Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Grandes Jorasses-etako urrezko belaunaldiaren beste ekarpen bat

Hilaren 9tik 13ra, Clovis Paulin, Symon Welfringer eta Charles Dubouloz gazte frantziarrek “Directissime” bidearen lehen errepikapena eta neguko lehen igoera sinatu zuten. Nahiz eta muturreko hotza izan, luze guztiak librean eskalatu zituzten.

Jean-Marc Boivin, Eric Scoffier, Patrick Berahult, Christophe Profit, Pierre Beghin, Patrick Gabarrou, Catherine Destivelle… Izen handiak dira; alegia, historia egin duten alpinista frantziarrak. Duela hamarkada batzuk goi-mailako jarduera alpinoak egin zituzten, besteak beste, Grandes Jorasses-etan. Egun, berriz, gazte talde indartsu eta ameslari batek lekukoa hartu du. Eta gazte horiei onartu behar zaie, beste ikuspuntu batekin, baina alpinismoaren oinarria ahantzi gabe, ekarpenaren bidean jarri direla. Benjamin Vedrines, Symon Welfringer, Charles Dubouloz, Leo Billon, Clovis Paulin… dira estandarte hori altxatzen ari direnak.

Hain zuzen ere, Paulin (26 urte), Welfringer (29 urte) eta Dubouloz-ek (33 urte) Grandes Jorasses-etako iparraldeko murruko Walker tontorrean amaitzen den “Directissime” bidea (ABO inf, 1.200 m) neguan eta librean eskalatu dute. Gainera, lehen errepikapena izan da. Hormatzar laiotz horretan bost egun (lau bibak) behar izan zituzten 1986. urteko udaran Patrick Gabarrou eta Herve Bouvardek zabaldutako marra biribiltzeko. Hilaren 9an lanak hasi zituzten; bukatu, berriz, 13an.

Protagonista horiek aukera ederra aprobetxatu zuten, Alpeetan ezarri zen antizikloi sendoa, “Directissime”-n sartzeko. Hala eta guztiz ere, taldeak, lan eskerga egiteaz gain, muturreko hotzari (gehienez, -30º) aurre egin behar izan zion. Welfringer-ek azaldu du asko sufritu zutela: «Geure planetak eguzkirik ez zuela zirudien. Horrekin ahantzi egin ginen. Muturreko zailtasunak (7a/A2) gainditzeko prest geunden, baina tenperaturak ez zigun batere lagundu. Luze horiek katu-oinekin eta eskularrurik gabe igo genituen. Eskuak “biluzik” zeudenez, une batzuetan eskalada eten, eskularruak jarri hatzak berotzeko eta ondoren jarraitzen genuen. Konbinazio hori egitea ezinbestekoa zen arrakasta lortu ahal izateko. Bibakak ere oso gogorrak izan ziren. Lo egiteko aukerarik ez genuen izan; soilik atseden hartzen genuen. Ez ziren batere agerikoak, eta denak erlaitz txikietan antolatu genituen. Hitz gutxitan esanda, onartu behar dut oraindik ere ez ditugula oinak lurrean jarri. Bost egun horma horretan igaro ditugu, eta uste dut hirurok ala hirurok oraindik han jarraitzen dugula. Pozarren gara, bai, baina nahastuta gaude».

Duboulozek ere bost eguneko muturreko esperientzia horren inguruan hitz egin nahi izan du: «Makina bat emozio bizi izan ditugu. Une batzuk sutsuak izan ziren, beste batzuetan zoritxarrari aurre egin genion, tentsioa ere handia izan zen… Zorionez, lasaitasun egoera batzuekin ere gozatu genuen. Horrek guztiak hiruron arteko batasuna indartu zuen, eta egoera horiek soilik han goian bizitzen dira. Jarduera bukatu ondoren, Gabarrou eta Bouvard-rekin egoteko aukera izan genuen. 36 urte geroago berriro elkartu ziren. Den-denok elkarrekin geunden, eta oso zirraragarria izan zen. Gainera, Clovisek lehen aldia izan du Jorasses-etan. Mutil oso indartsua da, eta nik, bederen, haren gaitasunaren inguruan ez nuen zalantzarik. Kidetasunak indar handia hartu zuen».

Erabat ezberdin

“Directissime” neguan eta era askean igotzeko helburua Duboulozena izan zen. Onartu du denbora luzea zeramala bide horri begira; besteak beste, zabaldu zenetik igo gabe zegoelako eta, marra horren izenak adierazten duen bezala, oso-oso zuzena delako.

