GARA Euskal Herriko egunkaria

Courtney Dauwalter gizonezko korrikalarien pare dabil

Mitoa, ultra estralurtarra, erregina… Titulu horiek eskubide osoarekin irabazi ditu estatubatuarrak. Transgrancanariako 128 kilometroko proban gailentzeaz gain, sailkapen absolutuan zazpigarrena izan zen. Irabazleak 61 minutuko aldea besterik ez zion atera.


Jokatu berri den Transgrancaraniako proba entzutetsuenean, Courtney Dauwalterrek argi eta garbi utzi du emakumezkoetan erregina dela. 128 kilometroko eta 7.000 metroko goranzko desnibela zituen ibilbidean aise irabazi zuen. Baina lasterketa jokatu aurretik bazegoen argitu behar zen galdera bat: gai izango ote zen sailkapen absolutua irabazteko? Bada, gutxigatik bada ere, ohore hori lortzeko aukerarik ez zuen izan.

Zazpigarren postuan sailkatu zen. Gainera, irabazleak, Andreu Simon katalanak, 128 kilometroko ibilbide horretan 61 minutuko aldea besterik ez zion atera. Gizonezkoekin parez pare ibili dela argi dago.

Bestalde, Transgracanariako lasterketan marka ezarri du: 15 ordutik jaitsi den emakumezko bakarra da. Nesken artean proba hori goitik behera menderatzeaz gain, nolabaiteko gogoeta egin da lasterkari honen inguruan: sei gizon aurretik iritsi ziren helmuga puntura, baina protagonista honek erakutsi dituen sasoia eta sendotasun mentala ikaragarriak dira.

Beti goian

Azken bost urteotan, korritu dituen 21 lasterketetatik 19 irabazi ditu. Besteak beste, sona handiko hauek: HardRock100 (166 km), Ultra Trail Mont Blanc (170 km), Diagonal des Fous (160 km) eta MOAB 240 (383 km). Azken horretan 2 egun eta 9 ordu behar izan zituen, eta gizonezkoen irabazleari hamar orduko aldea atera zion. 2011n debuta egin zuenetik, parte hartu duen 81 lasterketetan, ia guztietan (75%), podiumean izan da, 51 garaipen erdietsiz.

Ez da lehen aldia gizonezkoen maila berean jardun duena. Eta ez da azkena izango. Hamasei alditan hobeagoa izan da. Dagoeneko Kilian Jornetekin parekatu dute. Bederen, azken urteotan ultradistantzian jarduten duten emakumeen jardunen inguruan egin diren ikerketa fidagarriek diote emakumezkoek gaitasun, erresistentzia eta errendimendu handiagoa dituztela.

‘The State of Ultra Running’ azterlanak honakoa gehitu du: «Distantzia luzeetan, batez ere maratoietan, neskak, erregularragoak izateaz gain, askoz ere zuhurragoak dira erritmoekin. Neurria ondo hartzen dute: lehen kilometroak astiroago korritu eta indarrak ondo gordetzen dituzte. Gizonezkoek, aldiz, indar handiagoa eta gihar sendoagoak dituzte; horregatik dabiltza nesken aurretik distantzia laburretan. Potentzia kontu bat baino ez da».

Honen guztiaren aurrean, Dauwalterrek berak aipatu du: «Distantzia luzeetan indarrak baino beste faktore batzuk inportanteagoak dira. 24 ordutik gora duen lasterketa batean indar fisikoak protagonismoa hartzen du, baina burua oso sendo behar duzu izan eta jakin behar duzu aurrean dituzun arazoak ondo kudeatzen eta konpontzen». Gogora dezagun, iazko Zegama-Aizkorri maratoian, 42 kilometroko distantzia hori «txiki» geratu zitzaiola. Hamargarren postuan amaitu zuen.