EDITORIALA

Eskumenak ez ditu kartzeletan heriotzak eten

Martuteneko espetxean preso bat hilik agertu zen atzo. Hildakoa prebentibo gisa zegoen 57 urteko gizonezko bat zen eta gaixotasun fisiko bat zuelako erizaintza-gelan bakarrik zegoen. Herenegun beste preso bat topatu zuten hilik Zaballako bere ziegan. Malek 22 urteko gaztea zen eta azken egunak isolamenduan eman zituen. Hortaz, 24 orduan EAEko presondegietan hilik agertu den bigarren presoa da, eta hirugarrena, Lakuako Gobernuak espetxeko eskumena bere gain hartu zuenetik. Atzera begiratuta, datuak are beldugarriagoak dira: 2019 eta 2020. urteetan hamaika preso hil ziren EAEko kartzeletan. Hortaz, lehenengo ondorioa argia da: kudeaketa Madrilen esku egon edo Gasteizen esku egon, espetxeak hiltzen jarraitzen du.

Egiaztapen hori espetxe-politika errotik aldatzeko abiapuntua izan beharko litzateke. Argi dago zigor-ereduak ez duela gehiago ematen, sufrimendu gehiago baino ez duela eragiten. Gainera, presoak zaintzera mugatzea ere ez da nahikoa heriotza horiek saihesteko. Bestalde, eredu horrek ez ditu lortu aldarrikatzen dituen helburuak, egungo espetxe-sistemarekin ia ez baita aurrera egiten ez berreziketan ez gizarteratzean. Premiazkoa da espetxe-politika iraultzea, eta, horretarako, beste esperientzia batzuei erreparatu behar zaie, hala nola biktimarioen eta biktimen adiskidetzea sustatzen dutenei. Arreta handiagoa jarri beharko da, halaber, preso dauden pertsonei eta preso ohiei laguntzeko jardueretan, gutxieneko laguntza eta babesa lortu eta, horrela, kartzelara eraman dituzten ekintzak ez errepikatzeko aukera izan dezaten.

Euskal gizarteak sakon ezagutzen ditu kartzelak dakarren sufrimendua eta hor aplikatzen diren eta hainbeste bizitza txikitu dituzten politika zigortzaileak. Hala, egungo ereduaren ordez justizia errestauratiboa ezartzeko nahikoa baldintza sozial daude. Heldutasun nahikoa dago askatasunaz gabetzen duten zigorrak lehenesten ez dituzten ereduak probatzeko, adiskidetze-prozesuak eta gizarte-politikak sustatzeko, presoak kalera ateratzeko. Espetxe-politika humanizatzea da espetxeko heriotzak amaitzeko bidea.