Lau eguneko lan astea aztertuko du Lakuak Elkarrizketa Sozialerako Mahaian
Idoia Mendia Lakuako Lan sailburuak atzo iragarri zuenez, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak soldata beraren truke lau eguneko lan astea ezartzeko aukera aztertuko du datorren urtean.
Idoia Mendia lehendakariorde eta Enplegu eta Lan sailburuak iragarri zuenez, Lakuako Gobernuak lan-harremanetan «berrikuntza-talde» bat sortzea proposatuko du, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian hauek aztertzeko: lau laneguneko astea ezartzea (soldata beraren truke), langileek enpresen erabaki estrategikoetan parte hartzea eta telelana.
Gasteizko Legebiltzarreko kontrolerako osoko bilkuran egindako galdera bati erantzunez esan zuen hori. Foroaren hurrengo bileran lantaldea sortzeko aukera proposatuko duela esan zuen, eta horrek Estatuaren eskumenekoak diren gutxieneko soldataren igoerak eta lan-erreformak ekarri dituzten hobekuntzak eskumen propioetatik osa ditzaketen neurriak aztertuko dituela.
Zehazki, esan zuen lantalde bat proposatuko duela, proba praktikoa eta hiru eremutako azken ebaluazioa dituen ikerketa bat egiteko. Horrela, «lau eguneko lan astea entseatzea proposatuko du, soldata murriztu gabe eta orduak gehitu gabe, produktibitatean eta kontziliazioan izango dituen ondorioak aztertzeko».
Hortaz, azaldu zuenez, entsegu bat proposatuko du, parte hartu nahi duten enpresekin, soldatarik murriztu gabeko lau eguneko lan astearen abantailak eta desabantailak ebaluatzeko.
Lau eguneko lan asteari buruz Mendiak planteatutakoaren inguruan LABek hau erantzun zuen: «Propagandatik asko du. LABek lanaldi murrizketaren inguruko eztabaidari premiaz heldu behar diogula uste du, eta horretan ari gara aspalditik. Eremu desberdinetan proposamenak egin ditu, patronalari, instituzioei, Enplegu Sailari eta Idoia Mendia sailburuari, zuzenean. Ez batzuek, ez besteek orain arte ez dute eztabaida horri heltzeko borondaterik adierazi».