GARA
ATHLETIC

Valverde, «fucking legend» are handiagoa, kontratua 2024ra arte berritu ostean

Lagun ingeles batek esan zizkion hitzok 2017an, eta hala da: kontratu berritze honekin, zortzi denboraldi egingo ditu Athleticekin.

Valverde, Athleticeko kamiseta historiko batekin. Bera ere historia egiten ari da klubean.
Valverde, Athleticeko kamiseta historiko batekin. Bera ere historia egiten ari da klubean. (ATHLETIC)

Duela sei urte, 2017an alegia, Athleticen partida gehien zuzendutako entrenatzailea bihurtu zen Ernesto Valverde. Egun, 332 daramatza. Umorez beteriko anekdota bat kontatu zuen orduan: «Lagun ingeles batek esaten duen moduan, ‘Athleticeko fucking legend bat izango zara’». Broman esan zuen esaldia, baina egia bihurtu da, talde zuri-gorriarekin duen kontratua 2024ra arte berritu ostean. Hala, hitzarmena betetzen badu, zortzigarren denboraldia beteko luke “Txingurri”-k, hiru etapatan banatuta.

Bideo motz baten bidez eman zuen jakitera albistea Athleticek, eta luzapen hori denboraldi on bat egin izanagatiko saritzat jo daiteke. Bi helburu nagusi ditu klubak une honetan: Ligaren bidez Europarako sailkatzea eta Kopako finala jokatzea, lehenik Osasunari irabazten badio.

Datuek Valverderen lana indartzen dute. Athleticekin bete dituen sei denboraldietan (2003-2005 eta 2013-2017), taldea beti bederatzigarren postutik gora utzi du sailkapenean. Tartean beste talde batzuekin ere garaikurrak lortu ditu: Olympiacos greziarrarekin hiru Liga irabazi zituen eta Barçarekin, beste bi. Espanyol, Vila-real eta Valentzia ere entrenatu ditu “Txingurri”-k.

VALVERDE, «HARRO»

Kontratuaren berritzea iragarri ostean, Valverde «harro» sentitu zen klubak bera hautatzeagatik beste urtebetez Athletic zuzentzeko. «Oso gustura lan egiten dut taldearekin eta hobetzeko aukerak ditugula ikusten dut. Gure zaleak zoriontsu izaten jarraitzeko lanean jarraituko dut», azpimarratu zuen entrenatzaileak.

«Valverde Athletic zuzentzeko entrenatzailerik onena da», adierazi zuen Jon Uriarte presidenteak. «Pauso honek egonkortasun handia ematen digu eta hurrengo denboraldia aurrerapenarekin presta dezakegu. Kirol proiektuaren oinarrietako bat ziurtatzen dugu», adierazi zuen Athleticeko arduradun nagusia.