Andoni TOLOSA “MORAU”
Musikaria

Txikikeriak (V)

Txikikerietan txikikeriena da hau gu bezalako artista osoentzat. Oharkabeen arteko ezdeusena. Apalean, nabarmenkeriaren kontrako muturraren ertzaren erpinean kokatu beharrekoa. Aipatzeak berak ere lotsa ematen didanez, arin, eta hitz bakarrarekin, azalduko dut aste honetako gaia: sosak. Zeren eta esan, zer musikarik behar du halakorik? Dirua? Zertarako hori? Txanponak sortzaile eskasen patriketarako dira; alferrikako zama kulturgilearentzat: amarrua, amua, zepoa, artea (bestelakoa)... Aukeratu beharra dago: adierazkortasuna ala diru-papera; utikan kaskarkeria burgesaren moneta, altxa artearen eskasia-bandera loriatsua, moztutako belarri guztiak, antipsikotikoen errezetak. Horrela, pitzatu ahal izango dizu erosotasuna, hark barru-barrutik zu pitzatu baino lehen.

Gainera, bezatuko duzu gosea, piztia aseezina bilakatu baino lehen. Ez duzu merke-zurrean salduko zure izpiritu menderakaitza. Ez duzu jarriko alokairuan zure ideiarik. Agian, sobran dago aurreko guztia. Badakit-eta zuk ere badakizula barrikadaren zein aldetan zauden, eta, batez ere, beste aldean zer topatuko duen tentazio materialistei men egindako artista sinesberak. Eta, jakina, ohartua zaude, begiratzen duen edozein ohartuko litzatekeen moduan, kultura burgesak bizitzaren maizter normatiboak bihurtzen gaituela. Artista eskasek baino ez dute halakorik desio: soldata, ordutegia, osasuna. Lan baldintzak; hitz horiek ez dute lekurik, benetako musikari baten hiztegian.