GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Siamesen arteko lehiak irekiko du Buesa Arenarako itzulera

Howard ezin hobeak gainditu zuen Valentzia. (J. FONTANEDA | FOKU)

Ez da gaurko kontua Saski Baskonia eta Valentzia Basketen arteko neurketek txinpartak atera ohi dituztela. Adibidea garbia da: 2010etik 2022ra bitartean Euroligako hamar neurketa jokatu dituzte talde hauek biek elkarren kontra, eta balantzea 5-5ean dago. Beraz, gaur gaueko 20.30etik aurrera zernahi gerta litekeela esanez gero, ez da titular soila, egia hutsa baizik.

Siamesak balira bezala, Euroligako sailkapenean ere talde biek 13-12ko balantzea dute: Saski Baskonia zazpigarren eta Valentzia Basket bederatzigarren, ezpal bat balitz bezala Maccabi tartean dagoela.

Hori bai, garaipen kopuru berberera bide oso ezberdinetatik iritsi dira bata eta bestea. Jakina denez, etxea gotorleku bihurtu du Saski Baskoniak. Valentzia Basket, berriz, etxean Saski Baskonia baino askoz ahulagoa izaten ari da. Saski Baskoniaz gain, Villeurbanne, Real Madril, Zalgiris, Izar Gorria, Maccabi eta Olympiacos garaile atera dira Fontetatik. Aldiz, Anadolu Efes, Olympiacos, Partizan, Villeurbanne, Alba Berlin eta Panathinaikosen kantxetan garaile atera da.

Otsail hasieratik Buesa Arenara itzuli gabe zebilen Saski Baskonia eta hargatik, Peñarroyak hurbiltzeko gonbita egin zien zaleei atzo.

«Etxean, zaleen berotasunarekin, askoz errazago gainditzen ditugu estuasunak. Hala, espero dut gure zaleen laguntzarekin Valentzia Basketi irabazteko gai izango garela», esan zuen, urtarrilaren 8ko partida gogoan, Markus Howard ezin hobeari esker Baskoniak irabazi baitzuen.