GARA Euskal Herriko egunkaria
GOI-MAILAKO LEHIA UTZITA, ERRONKA BERRIEN BILA
Entrevista
ANDER ELOSEGI ALKAIN
Piraguista

«Pentsatzen dut nahi gabe beti izan naizela erreferentzia bat»

Ander Elosegi (Irun, 1987) piraguista izango da beti, nahiz eta goi-mailako lehiak utzi dituen. Bizitza erdi eman du elitean. Munduko Txapelketan zilarrezko domina, Europako Txapelketan brontzea, lau domina olinpiko... Iruditzen zaio, oro har, zorteduna izan dela eta izan duen konstantziak ematen diola neurria bere ibilbideari.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Kirol ibilbide profesionala utzi eta etapa berri bat hasiko du Ander Elosegik. Ausburg-eko Munduko Txapelketaren ostean, goi-mailako piraguismotik erretiroa hartzeko hautua egin zuen, azken urteko sentsazioei jaramon eginda. «Une egokian hartu dut erabakia», dio tinko irundarrak. Jada hotzean, kirolari moduan izandako bilakaera, piraguaren inguruan bizitako momentuak, garaipenak, porrotak -«porrotak asko izan direlako»-, Olinpiar Jokoak... oroitu ditu naturaltasun osoz, umiltasunez.

Santiagotarrak Arraun Elkartearen egoitzaren parean egin du hizketaldia GARArekin eta onartu du ilusio handiz begiratzen diola etapa berri honi. Lan bila dabil, lasaitasunez: «Sentsazioa berria da, orain beste erronkatxo batzuk edukiko ditut. Bizitzak aurrera jarraitzen du eta etapa berri bat hasi da niretzat eta, egia esan, ilusio handiarekin nago».

Entrenamenduetara joatea gero eta gehiago kostatzen zitzaizun. Erabakigarria izan da hori?

Bai. Azken urtea izan da alde horretatik gogorrena. Konturatzen nintzen kostatzen zitzaidala gero eta gehiago entrenamenduetara joatea. Eta hor konturatzen zara unea iristen ari dela. Horregatik esaten dut izan dela prozesu bat, ez dela izan une konkretu bategatik. Munduko Txapelketaren ostean esan nuen uzteko garaia iritsi zela.

Ausburgeko Munduko Txapelketan finalerako ez sailkatzeak nolabaiteko eragina izan zuen?

Egia da emaitzak ez zuela lagundu, noski, baina, hala ere, ez zen inola ere horregatik izan. Urte osoko gauza izan zen; nahiz eta emaitza on bat lortu, nik uste dut erabakia jada hartua zegoela. Nik uste dut aurretik, barruan, erabakia hartu gabe ere, banekiela jada azken urtea izango zela.

Oro har, zure ibilbidea nola baloratuko zenuke?

Oso kontent nago egin dudan ibilbidearekin. Esan beharra dago porrot asko izan ditudala. Nola neurtzen da kirol ibilbidea? Zaila da. Pentsatzen dut egon banaiz 17 urtez goi-mailako txapelketetan, ba, horrek ematen dizula neurria. Porrotak garaipenak baino askoz gehiago izan dira baina, azkenean, horrek denak egiten du ibilbide bat oparoa izatea. Egon da konstantzia bat, eta porroten bailara horretan garaipentxoak ere egon dira. Horregatik guztiagatik, ateratzen da ibilbide luze bat eta oso kontent nago.

Nostalgikoa zara?

Bai, batzuetan bai. Nire bizitzako zati handi bat izan da piraguismoa. Zerbait gogoratzen dudan bakoitzean piraguaren inguruko anekdotak daude tartean, piraguaren inguruan bizitako momentuak. Nire bizitza erdia egon naiz honetan; orduan normala da gogoratzen ditudan gauza askok lotura izatea piraguarekin.

