GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Valverde: «Ez gaude Ligan despistatzeko moduan»

Kopako finalerdien atarian, zuri-gorriek Girona hartuko dute gaur bazkalorduan eta, joaneko partida eskasa gogoan, entrenatzaileak zentzumen guztiak partida honetan jartzeko eskatu du.

Aurreko jardunaldian atseden hartu eta gero, Unai Simon hasierako hamaikakora itzuliko da. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Zale zuri-gorri askoren amets eta ilusio gehienak Osasunaren aurkako Kopako finalerdietan badaude ere, Athleticek beste partida garrantzitsu bat jokatuko du gaur bazkalorduan (14.00) Gironaren aurka etxean. Inor despita ez dadin, Ernesto Valverdek argi utzi nahi izan zuen berak gaurko partidari ematen dion garrantzia. «Ligan ez gaude despistatzeko moduan. Ez naiz Osasunaren aurkako partidan pentsatzen ari, baizik eta Gironaren aurkakoan», azaldu zuen gasteiztarrak.

Gainera, jokalariak xaxatzeko edo, lehen itzulian Montilivin jokatutako partida gogorarazi zuen: «Oso-oso-oso gaizki jokatu genuen. Memorian iltzatuta daukat partida hura -2-1 galdu zuen Athleticek-, eta ez zen bakarrik euren meritua izan; guk ere gauzak oso erraz ipini genizkien». Valverdek azaldu zuenez, Girona «talde handi bat da, Michel entrenatzailea estimu handian daukat eta Oriol Romeuren fitxaketak asko eman die; sendotasun ikaragarria eman die».

Aurkarien inguruan nabarmendu zuen «arriskuak hartzen dituen talde bat» dela, «baina arrisku horiek zentzuz hartzen ditu. Baloiaren jabetza izatea bilatzen du, baina aurrera bizkor irteteari muzin egin gabe; hegalekoek asko egiten dute gora eta erasora jokalari askorekin joaten dira», azaldu zuen.

ETXEAN OTSO

Aurkariaren dohainak asko diren arren, entrenatzaile zuri-gorriak argi dauka Athleticek etxean jokatzen duela oso argi utzi behar duela lehen unetik. Urrutiegi joan gabe, Gironak bi aldiz jokatu du San Mamesen, golik sartu eta punturik batu gabe.

«Beti izan gara oso talde sendoa San Mamesen eta horrek izan behar du gure abiapuntua. Aurkariak gure beldur izatea, kakotxen artean, ona da guretzat, baina lehen minututik guk sortu behar diogu errespetu hori. Garrantzitsua da etxean sendoa den talde bat izatea», azaldu zuen, Europako lehian sartuta egoteko Bilboko partidek izango duten pisua nabarmenduz.

ONENA ETA OKERRENA

Athletic bera bezala, gorabehera handiak izaten ari da Girona. Esaterako, azken bi jardunaldietan, denboraldiko partidarik okerrenetako bati -2-0 galdu zuen Cadizen- onenarekin erantzun zion joan den astean, Almeriari 6-2 gailenduta; talde lanean oinarritutako garaipen bat, zeinetan sei jokalarik lortu zuten aurkariari golen bat egitea.

Partida honetarako Gironako entrenatzaileak Miguel Gutierrez, ezker hegaleko titularra, berreskuratuko du partida bateko zigorra bete ostean, baina baliteke postu horretan Javi Hernandezek errepikatzea, joan den astean egindako lan onaren sari gisa. Juanpe Ramirezek ere defentsaren erdialdean errepika lezake Santi Buenoren aldamenean, David Lopez eta Bernardo Espinosa aulkitxoan lagaz.

Ivan Martinek ere leku bat izan lezake hasierako hamaikakoan, Almeriaren aurka gol bat sartu eta asistentzia bat eman ostean, Riquelme, Castellanos eta Tsygankovekin aurrealdea osatuz. Azken horrek azken jardunaldian jokatu zuen lehen aldiz titular gisa eta bere lehen gola eta lehen asistentzia batu zituen.

Deialdiari dagokionez, behin osatuta, Valery Fernandez itzuliko da taldera, baina min hartutakoen zerrenda handi samarra da Gironan. Lehendik baja ziren Yangel Herrera, Yan Couto eta Ibrahima Keberi Toni Villa eta Alexander Callens batu zaizkie azken astean.

Arriskuez ohartuta daude, beraz, zuri-gorriak eta argi izan behar dute ez dagoela Kopako Osasunaren aurkako partida ilusionagarria prestatzeko modu hoberik, Ligan Gironari partida bat erraz irabaztea baino.

Unai Simon atera itzuliko da

Entrenatzaile askok eurentzat nahi luketen “arazo” bat dauka Ernesto Valverdek, berme osoko bi atezain handi izanda taldean. Batzuetan, hala ere, ez da erraza izaten minutuak banatzea bietako batek lehiakortasuna galdu gabe, baina, zorionez, zuri-gorrien entrenatzailea ondo ari da kudeatzen liskar iturri izan zitekeen gertaera hau. Gauzak horrela, aurreko jardunaldian, Koparako sasoian egon ahal izateko asmoarekin, Atletico Madrilen aurka Julen Agirrezabalak jokatu bazuen, Ernesto Valverdek atzo iragarri zuenez, Gironaren aurka Unai Simon itzuliko da hasierako hamaikakora.

«Simon eta beste hamar», horixe esan genezake, beraz, gasteiztarrak gaur eguerdian zelairatuko duen taldearen inguruan, deialdia ez baitzuen jakinarazi; zenbait zalantza dituenez, partida hasi baino ordu batzuk lehenago ez du zerrenda osatuko. Azken astean lesioetan hobekuntzak izan dituzten arren, ez dirudi entrenatzaile zuri-gorriak Ander Herrera eta Iñigo Martinez deituko dituenik.

Azken orduko zalantza horiekin gertatzen denaren zain, ziurra da Ander Capak eta txartelengatik zigortuta dagoen Dani Vivianek ez dutela jokatzerik izango eta Aitor Paredes gazteak ordezkatuko duela azken hori. Orain arte geratutakoarekin, posible da Valverdek Iker Muniain eta Oihan Sancet batera jartzea zelai erdian, erasoaren ardura euren bizkar utzita.GARA