GARA Euskal Herriko egunkaria
‘‘20.000 ESPECIES DE ABEJAS’’ BERLINALEN
Entrevista
LARA IZAGIRRE
Zinemagilea eta ekoizlea

«Sofia sarituko zutela jakindakoan ulertu dugu historia egin dugula»

Euskal zinema puntako erakusleihora eramateaz gainera, besazpian Berlinaleko sari nagusietako bat duela itzuliko da etxera ‘‘20.000 especies de abejas’’ filmeko lantaldea. Atzo, aireportuan, etxerako bidean harrapatu genuen Lara Izagirre ekoizlea, pozarren: historia egiteaz gainera, bultzada berria jaso du filmak. Apirilaren 21ean iritsiko da zinema aretoetara.

(Tobias SCHWARZ | AFP)

Birritan egin du historia ‘‘20.000 especies de abejas’’ filmak. Estibaliz Urresola Solaguren laudioarra Berlinaleko sail ofizialean lehen filma estreinatzen duen lehen euskal zuzendaria da (baita estatu mailakoa ere) eta, gainera, filmeko protagonista, 9 urteko Sofia Otero basauriarra, Zilarrezko Hartza eskuratu duen antzezle gazteena da.

Nola esnatu zarete? Pozik, pentsatzen dut...

Oraindik sinetsi ezinik eta nekatuta, baina oso pozik. Orain aireportuan gaude Esti [Urresola] eta Gariza Films-eko lantalde osoa, eta Sofia energiaz betea ikusi dut. Atzo [larunbata] gaua luzatu egin zen eta amaierarako neka-neka eginda zegoen, baina gaur energiaz esnatu da, txoritxo bat bezala.

Atzo urduri egongo zen, agian oholtzara igo behar zuela eta.

Bai, noski. Nahiko lasai egon zen eta oholtzara igo zenean, 1.500 pertsonen aurrean, emozioa etorri zen. Oso polita izan zen bere eskertza.

Gurasoak, aitona-amonak... denak izan zituen gogoan.

Hori izan zen politena. Nik sentitzen dut filmean gauzak ondo egin ditugula; izan ere, eskertzan ere umea ume dela ikusi da, familia baita berarentzat garrantzitsuena.

Jaialditik ezer aurreratu zizueten?

Garbi ez. Esan ziguten polita izango zela Sofia larunbatean Berlinen egotea.

Sariketaren aurreko orduak tentsioaz biziko zenituzten, jakinda zerbait etor zitekeela.

Bai, bai. Sofia neba-arrebekin etorri zen, bidaiak hartu genituen gurasoentzat... Abentura itzela izan da eta gu oso pozik gaude, Berlinalen edozein sari ikaragarria delako. Bagenekien zerbait etorriko zela eta ulertu genuenean protagonistaren saria zela, halako ume gazte batek inoiz jaso ez zuena, ulertu genuen historia egin genuela berriro ere. Ia ez dakigu zer egiten ari garen ere (barreak)! Oso berezia izan da eta harrituta gaude, bagenekielako Sofiaren lana bikaina zela, baina [epaimahaiak] erabaki hori hartzeko... oso pozik gaude.

Kritika onak jaso dituzue Berlinalen eta filma publikoari ere gustatu zaiola dirudi. Espero zenuten halako harrera?

Inoiz ez da jakiten. Ez dut kritikarik irakurri, baina Berlinen ikusi dugu askok gustukoa izan dutela. Filmak jendearengana heltzeko egiten ditugu beti, eta kasu honetan lortu dugula dirudi.

Sofia Otero 1.000 haurren artean hautatu zenuten. Nolakoa izan zen prozesua?

Casting handi bat egin genuen eta prozesua luzea izan zen. Sofia hasieratik egon zen eta probak gainditzen joan zen. Oraintxe galdegin diot «baina zenbat proba egin zenituen?». «Bost, bost, Lara! Bost izan ziren!» erantzun dit. Probetako batean, Estik ikusi zuen bera zela Coco-ren pertsonaia egiteko aproposena, eta kito. Hortik aurrera entsegu asko, azkenean sari hau lantalde osoarena delako. Sofiak berak esaten zuen: ile-apaintzaileak, makillajea, produkzioa, jantzitegikoak... hemen jende asko ibili da. Olatz Beobide ere aipatu nahi nuke, bere coach-a izan baita, euskararekin lagundu diona. Lan izugarria egin da hona heltzeko.

Aipatu duzu Estibaliz Urresolak zerbait berezia ikusi ziola casting batean. Zerk esan zion topatu zuela bila zebilena?

Casting hura oso berezia izan zen Estirentzat. Bere deia jaso genuen, esanez bazeukala protagonista. Uste dut proba hartan eman zuela Estik behar zuen hori. Zer izan zen zehazki... berari galdetu beharko diozue (barreak).

Haurrekin lan egiten denean kontu berezia izan behar da beti; are gehiago delikatuak izan daitezkeen gaiak lantzen direnean. Emozio asko mugitzen da. Nola landu zenuten hori?

Zorionez, Naizen elkarteko kideak izan ditugu hor, Bea, Aitzol... guri laguntzen Estik ikerketa handia egin du, urteetako lana dago atzean, beraien esperientziak ezagutzen. Grabaketara heltzerako oso landua genuen gaia, batzarrak egin genituen lantaldearekin gaia nola jorratu azaltzeko. Ez genuen aparteko zailtasun bezala bizi izan, gainerako filmetan egiten dugun bezala jokatu genuen, eta oso pozik nago elkartekoei ere filma gustatu zaielako. Hori oso garrantzitsua zen guretzat.

Eta nolakoa izan da Sofiarekin lan egitea?

Hori ere Estiri galdetu beharko diozue [barreak], baina berak dio zoragarria izan dela. Oso ume azkarra da eta emaitza... begira non gauden! Oso grabaketa luzea izan zen eta ez zen erraza izan; hortaz, meritu handia du. Estik esandakoagatik, erraza eta polita izan da.

Filmak zer ibilbide izango du hemendik aurrera?

Hurrengo geraleku nagusia Malagako Zinemaldiko sekzio ofiziala dugu. Gero, apirilaren 21a apuntatu denok agendan: zinema aretoetan estreinatuko da eta hori oso-oso garrantzitsua da guretzat. Jaialdi gehiagotan ere izango gara.

Aurreikustekoa da, sariketa honekin, filmak bultzada berri bat jasoko duela?

Bai, noski. Berlinen egon garen bitartean beste albiste pozgarri bat jaso dugu: filma beste herrialde batzuetako banatzaileei saldu zaie eta horrek esan nahi du, espainiar Estatuaz gainera, beste hamar herrialdetan ere ikusiko dela, eta hori ederra eta garrantzitsua da, munduan zehar ikusiko delako.