GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
LAURA SAN JUAN
Atleta

«Asebeteta nago dominarekin: 8,38ko denbora egitea ondo dago»

Brontzezko domina eskuratu du Laura San Juanek (2001, Gasteiz) Pista Estaliko 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, 60 metroko hesidun proban. «Hirugarren postuan geratzeak ilusio handia egin dit, eta aldi berean harritu nau nire lehen domina delako». Asteburu honetan jokatuko du Espainiako Txapelketa absolutua, eta espero du «finalerako sailkatzea».

(Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Loria dastatu berri du Laura San Juanek, bere lehen domina eskuratuta Pista Estaliko 23 urtez azpiko Espainiako Atletismo Txapelketan, -otsailaren 4tik 5era jokatu zen Antequeran-. 8.38ko denbora egin du 60 metroko hesidun proban, bere marka onena 8.31 izan arren. Asteburuan Espainiako Txapelketa absolutuan lehiatuko da, eta espero du «finalerako sailkatzea».

Ondoren, pista estalitik aire zabalera pasatuko da, 60 metroko hesidunetik 100 metrokora. «Ea beste dominaren bat lortzerik dudan», adierazi du Barrutia klubeko atletak. San Juanek Aita Gasteizkoa du eta ama Hungariakoa, eta ekainean jokatuko den Europako Txapelketari begira, Hungariako selekzioarekin lehiatu nahi du, «hautaketa irizpideengatik», batez ere. Gasteizkoa GARArekin mintzatu da hauen inguruan, besteak beste: etorkizunean non ikusten duen bere burua, atletismotik bizitzeko ametsaz, Teresa Errandoneaz, eta kirolean xehetasun txikienek duten garrantziaz.

Hasteko, zorionak brontzezko dominagatik. Espero zenuen ala ezustekoa izan da?

Txapelketan izena eman zutenen artean marka hoberena zuen hirugarrena nintzen, eta imajina nezakeen hori gerta zitekeela, baina azkenean halako proba batean edozer gerta daiteke, eta garrantzitsuena lasterketa izaten da. Urduri nengoen banekielako domina eskuratu ahal nuen bezala, ez eskuratzeko aukerak ere bazeudela. Hirugarren postuan geratzeak ilusio handia egin zidan, eta, aldi berean, harritu egin ninduen nire lehen domina izan zelako.

8.38 segundoan egin zenuen, baina zure markarik onena 8.31 da. Hori lortu izan bazenu, bigarrenari aurrea hartu izango zenioke, 8.36 egin baitzuen. Pena horrekin geratu al zara?

Pentsatu nuen nire markarik onenaren mailan korrika egin izan banu bigarren geratuko nintzela, eta niretzako 8.31 marka oso ona da, iaz izan nuenarekin alderatuta. Baina asebeteta nago lortu dudan dominarekin: 8.38 segundoan egitea ere oso ondo dago, eta ez naiz gogoz geratu.

Halako probetan xehetasun txikienek garrantzi handia dute. Nola hobetzen dira?

Nire ustez, hesien proban nahiko erraza da hobetzea, distantzia oso laburra izan arren. Izan ere, edozein akats teknikorik baduzu, 60 metroetan bost hesi daude eta, horrenbestez, bost aldiz egiten baduzu huts hori eta konpontzea lortzen baduzu, milarenak irabazten dituzu hesi bakoitzean. Eta uste dut hobetzea askoz ere errazagoa dela 60 metroko hesidunean 60 metrokoan baino, ez dagoelako hainbesteko marjinarik.

Berriki Euskadiko errekorra hautsi zenuen proba berean, Teresa Errandonearen marka gaindituta. Irungoaren mailako atleta baten errekorra hausteak badu esanahia. Nola ikusten duzu?

Horren inguruan pentsatu eta esan nion neure buruari: ‘Kontxo! Marka bat egin dut, orain olinpikoa den neska batena baino hobea. Garai batean ni baino marka okerragoa egin zuena’. Egia esan, ilusioa egiten dit. Halere, orain uste dut lehen baino maila altuagoan dagoela; hortaz, bera Olinpiar Jokoetara joan izanak ez du esan nahi ni etorkizunean joango naizenik, baina ilusioa egingo lidake.

