Asier AIESTARAN
PILOTA

Irribarriak eta Rezustak play-offa ziurtatu dute Laso eta Eskiroz mendean hartuta

Bi bikoteak sei punturekin berdinduta daude azken jardunaldiaren faltan, baina elkarren arteko berdinketa Aspekoen aldekoa da.

Irribarriak traba egin zion jokaldi honetan Lasori.
Irribarriak traba egin zion jokaldi honetan Lasori. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak garaipen baliotsua eskuratu zuten atzo Labriten seigarren puntuarekin aurkari izan zituzten Laso eta Eskiroz sailkapenean harrapatuz eta play-offerako txartela ziurtatuz. Eta hori bakarrik ez, finalerdietan sartzeko bi aukera ematen dituzten hirugarren eta laugarren postuetarako borroka pil-pilean ipini dute.

Programazioak bi aldaketa zituen: bikote gorrian Iosu Eskirozek jokatu zuen eskuin eskua minduta jarraitzen duen Ander Imazen ordez; bikote urdinean Iker Irribarria sartu zen arazo berarekin dabilen Peio Etxeberriaren lekuan. Bi ordezkoek lan bikaina egin zuten eta neurketa ederra atera zen zaleen gozamenerako.

Hori bai, jokoaren ekimena urdinena izan zen hasieratik amaierara. Beñat Rezusta aurreko asteetan baino freskoago aritu zen, pilota ederki atzeratuz eta piloteoa dominatuz, eta Iker Irribarriak ere oso zuzen jokatu zuen, erremateak ongi aukeratuz eta aurrean Unai Lasorekin gehiegi nahastu gabe.

Hain zuzen ere, aramarraren bi erremate ikusgarrirekin 0-3 aurretik ekin zioten demari Aspekoek. Baina lau pilotariek erritmo bizian jokatu zuten lehen tantotik eta neurketa parekatua joan zen lehen zatian. Eskirozek atzean zituen mugak ikusita, Unai Lasok bere gain hartu zuen bikote gorriaren zama eta ongi eutsi zion erronkari, nahiz eta oso behartuta jokatu.

Lehen tantootan eginiko gehiegizko esfortzua garesti ordaindu zuten Baikokoek lehiaren erdialdera. Nekearen eraginez, Lasok aukerako pilota batzuk galdu zituen tantoa ongi bideratuta zuenean, eta markagailuan tarte handi samarrak zabaldu zituzten urdinek: 8-15ean handiena.

Baina arnasa hartu eta burua apur bat argitu zuenean, berriz ere bete-betean sartu zen partidan Unai Laso. Eta nafarrak martxa hartzen duenean zaila da hura gelditzea. Sake-errematearen bidez tanto azkarrak bilatuz, Buruz Buruko txapelduna gai izan zen norgehiagoka 17-18ra ekartzeko. Meritu handia, gorrien azken 9 tantoak Lasok berak eginak izan baitziren. 8-11kotik aurrera urdinek ez zuten pilota bakar bat ere galdu.

Baina miraria ez zen gauzatu. 17-19koa Iker Irribarriak egin zuen atzera jotako pilotakada indartsu batekin eta behin sakea berreskuratuta, eta Rezustaren gustuko pilota kantxaratuta, azken hiru tantoak ere azkar egin zituzten urdinek. Horietako bat atzelari bergararrak egin zuen zabaletik pilota bikain bihurrituz.