EDITORIALA

Finantzen zama arintzeko arauak premiazkoak dira

Europako Banku Zentrala (EBZ) aplikatzen ari den interes tasen igoera maileguak garestitzen ari da. Bereziki kaltegarria gertatzen ari da Hego Euskal Herrian hipoteka aldakorra duten 200.000 familientzat, urtebetean ikusi baitute haien hileko kuota seiehun euroraino garestitu dela. Ezbairik gabe, familiako ekonomia horientzat kolpe latza izan da. Nahiz eta EBZren datuek erakusten duten tasen igoerak eragin txikia duela inflazioan, ez dirudi Christine Lagardek igoera geldiaraziko duenik, mailegu emaileen eta bankarien gozamenerako.

Arazo ekonomiko larri horren aurrean, laster arazo sozial larri bilakatuko dena, Espainiako Gobernuaren erantzuna izan da jardunbide egokien kode bat onartzea, bankuek borondatez jarrai diezaioten kode horri. Kodean bildutako neurriek ez dute ia eragin positiborik familiaren aurrekontuan; izan ere, maileguak itzultzeko epea luzatzeak biderkatu egiten ditu familiek ordaintzen dituzten interesak, bankuen pozerako; eta bankuek hain garestia bihurtu dute tasa aldakorretik finkora aldatzeko aukera, dagoeneko ez baita bideragarria. Neurri ez eraginkorrak izateaz gainera, deigarria da borondatezkoak izatea. Noiztik uko egiten dio gobernu batek jarduera ekonomiko jakin bat antolatzeko eta horrek eragiten dituen nahi gabeko ondorioak ezabatzeko legeak egiteari? Enpresen gutiziaren aurrean autoerregulazioak ezertarako balio ez duela erakusten duten adibide nahikorik ez al dago?

Banku publikoa pribatizatu eta aurrezki kutxekin amaitu zenetik, bankak kredituaren gainean zeukan monopolioa asko indartu zen. Gainera, erakunde ikuskatzaileen utzikeriak eta Espainiako Gobernuak botere ikaragarri hori murrizteko beldurrak bankuei beren baldintzak inposatzea ahalbidetu zien: orain arte gehiegizko komisioak izan dira bankuek aberasteko bidea, eta orain -tasak igotzen ari direnean- interesak dira. Bankuen botere handia izugarri garestia da langileentzat eta kontsumitzaileentzat oro har, eta bereziki hipotekatutako familientzat. Monopolio hori desegiteko eta bankuen botereari muga jartzeko garaia iritsi da. Eta hori nahitaez bete beharreko legeekin bakarrik lortzen da.