Errandonea da zuretzat erreferente?

Erreferente argi bat ez daukat, baina ondo dago Teresa Errandonea bezalako neska bat egotea Euskal Herrian. Nire adina zuenean antzeko markak egin zituen, eta batzuetan Donostian lehiatzen ikusten dut. Atleta oso ona izateaz gain, pertsona moduan ere gertukoa eta umila da.

Asteburuan Pista Estaliko Espainiako Txapelketan parte hartuko duzu. Zein helbururekin joango zara?

Espero dut finalerako sailkatzea, baina absolutua denez, zailagoa izango da. Hala ere, finalean sartzen saiatuko naiz, eta bertan egonda, ahalik eta postu hoberena lortzen.

Gero, aire zabalera pasatuko zara. 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa da lehen norgehiagoka. Zein probatan ariko zara?

100 metroko hesidunean. Hesirik gabeko probak ere egiten ditut, baina txapelketa garrantzitsuenetan hesietan aritzen naiz. Helburua izango da iazko marka hobetzea, 13.90 segundo baino gutxiago egitea, alegia. Ikusita pista estalian hiru milaren hobetu ditudala 60 metrokoan, espero dut 100 metrokoan pixka bat gehiago hobetzea. Ea beste dominaren bat lortzerik dudan.

Bestalde, 23 urtez azpiko Europako Txapelketan ere izango naiz. Nazionalitate bikoitza dudanez, Hungariako selekzioarekin joango nintzateke, nire ama Hungariakoa delako, eta haiekin lehiatzeko eskubidea ere badudalako. Nazionalitatea badaukat, eta orain falta zaidan gauza bakarra da atletaren lizentzia.

Zergatik hautatu duzu Hungaria?

Iaztik pentsatzen aritu nintzen, eta Espainiako Federazioaren hautaketa irizpideak zailagoak iruditzen zaizkit, uste baitut ez dutela aukera askorik ematen. Hungariakoekin hitz egin nuenean, ez dituzte irizpide berak jarraitzen, eta haiekin joateko arrazoietako bat hori da. Beste bat da Hungaria herrialde txikiagoa dela, eta estatistikoki jende gutxiago bizi dela. Hala izanda ere, Hungarian atleta onak ere egongo dira, baina agian ez Espainian adina. Arrazoi horiez gain, Hungariarekin korrika egiteak ilusioa egiten dit, hara soilik udaran joaten naizelako familiarekin, eta han ez dudalako ez lagunik, ezta loturarik ere.

Europakoan zein xede izango dituzu?

Hori ez dut pentsatu, niretzat helburua delako, lehenik, hara joatea, oraindik lizentzia lortu behar dudalako; eta hori eginda, suposatzen dut xedea izango dela azkenaldian egiten ari naizen marken pare korrika egitea, nahiz eta oraindik aire librean ez dakidan zein denboren tartean ibiliko naizen. Niretzat ere ziurgabetasuna da nagusi: ezagutzen ez dudan jendearekin joango nintzateke, beste hizkuntza bat hitz egiten dute, nik ere hungariera hitz egiten dut, baina ez perfektuki... Orduan helburu nagusia izango da gustura egotea eta ondo pasatzea. Izan ere, nire lehen nazioarteko lasterketa izango litzateke.

Pista estaliko 60 metroko hesiduna ala aire zabaleko 100 metrokoa hautatzekotan, zein aukeratuko zenuke?

Aire zabalekoa. Esan ohi dute aire zabalekoa dela benetako atletismoa, Olinpiar Jokoak aire zabalean egiten direlako. Horrez gain, hobeto moldatzen naiz 100 metrokoan oso ondo eusten diedalako bost hesiei. Diotenez, 200 metrokoa 100 metroko hesidunaren parekoa da; orokorrean azken 10-20 metroetan jendeari kosta egiten zaio, eta hesiekin gauza bera gertatzen da. Niri azken metroak ez zaizkit hain luze egiten, eta normalean 60 metroko hesidunean irabazten ez diedanei 100 metrokoan irabazten diet.