Hiru laguneko soka talde bat antolatu izanari buruz, protagonista horrek adierazi du konbinazio batzuen sekuentzia izan zela: «Banekien zailtasun tekniko horiek neguan era librean gainditzea oso-oso zaila zela. Clovis, adibidez, beti Gabarrouren ondoan izan da. Hain zuzen ere, bere zaintzailea izan denez, jarduera honekin bat egitea aholkatu zion. Iazko udaberrian bide hori Clovis-ekin egitea otu zitzaigun, baina leiho onik ez genuen izan. Symonekin, berriz, Jorasses-etan marra zail bat neguan egitea pentsatua nuen. Eta orduan, “Directissime” heldu zen. Clovis eta Symon xede honetan “sartu” nituen. Oso harreman ona dugu, eta hartara une zailetan egoerak askoz ere samurragoak egiten dira. Zoriontsuak izan gara!».

Arestian aipatu dugu Gabarrou eta Bouvard-ek Jorasses-etako zirrikitu hori udan zabaldu zutela. Uztaila zen, eta haiek ere bost eguneko aktibitatea egin zuten. Jakina, neguan, den-dena arras aldatzen da. -15ºko tenperaturak egunez, artesi batzuk elurrez estalita… Egoera horrekin, era askean eta eskularrurik gabe luze teknikoak igotzea zaila da oso irudikatzen. Konfigurazioa erabat ezberdina da. Gauak eta egunak ere ezin dira parekatu. Eta horrek guztiak hirukoteak egin zuen eskalada askoz ere nekezago bihurtu zuen.

Dubouloz-ek berak hotza mintzagai izan du: «Muturrekoa izan zen. Baina min eta ondoeza maila bat onartu behar da. Zoritxarrari aurre egitea eskalatzaileon zein alpiniston hautu bat besterik ez da. Inork ez gaitu behartu jarduera hori egitera. Gu erabat motibatuta geunden, eta bide horrek erabat erakartzen gintuen. Hortaz, hotzez edo dardarka bazaude, badakizu gau horretan ez duzula lorik hartuko. Eta badakizu, baita ere, eskularrurik gabe arrokan eskalatzen ari zaren bitartean, eskuak txikituko dituzula. Joko horixe du neguak. Onartu behar dut marra horretan apaltasun handiz joan nintzela».

“Directissime”-k dituen zailtasun teknikoei dagokienez, alpinista gazte horri galdetu zaio iaz sei egunetan, neguan eta bakarka igotako “Rolling Stones” bidearekin alderatu ote zitekeen. Duboulozek onartu du zaila dela biak konparatzea: «Iaz igo nuen marrak luze oso zailak ditu, baina nire uste apalean, “Directissime” iraunkorragoa da. Indar handia eskatzen duten luze batzuk ditu. Zazpigarren mailako luze bat, 4.000 metroko garaieran, -15ºko tenperaturarekin, katu-oinekin eta eskularrurik gabe igotzea ez da txantxetakoa! “Rollling Stones” ezberdina izan zen; izan ere, bakarrik joan nintzen. Horrek askoz ere zorrotzagoa eta pertsonalagoa egiten du esku artean duzun helburua. Zu zeu bakarrik zaude. Azken horretan, ordea, kide handi batzuekin abentura ederra bizitzeko aukera izan dut. Haiekin hitz egin dezakezu, eta horrek egoera aldatzen du».

Protagonisten iritziak jaso ditugu, baina Gabarrou ez da atzean geratu eta hirukote horrek eginiko lanaren inguruan hitz bi egin nahi izan ditu: «Clovis, Simon eta Charles-en lana oso gertutik jarraitu dut. Bide hori neguan eta librean igotzea beste urrats bat da. Baina, batez ere, esperientzia sakon bat bizi izana da inportanteena. Hori bizi izan dute, eta niretzat alpinismoan ezinbestekoa da. Kidetasuna konpartitzea; ertz horrek azpimarra berezia behar du. Ez dut zalantzarik: “Directissime”-n egin dutena handia da oso! Clovis ondo ezagutzen dut, eta erronka hori egitera animatu nuen. Jorasses-etako murruan sartu baino egun batzuk lehenago ezbeharra izan zuen Sixt-Fer-a-Chevalen izotz marra bat eskalatzen ari zen bitartean. Izotz puska batek sorbaldan jo zuen. Hala eta guztiz ere, mendi-gidari gazte hori abentura horretan sartu zen».

1986. urteko “Directissime”-ren lehen errepikapena, neguko lehen igoera eta, gainera, era askean. 1.200 metroko marra, hormatzar laiotz batean. Zailtasun handia: ABO inf. Muturreko hotza: gehienez, -30º. Gabarrou eta Bouvard-en lekuko hartu eta alpinismoaren historian (ez da lehen aldia) sartu dira, beraz, Paulin, Welfringer eta Dubouloz.