EDITORIALA

Bankuen jarduna legez arautu beharra dago

Oskar Matute EH Bilduko diputatuak bankuen jardunbide egokien kodeari buruz egindako galderari Nadia Calviño Ekonomia Gaietarako ministroak erantzun zion, esanez ez zuela baztertzen kode horretan jasotako neurriak zabaltzea, betiere bankuekin adostuta. Erantzun horrekin ministroak inplizituki aitortu zuen kodea ez dela funtzionatzen ari, eta eguneroko praktikak hala erakusten du; izan ere, etxegabetzeak ez dira gelditu eta ia ezinezkoa bihurtu da tasa aldakorreko kreditu bat tasa finkora aldatzea.

Bankuen jardunbide egokien kodean deigarria da dena. Lehenik eta behin, bankuekin adostu ziren arazoak zituzten zordunak arintzeko neurriak. Ba al da bizitza publikoko arloren bat non legea arazoen eragileekin ados jarriz ebazten den? Non gelditzen da Gobernuak zaindu behar duen interes publikoa eta guztion ongia? Bigarrenik, bankuak askatasunez atxikitzea aurreikusten du kodeak. Ekonomiaren zein sektoretan uzten zaie enpresei arauak borondatez betetzen? Langileen estatutua, adibidez, borondatez betetzeko legea al da? Orduan, zergatik ez dira derrigorrezkoak zordunak defendatzeko neurriak? Hirugarrenik, Gobernuak bankuekin adosten ditu neurriak, bankuak borondatez atxikitzen dira eta, gero, iseka egiten diete. Esate baterako, Kutxabankek, ia banku guztiek bezala, kodea sinatu zuen, baina hori ez zen oztopoa izan kobratzeko zailak ziren kredituak funts putre bati saltzeko. Funts putreek ez dute kode hori bete behar, eta orain horietako batek Kutxabankeko kreditu baten bermatzailea zen Altzako familia bat etxegabetu nahi du. Noiz arte jarraituko dute bankuek jendeari adarra jotzen? Noiz arte Espainiako Gobernuak itxura egiten?

Bankuek legeen mende egon behar dute, gainerako pertsona eta jarduera ekonomiko guztiek bezala; ez dute jardunbide egokien koderik behar, bete beharreko legeak baizik, beste edozein aktibitate ekonomikok bezala. Eta Gobernuak bankuen gehiegikerien eraginpean daudenekin adostu behar ditu nahitaez bete beharreko arauak. Beste guztia itxurakeria egitea da eta jendeari barre egitea da.