2019ko Munduko Txapelketan, La Seu d’Urgellen, lortutako zilarra ibilbideko garrantzitsuena izan da?

Bai, palmaresa ikusita, hori izan da puntu gorena. Munduko Txapelketetan ere gertu ibili naiz, finaletan hainbatetan sartu naiz, baina ez nuen inoiz lortu finaleko jaitsiera hori nire mailan edo nik nahi bezala egin ahal izatea. 2019an hala gertatu zen; lortu nuen nire maila horretan egotea eta eskuratu nuen domina hori. Nahiz eta beste momentu asko ere garrantzitsuak izan, segur aski hori izan da lorpenik handiena.

Zeintzuk dira beste momentu garrantzitsu horiek?

Olinpiar Jokoetan lehiatzea; bi momentutan egon naiz dominetatik gertu, laugarren amaituta. Europako Txapelketan ere badut domina pare bat...

Hala ere, 2008ko Olinpiar Jokoetan nahiko haserre ikusi zintugun.

Bai, ondo gogoratzen dut. Banekien jaitsiera oso ona nuela, baina momentuan ez nuen espero domina lortzeko postuetan egotea. Banekien ongi nengoela eta denbora onak egiten ari nintzela baina, egia esan, hara joan nintzen ongi egiteko gogoarekin eta helburu handirik gabe. Behin finalean egonda eta finaleko jaitsiera oso ona egiten ari nintzela, azken edo azken-aurreko atea gogoratzen dut nola jo nuen... eta sekulako amorrua eman zidan, azken akats horrek zikindu zuelako jaitsiera oso on bat. Detaile txiki batengatik ate bat jo nuen, bi segundoko zigorra zeukan eta, azkenean, laugarren geratu nintzen. Akats hori gabe, hirugarren, brontzezko domina. Nire atzetik jaisten ziren beste lehiakide batzuk, eta nik ez nekien zenbatgarren geratuko nintzen, baina une horretan amorru hori atera zen.

Piragua zure gorputzeko zati garrantzitsua izan da. Nola urrunduko duzu orain zugandik?

Hori esan dut noizbait, batez ere uretan izan delako zati garrantzitsu bat. Uretatik kanpo ere, noski, izan da bizitzako parte handi bat, egunerokotasunean hori zelako nire bizitza. Orain, hori gabe, arraroa da. Lehen beti baneukan nolabaiteko planifikazio bat urte osorako, helburu jakin batzuk... Orain, sentsazioa berria da, beste erronkatxo batzuk edukiko ditut. Bizitzak aurrera jarraitzen du eta etapa berri bat hasi da niretzat, eta, egia esan, ilusio handiarekin nago.

Gorputzak baino buruak esan dizu erretiratzeko. Alde horretatik, orain piragua hartzen duzunean disfrutatzeko aukera ere izango duzu.

Goi-mailan aritu garenok edo helburu batekin entrenatu garenok askotan praktikatu dugu disfrutatze hori apur bat albo batera utzita, badakigulako-edo une askotan beharrezkoa dela egitea. Askotan egiten duzu beharrezkoa delako, baina ez duzu asko disfrutatzen. Gure kasuan, piraguismoak daukan gauza onenetako bat da gehienetan piraguan ibiltze soila oso polita dela. Orain, helburu jakinik gabe piraguan ibiltzea ere oso atsegina da, asko disfrutatzen da. Asko sumatzen da forman egon gabe gauza asko egitea kostatzen zaizula gehiago (barrez). Hala ere, batez ere ur bizietan ibiltzea oso polita da eta nik jende guztiari gomendatzen diot gutxienez behin-edo probatzea.

Prentsaurrekoan naturaltasun handiz aipatu zenuen lau Olinpiar Jokotan lehiatu izana beste estatistika soil bat zela, anekdotikoa.

