A. G.
SURNE BILBAO BASKET

Jeff Withey 6-8 astez jokoz kanpo izango da

Witheyk ez du euskal derbia jokatuko.
Witheyk ez du euskal derbia jokatuko. (Aritz LOIOLA | FOKU)

FIBAren «leihoetan» lau jokalari ditu uneotan Surne Bilbao Basketek, baina beltzezko gizonetako baten lesioaren berri ez da atzerritik iritsi, etxetik bertatik baino. Hurrengo sei-zortzi asteetan jokoz kanpo izango da Jeff Withey pibot estatubatuarra, ezkerreko oinean min hartu duelako. Hala adierazi zuen atzo Bilbao Basketek berak prentsa ohar baten bidez.

Jaume Ponsarnauren aginduetara entrenatzen ari zela orkatila bihurritu du Texasko jokalariak eta min hartu du. Talde bilbotarreko mediku zerbitzuek emandako diagnostikoaren arabera, kontua ez da badaezpadakoa. Hasteko, «bihurritu moderatua» omen du Witheyk bere ezker orkatilaren kanpoko alboko lotailuaren mailan. Horrez gain, «bosgarren metatartsianoaren oinarria ere hautsi» omen du.

Ondorioz, «tratamendu kontserbadorea» ezarriko omen zaio jokalariari; hots, ez du ebakuntza-gelatik pasatu beharko. Ondorioz, sei-zortzi asteko tarte horretan kantxetatik at geratu beharko da 32 urteko eta 2,13 metroko jokalari estatubatuarra.

UNERIK OKERRENEAN

Sekula ere ez dago lesio bat pairatzeko une onik, baina Witheyren lesioa unerik okerrenean dator. Martxoan ACB Ligako lau neurketa jokatu dituzte beltzezko gizonek; hiru, etxetik kanpo: Kanaria Handia (martxoaren 5ean) eta Real Madrilen aurka (12an), batetik, eta 26ko euskal derbia Saski Baskoniaren aurka, bestetik. Etxean, berriz, hilaren 19an Basket Gironaren aurka.

FIBAren Txapeldunen Ligako Top 16ko bigarren itzulia ere martxoan jokatuko du talde bizkaitarrak. Hilaren 7an Lenovo Tenerife Kopako egungo txapeldunordea etorriko da Bilbao Arenara. Martxoaren 14an Istanbul aldera, Darussakafaren kantxara, joango da Bilbao Basket, eta hilaren 21ean, berriz, UCAM Murtzia etorriko da Miribillara bisitan.