GARA Euskal Herriko egunkaria

Romero final-laurdenetara iritsi da eta Eguibar atzerago geratu da

Alvaro Romero, Bakurianiko Mundialean lehiatzen. (BASQUE TEAM)

Inork ez zuen espero martxoaren 3an jokatu behar zen final baten eguna aldatzea. Aurrerapenak arazoak ekarri zizkien talde, snowboardlari eta komunikabideei, baina Bakurianiko (Georgia) Freeski eta Snowboardeko Munduko Txapelketako antolatzaileek snowboardcrossari dagokion zati osoa ziurtatu nahi izan zuten eta atzo bertan dena jokatzea erabaki zuten.

Kontuak hala, Lucas Eguibar Basque Teameko kirolaria faboritoetako bat zen, 2021ean Idre Fäjllen (Suedia) lortutako titulua defendatzen baitzuen. Hala ere, final-hamaseirenetan azkarregi joan zen, jauzietako batean atera egin zen eta 33. postua amaitu zuen.

Hirugarren txandan Jacub Zerava txekiarrarekin eta Alvaro Romero Basque Teameko kidearekin lehiatu zen. Beste kirolari euskaldun honek, ordea, emaitza hobea lortu zuen, final-laurdenetaraino iritsiz eta 13. postua eskuratuz.

Romerok zur eta lur utzi zituen ikusleak snowboard oso sendo eta trebe batekin, batez ere Munduko zerrendako izarrei aurre egiteko orduan. Final-zortzirenetan bigarren txandan lehiatu zen Zeravarekin, Leon Beckhaus alemaniarrarekin eta Omar Visintin italiarrarekin. Final-laurdenetan, Visintinekin, Martin Noerl alemaniarrarekin eta Nick Baumgartner estatubatuarrarekin aritu zen nor baino nor.

«Ni pozik nago emaitzarekin. Final-zortzirenetan lasterketa ona egin dut. Bigarren jarri naiz bigarren bihurgunean, eta beheraino eustea lortu dut. Onenekin borrokan ibili naiz helmugaraino, snowboard ona erakutsi dut eta motibatuta nago. Beraz, oso pozik noa», adierazi zuen Alvaro Romerok, lehia amaitutakoan.