Bai, ulertzen dut jendea harritzea. Baina niretzat izan da gauza naturala, horrela eman dena. 20 urte nituela lortu nuen lehendabizikoz sailkapena eta, hor bai, izan zen ezusteko moduko bat. 19 urterekin ez dugu gehiegi pentsatzen horretan, baina adin horretan hobetzen duzu oso azkar, eta ni iritsi nintzen maila horretara gazte nintzela. Baina behin iritsita, nire helburua zen Londreserako sailkatzea; gainera, ikusten nuen nik baneukala hori lortzeko maila, eta orduan ez nion garrantzi berezirik ematen. Riorako beste hainbeste, eta Tokiorako, bada berdin. Ni nengoen nire helburu horiekin buru-belarri, urtez urte, eta bide horretan izan dira lau Olinpiar Joko, baina nire buruan ez zegoen kopururik; nire buruan izan da urtez urteko helburu horiek betetzen joatea, besterik gabe. Egia da, estatistikoki, ni omen naiz lehendabiziko gizonezko euskalduna lau Olinpiar Jokotan lehiatu dena. Unean ez nion garrantzirik ematen eta orain, esaten dudan bezala, estatistika bat da, anekdota bat, Trivialerako galdera moduko bat (barrez).

Taldekide onez inguratuta egon zarela nabarmentzen zenuen; horientzako erreferente izan zara. Alde horretatik, sentitzen duzu zerbait eman diozula piraguismoari?

Pentsatzen dut baietz. Hor agertu ziren Miren Lazkano, Klara Olazabal, Olatz Arregi, Telmo Olazabal... Piraguista hauek ni baino askoz gazteagoak dira eta pentsatzen dut gaztetxoentzako Olinpiar Jokoetan lehiatzen den pertsona bat beti dela erreferentzia bat. Pentsatzen dut nahi gabe beti izan naizela hasi berri diren horientzako erreferentzia bat.

Hasiberri eta ez hain hasiberrientzat. Maialen Chourrautek ere onartu zuen GARAn bidelagun paregabea izan zarela.

Bai, noski. Biok egin ditugu lau Olinpiar Joko elkarrekin. Ni izan naiz askotan bere eredu eta bera ere izan da nirea. Kirol honek daukana da, eta proba guztietan ikusten da, jende guztiak begiratzen diola jende guztiari; nola egiten dituen maniobrak, nola entrenatzen den... Modu horretan, ni izan naiz jende askoren eredu eta nik izan ditut eredu asko, eta horietako bat Maialen izan da, egon delako nirekin taldean hasi nintzen lehendabiziko egunetik.

Nola ikusten dituzu belaunaldi berriak?

Ondo, oso ondo. Nik uste dut maila badagoela. Pariserako nor sailkatuko den eta nor ez ikusteko gogo handia daukat. Hor betikoa, egongo dira dramak eta egongo dira pozak. Baina uste dut borroka polita izango dela, eta ez bakarrik Pariserako, baizik eta aurrera begira ere bai.

Eta zer behar dute gazte hauek? Kanala?

Bai, kanalaren historia betikoa da. Kanala beharrezkoa dela? Bai, lagunduko du asko, hori garbi. Harrobia hazten, eta harrobia ez dena. Kirola zabaltzen bada, ezagunagoa izango da, jende gehiago animatuko da, eskuragarriagoa... Baina hemen dago beste gauza bat, kanala egiteak ez du esan nahi txapeldun olinpikoak edukiko ditugunik lau urtean behin. Baina bai lagunduko du hazten eta notizia ona izango litzateke.

Eta zure kasuan, orain zer? Basque Team Fundazioak aipatu zuen baduela programa bat erretiroa hartu osteko prozesuan laguntzeko.

Bai. Horretan nago, ea bizitzak zer dakarren horri begira. Egia esan, Basque Teamekoei esker handiak eman behar dizkiet, beti egon direlako hor laguntzen. Eta baita orain ere, ibilbidea bukatu eta gero ere hor daude, eta, egia esan, oso eskertuta.