Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
[ ANDER ELOSEGI ]

Ur bizietako itsasargiak norabide berri batean argiztatuko du, piragua iparrorratz duela

(Iñigo URIZ | FOKU)

Piragua bere «gorputzeko zati» izan duenari piraguatik jaisteko erabakia hartzea, ezbairik gabe, «zaila» gertatuko zaio. Halaxe izan da Ander Elosegirentzat, baina «erabakia sendoa» da eta duela hilabete batzuk hartutakoa, 2022ko Ausburg-eko Munduko Txapelketatik bueltan, hain zuzen ere. «Gorputzak baino, buruak esaten dizu», eta berari buruak esaten zion unea iritsi dela.

«Bakean eta aseta» doa, baina bere merituei baino «zorteari» egiten dio erreferentzia. Bidelagun onak egokitu zaizkiolako, osasun aldetik zailtasunik eduki ez duelako... Baina zortea lagun izateko, lan ere egin egin du. «Lan egiten ez duenak ibilbide motza izaten du», esan du.

Eta berea, hain justu, ez da motza izan. 17 urtez aritu da goi-mailan lehiatzen, bi hamarkada pasatxo piragua barnean... «Momentu on eta txarrak» izan ditu, dominak eta porrotak, baina txapelketa bat edo beste baino, «taldekideekin bizitako une eta anekdotak» ditu bereziki gogoan, «une horietan txorakeriak ziren» horiekin oroitzen da orain, hotzean. Kontziente da lortu duenaz? Olinpiar Jokoetan lau aldiz lehiatu izana, lau diploma olinpiko erdietsi izana, «estatistika kurioso bat da, ez diot garrantzirik ematen».

Eredu uretan eta uretatik at

«Aintzat hartu nautela sentitzen dut, kariño hori sumatzen dut». Nola ez ba sumatu. Donostiako Aquariumean eginiko prentsaurreko omenaldi xumea ez zuten galdu nahi izan bere gertukoenek, taldekide izan direnek eta senitartekoek. «Bidelagun» izan da Maialen Chourrautentzat, GARAri adierazi zionez.

«Uretan eta uretatik at eredu izan da. Taldeko lider modukoa, taldea batzen zuen pertsona. Goxotasuna helarazi dit eta pena pixka bat ematen dit hemendik aurrera alboan ez izateak», azaldu zuen palista lasartearrak.

«Erakutsitako hurbiltasun eta umiltasuna» nabarmendu zuen Telmo Olazabal palistak; Klara Olazabalentzat «ohorea izan da» bere alboan ikastea; «eredu da» Miren Lazkanorentzat, «erakutsitako guztiarengatik»; Olatz Arregik eta Aritz Furundarenak «disfrutatu» egin dute bere alboan...

Itsasargi izan da ur bizietan eta orain argi hori apaldu egingo da. «Ez dakit zer datorren orain, baina ez dut alde egingo. Hilabete hauetan nahiko ausente egon naiz, egia esan, baina hor egongo naiz. Ez dakit zertan lagundu dezakedan, baina tira», onartu zuen irundarrak.

Txorakeria egia bihurtzea

«Amak kontatu izan dit, behin, txikitan, izebari esan niola Olinpiar Jokoetara joan nahi nuela. Momentuko txorakeria hori egia bihurtu zen». Eta piraguak erretiratu baino, berak erretiratu du piragua.

«Tokioko Olinpiar Jokoetan prestaketa gogorra egin zitzaidan, gainera urtebete atzeratu zen pandemiagatik. Tokiora gogor lehiatzera joan ginen baina 2022an, berriro entrenamenduetara itzultzean, kosta egiten zitzaidan. Hor ikusten duzu momentua gerturatzen ari dela. Are gehiago, gazteak ilusioz ikusten dituzunean, topera... Ohartzen zara zuretzat etapa hori bukatu egin dela».

Santiagotarrak klubean «denbora-pasa» gisa hasi zena jardun profesional bilakatu, «espero gabeko ibilbidea» marraztu, eta orain itsasargiak norabidea aldatuko du, baina bere argiaren goxotasunak eredu izaten jarraituko du.