Hurrengo hilabetean 22 urte egingo dituzu, eta, beraz, datorren urtean gorengo mailan lehiatu beharko duzu. Nola ikusten duzu zeure burua?

Estutasun pixka bat ematen dit orain arte sasoiko xede nagusia izan delako nire kategoriako txapelketetan egiten nuena, eta, absoluturako marka lortzen nuenez, gorengo mailako atletekin aritzea opari bat zen. Hurrengo urtean pentsatzea soilik absolutuan arituko naizela, eta horri begira jarriko ditugula sasoiko helburuak... Bada, beldur pixka bat ematen du. Halere, hau izan denez nire urte onena, hobetzen jarraitzen badut ez dut arazorik izango; ea absolutuan zerbait lortu ahal dudan.

Zuk esanda, duzun gauza onena genetika da eta txarrena teknika. Hobetu daitekeen zerbait da behintzat, ezta?

Onena da oso azkarra naizela, eta orain arte nire arazoa izan da korri egiten dudan abiaduran ere saltatu behar ditudala hesiak. Nik korrika asko egiten nuen, baina gero abiadura hori ez nuen behar bezala mantentzen hesia saltatzeko garaian. Hobetu behar ditudan alor teknikoen artean daude, besteak beste, hesia saltatzerakoan lehen hanka hobeto pasatzea, eta besoekin keinuak hobetzea, enborra hainbeste biratu ez dadin. Alderdi tekniko horiek hobetzen baditut, ehunen batzuk jaitsiko ditut.

Gorka Zuazo da zure entrenatzailea. Ondo moldatzen zara harekin?

14-15 urte nituela hasi nintzen harekin. Oso desberdinak gara, baina uste dut elkarrekin entrenatzen aritu garenez, ondo konpontzen garela, eta elkar ulertzen jakin dugula. Oso ondo egin du bere lana, badaudelako entrenatzaileak huts bat ikusten dutenean, beti berdin zuzentzen dizutenak. Eta uste dut Gorkak jakin duela atletaren arabera akatsa modu batera edo bestera zuzentzen.

8 urterekin hasi zinen atletismoan. Txikitatik gustatzen zitzaizun?

Bai, zenbait kiroletan aritu nintzen; adibidez, futbolean. Baloiarekin ez nintzen moldatzen, egiten nuen gauza bakarra zen alde batetik bestera ahalik eta azkarren korri egin. Azkenean atletismoa egitea erabaki nuen ikusten nuelako ondo moldatzen nintzela, eta zerbaitean trebea zarenean, gehiago gustatzen zaizu. Disfrutatu egiten nuen, eta txapelketak irabazten nituenean, pozgarria zen.

Anaia ere atletismoan aritzen da. Familiatik dator afizioa?

Ama txikitan atletismoan aritzen zen, baina 14-15 urterekin utzi zuen. Azkenean, kirola nola doan ulertzen duenez, gustatzen zitzaion, eta uste dut horrek zerikusia izan zuela gure erabakian. Ondoren, guk lehiaketetan parte hartzen genuenean, ikustera etortzen zen, eta gure aurkariekiko interes handia zuen. Nire aitak, ordea, saskibaloian jokatu zuenez, ez du kirola hainbeste ulertzen.

Etorkizunera begira, non ikusten duzu zeure burura?

Hobetzen jarraitzea gustatuko litzaidake, eta gero, Hungariako selekzioarekin Europako txapelketaren batean aritu nahiko nuke. Horrez gain, gustatuko litzaidake nazioarteko txapelketa absoluturen batean lehiatzea.

Ametsik ba al duzu?

Uste dut lehen esan dudana izango litzatekeela ametsa. Ez da batere burugabea, baina duela bost urte ere ez nuen pentsatuko dominarik aterako nuenik. Pentsatzen dut ametsa honetatik bizitzea litzatekeela, baina errealista izanda oso zaila da.

Zergatik?

Atletismoa ez da gizonezkoen futbola bezalakoa, hirugarren mailakoa izanik ere soldata bat duzula. Atletismotik bizi den pertsona bat da Ana Peleteiro, Olinpiar Jokoetan hirugarren postuan geratu dena, eta horretarako lan asko egin behar da.