zen. Nire burua bonbardatua sentitzen dut disko anitz badirelako; hortaz, hortik ihes egin nahi nuen. Interesa duenak jakingo du edota nonbaitetik etorriko zaio. Helburua ez zen norabait iristea, baizik eta modu erraz batean zuzenekoak egitea hirukotean.

Erraza, logistika aldetik, diskoa ez baita erraza konposizio aldetik.

Niretzat ez da hain konplikatua, biribilduta daudelako kantu guztiak. Baina musika estiloaren araberakoa ere bada hori, batzuei atentzio gehixeago eskatuko die. Niretzat, berriz, errazak dira.

Diskoa abiatzeko modua, bitxia izan da.

Bai, ‘‘Itzala’’ nolabait ere sakrifikatu egin dugu. Estudiora joaten zarenean, abesti batek lehenbizikoa izan behar du. Eta soinu froga guztiak honen gainean egiten direnez, horrek kokoteraino bukatzea ekar dezake; gorroto puntua hartzen diozu. Baina pozik gaude.

Borrokan taldean, JIELekin, MICErekin ekoizle eta musikari moduan… Sentitzen duzu zure arrasto propioa uzten duzula kantuetan?

Nahi gabe, uste dut baietz. Baina halako ekoizpenak egitean nire mugak gainditzen saiatzen naiz. Hala ere, ekidin ezina izango da nire marka uztea.

Disko hau, ordea, erabat zure mundua islatzen duena da.

Bai, eta proiektua horrela abiatzen da. Inolako babesik eta kontrakorik gabe, dena nire gain egotea nahi nuen proiektuan, zer eta nola egin erabakitzerako garaian.

Disko honetan erritmoari baxuak eusten diola esan al daiteke?

Dena aldi berean konposatua izan da. Buelta batzuk eman dizkiot kontuari, konponketa ahalik gutxien izateko. Baxua eta bateria aldi berean konposatzen nituen, eta gitarra ere bai. Baina ahotsa beste kontu bat zen.

Gure burua norbait izateko nahian, inor ez izateko saltzen dugula salatzen duzu.

Gure irudia, musika eta guztia sarean jartzen dugu eta, gero, itxaroten egoten gara erreakzioren bat noiz iritsiko.

Eta frustrazioak etor daitezke.

Edota uste baino gehiago zabaldu denaren sentsazio faltsua.

Soinuari erreparatuz, bonboarenak bazuela zerbait ikusi genuen, hasiera-hasieratik suabe eta leun entzuten delako.

Soinua soilik ez, lekuz mugituta dagoela ere bada berezitasuna. Eta, horregatik, bere momentua duenez, lekua duenez, pertzepzioa desberdina da. Soinua goxoa bada, Mattinen hankari eta Iñigo Irazoki teknikariari esker da.

Gauzak mugituta… erabat. Diskoaren estiloa disonantea dela esango bagenu, asmatuko genuke?

Norbaitek esan dit, aurretik ere, disonantzia maite dutenentzat disko ederra dela. Nik, ordea, ez dut horrela ikusten, baina betiko akordeetatik aldentzeko modu bat izan da. Nik uste dut hor ere badagoela nolabait zerbait berria egiteko nahi hori.

Dena dela, kantu guztiek dute argitasun une bat, edo, argi badoa, zatiren bat deskolokatuko zaituena. Erritmo aldetik konpas mota asko daude, ezta?

Bereziki matematiketan oso txarra naiz, ez nuke jakingo esaten buruz zein erritmotan dauden. Berez ateratzen dira, barrutik.

Kantu laburragoak dira batzuk, baina badira oso luzeak ere. Hautu kontziente bat da, ezta?

Eta kasik ohitura bat ere bai. Disko honetan beste modu batean konposatzen saiatu naiz, orain arte abesti guztiak konposatu izan ditudalako egingo nuen azken abestia balitz bezala, garrantzia ematen xehetasun denei. Oraingoan ez dut horrela egin, eta nahi gabe abesti luzeak atera dira. Gero, entzuterakoan, niri motzak egiten zaizkit.

«Hau da» kantuan esaldi bat asko gustatu zait: «Urrundu gaitezen egonean mugitzen».

Urrundu gaitezen gauden tokitik, barrua mugitu dadila. Ez hemendik harat joatea, baizik eta barruan duguna mugitzea, aurreiritziak xehatzea, hori da kontatzen dudana.

