GARA
DONOSTIA
PIRAGUISMOA

Ander Elosegik erretiroa hartu du, 17 urtez goi mailan aritu ostean

Ander Elosegi, Rioko Olinpiar Jokoetan.
Ander Elosegi, Rioko Olinpiar Jokoetan. (Olivier MORIN | AFP)

Kirol ibilbide oparoari agur esango dio Ander Elosegi palista irundarrak (1987, Irun). Hala iragarri du Basque Team Fundazioak ohar baten bitartez. Bihar, osteguna, emango du agurreko prentsaurrekoa Donostiako Aquariumen.

Goi mailan 17 urtez lehiatu da gipuzkoarra piraguismoan, ur bizietako C1 kategorian, erreferentziazkoa bilakatzeraino, ibilbide osoa Irungo Santiagotarrak klubean eginda. Bere izena onenen pare egon da urtez urte. 2007an egin zuen debuta Munduko txapelketa batean (Brasilen, Foz de Iguazun), eta hurrengo urtean, 2008an, Olinpiar Jokoetan, Pekinen.

Gizonezkoetan lau Olinpiar Jokoetan lehiatu den euskal kirolari bakarra da, laurak jarraian (Pekin, Londres, Rio eta Tokio). Gainera, horietan guztietan finalerako sailkatu da C1 kategorian. Nahiz eta domina olinpikorik lortu ez duen, oso hurbil egon zen Pekingo eta Londresko Olinpiar Jokoetan (laugarren). Txinan, gainera, zilarra eskuratzeko moduko denbora egin zuen, baina ibilbidean eginiko hutsegite batengatik jasotako zigorrarengatik podiumetik kanpo geratu zen. Azken bi Olinpiar Jokoetan ere, Rion zein Tokion, diploma olinpikoarekin itzuli da etxera (zortzigarren bukatuta).

Europako eta Munduko txapelketetan ere onenen artean jardun izan du Irungo palistak. Esate baterako, banaka, Munduko txapeldunordea izan zen 2019an, baita taldeka ere. Hamar urte lehenago, 2009an, Munduko txapelketan bere lehendabiziko podiuma egin zuen irundarrak, brontzezko domina eskuratuta, taldeka C1 kategorian.

Europa mailan, 2016an brontzea irabazi zuen banaka eta iaz domina errepikatu zuen taldekako proban.

Orain, 17 urtez goi mailan lehiatzen ibili ostean, erretiroa hartzea erabaki du.