Asier AIESTARAN
PILOTA

Ikuskizuna Larrazabalek eman du baina puntua gorrientzat izan da

Amurrioko gazteak sekulako jokoa erakutsi zuen tanto asko eginez, baina azken txanpan Elordik eta Zabaletak ez zuten barkatu.

Larrazabalek dantzan ipini zituen aurkariak behin baino gehiagotan.
Larrazabalek dantzan ipini zituen aurkariak behin baino gehiagotan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Elordik eta Zabaletak hamabigarren garaipena pilatu zuten atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Larrazabal eta Albisuri 22-16 irabazita. Ligaxkako liderrak oso faborito irten ziren apustuetan, baina aurkariek asko estutu zituzten eta 14-16 aurretik ere izan ziren. Azken txanpan, 8-0eko partzial batek ezustekoa eragotzi zuen markagailuan.

Emaitzan ez, baina jokoan gauza harrigarriak ikusteko aukera izan zen. Batez ere Iker Larrazabal gaztearen lana. Amurriokoak 20 urte besterik ez ditu, atzokoa bere bigarren neurketa zen Binakako nagusian Urrutikoetxearen ordezko gisara, eta une batzuetan izar handien pare aritu zen, jokoaren erritmoa berak markatuz eta tanto ikusgarriak amaituz.

Hain zuzen ere, arabarrak txokoan bihurrituta egindako tanto batekin hasi zen norgehiagoka. Baina lehen zatian kosta egin zitzaien urdinei partidari neurria hartzea. Larrazabalek berak bi pilota galdu zituen -3-2koan "piedre" tonto samarra eginda- eta Albisuk ere eraman beharreko hiruzpalau pilota oparitu zizkien aurkariei. Meritu handirik egin gabe gorriak 9-5 aurretik ziren.

Baina Larrazabal jokoan sartzen hastearekin batera gauzak asko aldatu ziren. Pilotari abiadura handia emanez, dantzan ipini zituen aurkariak behin eta berriz, eta tanto ikusgarriak sinatu zituen urdinen 0-5eko partzialean. Denetan txalotuena 9-8koa, aurrean pilota zaila harrapatu eta zabalean dejada ederra eginez.

Larrazabalek berak egin zituen 9-9 eta 9-10ekoa, markagailuan aurretik ipiniz, eta 13-15ekoa ere, zabaletik horma-biko bikaina bota eta tantoa atzean amaituz, ikusgarria izan zen. Urdinen bolada ona 14-16kora arte luzatu zen, eta isilik zeuden artekariak ere kantuan jarri zituzten, gorrien garaipena arriskuan ikusten zelako.

Baina azken txanpan Aitor Elordi agertu zen. Aurrelari mallabitarra oso gutxi sartu zen jokoan partidaren lehen zatian, ia ez zuen tantorik egin, baina une erabakigarrian asko asmatu zuen. Berak eman zion hasiera gorrien amaierako 8-0ko partzialari txokoan bikain utzitako pilota batekin, eta bereak izan ziren neurketako azken hiru tantoak ere, sake-errematea baliatuz.

Azkenean zenbaki oso txukunekin amaitu zuen Elordik -jokoan 6 tanto, sakez 4 eta galdutakorik ez-, eta beste garaipen bat zakura bikote liderrarentzat.