Kantu luzeak aipatu ditugu, «Utzi» da horren adibidea. Arnasa ematen dio diskoari. Kantuak sortzen zoazen heinean, bazabiltza ordena pentsatzen edo bukaeran hartzen duzu erabakia?

Puzzlea bukaeran egiten da. Eta arriskutsua da, intro bat ez delako akaso nahi duzun tokian geratzen, edo aldaketak egin behar direlako. Baina bukaeran dator diskoko kantuen ordena ezartzea.

Abesti horretan hizkuntza propio bat sortzen da kasik.

Hitzei dagokienez oraintxe ez nuke jakingo zein den gordetzen duen istorioa, baina bai ibilbide bat egin duen pertsona bati buruz dela eta nolabait arnasa hartzen duen pertsona bat irudikatzen dela.

«Zubia» kantuan bada soinu berezi bat, gitarraren soken metal hotsa entzuten da. Nola lortzen da efektu hori?

Kordari dantzatzen uzten, ziarekin zerbait eginda. Dantzagarriagoa egin nahi genuen kantu hori, eta zerbait lortu dugula uste dut, tarteko beste soinuei beren tokia ematea baitzen nahia. Klase tekniko bat ematen ari naizela dirudi, eta hagitz gitarra-jotzaile txartzat dut nire burua.

Diskoan erabili duzun afinazioa ohikoa da?

Ez, eta hori izan da disko honetako gakoa nire ustez. Soka bat hartu eta mugitzen ibili naiz zer nolako soinuak ateratzen dituen entzuteko. Bide bat hartzen duzu eta gero ikusten duzu gogoko duzun ala ez, edota funtzionatzen duen ala ez. Egindako bideetatik ihesi ibili naiz, eta gakoetako bat izan da gitarra hartu eta desafinatzea.

Abestean zer moduz?

Hor izan dut buruhausterik handiena. Nire proiektua egin nahi izan dudan momentuan beti izan da oztopo moduko bat nire ahotsa, nik hagitz gaizki abesten dudala uste dudalako eta ahotsa ez dudala kontrolatzen sentitzen nuelako.

Hortaz, nire ahotsa onartzearen kontua hesi bat kentzea bezalakoa izan da, eta kostatu da. Nire ahotsa entzutean higuingarria zela sentitzen nuen, eta gainerakoa ez nuen entzuten, belarria hor zentratzen zen. Lotsa kendu behar izan nuen. Iñigo Irazokirekin bakarka jardun dut, konfiantza osoz, grabatzen. Banekien hark esango zidala, erridikulua egiten arituko banintz. Kronologikoki grabatuta daude ahotsak, diskoaren ordenan.

Eta orain konforme al zaude?

‘‘Jostailuak’’ abestira iritsi nintzenean -azken aurrekoa da-, ados nengoen. Baina ez nuen dena berriz hasieratik grabatzeko asmorik. Pedalak eta halakoak erabiltzen ditut, eta horrek ere erosoago egotea ekartzen dit. Hagitz errealizatua sentitu naiz.

Esan dugu diskoa fisikoki eskuratu daitekeela. Zuzenekoak iritsi arte, non eros daiteke?

Berako Kataku ostatuan. Baina asteburuetan bakarrik irekitzen dute. Batzuetan diskoak gainean eramaten ditut, suertatuz gero eta oroitzen bazarete, eskatu diskoa lasai.

Zuzenean aurkeztu ostean, zer nolako sentsazioa izan duzue?

Beste superazio bat izan da, kontzertuetan eta ez dudalako ahots nagusia nire gain hartu orain arte inoiz. Hagitz zaila zen eta beldur nintzen kontzertu sobera lotzeko, bereziki beldur eszenikoaren ondorioz gaizki pasatzen banuen ere. Egia erran, sorpresa handia izan da, gustura aritu gara, gustura abestu dut eta jendea gustura ikusi dugu. Hirukotearen presioa gainditu dugu eta oso gustura geratu gara.

Urtarrilaren 6an izan zen lehenengoa. Beste datarik?

Berako Kataku ostatuan izan ginen aurrekoan, eta Gasteizko Jimmy Jazzen otsailaren 17an izango gara, berriz ere Willis Drummondekin. Baina espero dezagun etorriko direla.

Zailena eginda, zure burua onartuta, feedback gehiago ere nahiko duzue.

Kontzertuak eman ahala ikasten joaten gara. Eta kontzertu asko egitea da horretarako onena.