Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Aspaldiko partez, Araski etxean garaile

Maria Asurmendi onena azaldu zen atzo.
Maria Asurmendi onena azaldu zen atzo. (Raul BOGAJO | FOKU)

Abenduaren 27tik etxean irabazi gabe zegoen Kutxabank Araski eta harrezkero lau partida galduta zegoen talde gasteiztarra, atzo halakoren baten bolada txarra amaitu zuen arte. Denboraldiko hamabigarren garaipena eskuratu zuten arabarrek Ensinori 82-65 irabazita, eta behin-behineko sailkapenean seigarren kokatu dira. Datorren astean Salamancan eta Gernikan jokatu behar dutela kontuan hartuta, arnasa hartzeko balio izan zien garaipen honek.

Aspaldiko partez Maria Asurmendirik onena ikusi ahal izan zen. Aspaldion punteria galduta zebilen Iruñeko antolatzailea, baina atzo 14 puntu, 6 errebote eta beste 6 asistentzia lortu zituen, eta Kutxabank Araskik une oro behar zuen erritmorik egokiena ezartzen asmatu zuen.

Aurreneko laurdena izan ezik, 20na amaitu baitzen, beste guztietan gailendu ziren gasteiztarrak. Egia da Ensinok hirukoetan egun oso petrala izan zuela, 21 saiakeratik 3 besterik ez baitzituen sartu, 25etik 10 saskiratu zituen bitartean Mendizorrotzako taldeak. Horrez gain, erreboteetan nagusi izan ziren etxekoak.

Hala, Asurmendi, Burani eta Flor Chagasen hirukoek partida hautsi zutenean, besoak jaitsi zituen azkenean Lugoko taldeak.

GERNIKA ERE ZUZEN

Bestalde, 71-58 azken emaitzak dioena baino ondotxo zailagoa izan zen Lointek Gernika Bizkaiak Benbibreren aurka lortu zuen garaipena. Partida azken laurdenean zela, 53-51 hurbildu zen Bierzoko taldea, baina beste zenbait neurketatan falta izan zaien patxada eta errekurtsoak izan zituzten atzo Anna Montañanarenek, markagailuan nagusitasuna behin ere ez galtzeko.

Esaterako, Sofia Da Silvaren neurketa puska: 14 puntu eta 11 errebote. Andrijana Cvitkovic hegal-pibot kroaziarrak ere demaseko lana egin zuen, 13 puntu eta 6 errebote pilatuta.

Dena den, Laura Spreaficok eta Itziar Ariztimuñok erabaki zuten azken emaitza. Bilbotarrak 6 puntu, eta 6 hegaleko italiarrak, azken minutuetan saskiratu zituen bi hirukoei esker, gernikarren hamahirugarren garaipena lotu zuten.