Alejandra LOIZAGA
Nabarniztarra eta Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuen kidea
GAURKOA

Gezur handiko armak

Otsailaren 28an Gernikako Astra espazioan Pablo Gonzalez gogoratu zuten bere atxiloketaren urteurrenean. Bildutakoek adierazi zuten Pavelen aurkako salaketak oso ahulak direla. Era berean, Polonian jasaten ari den bidegabekeria salatu eta berehala askatzeko eskatu zuten. Pavelen egoerak antz handia du ahaztutako beste ahots askorenarekin, hala nola migratzaileenarekin.

Astran bildu gara hirurogei bat lagun gaurkoan, egun hartatik urtebete pasatu den otsailaren 28 honetan. «Egun hartatik» diodanean zure kartzelatzeari buruz ari naiz, noski. Nabarniztar batzuk, gernikarrak beste asko, eskualdeko eragile eta elkarte askotako kideak. Oihana ere han zegoen. Zure Oihana, alde batetik, eta Oihana Cabello kazetaria, bestetik. Ramon Zallo doktorea ere bai. Ibon Meñika, aurkezle. Baina ez dut prentsarik ikusi. Beharbada bazegoen “Hitza”-ko lagunen bat eta despistatu naiz, izan liteke.

«Gezur handiko armak». Hala deskribatu du gertatzen ari dena gaurko solasaldian zure unibertsitateko kide batek. «Gertatzen ari dena diodanean» zure kartzelatzeari buruz ari naiz, noski. Baina baita geroko isiltasunaz ere, geroko ezerezaz.

Esaldi hori izan da libretatxoan hartu dudan lehenengo oharra. Baina gero geldiezina izan da jarioa: laranjadun gizonak NATO lur eremu guztia gerran dagoela esan du, eta ondorioz, Espainia, Frantzia, Euskal Herria bera ere, gerran gaudela. Gatazka garaietan propaganda aktibatu ohi dute boteretsuek. Zu atxilotu omen zaituzte beste kazetariak beldurtzeko, lezio antzeko bat emateko. Nicolas de Pedro aipatu du. Nor zen hori? Jordi Evolek elkarrizketatu zuela behin gogoratu dut. Espioitzari buruzko zerbait. Asier Blas Geopolitikako zuzendaria ere -zure kidea- hautuan izan du. Bera ere, zu bezala, errusiarren aldeko kazetarien zerrendan omen dago. Eta Freyfuss. Nor edo zer da Freyfuss? Buruak eztanda egiteko gutxi falta zaidala konturatu naiz.

Zure laguna interbentzio laburra egin nahi zuela esanez hasi da hizketan baina, ikusten duzunez, hamaikatxo titular eman dizkigu azkenerako.

Aretoko espontaneoak esan bezala, gezur handien poker gaua bizi dugu, batzuentzat pribilegioa eta axolagabekeria dakartzana, hegemonien sendotzea eta ordena bidegabeen betikotzea. Badakigu joko hori ahulenen eta beharrizan handiena dutenen miseriaz hornitzen dela. Errefuxiatuak, sorterritik ihes egiten dutenak, preso politikoak, egiaren eta ohorearen prezioa ezagutzen dutenak, ez daude festa horretan, baizik eta, halabeharrez, haren dendaostean kokatu ditugu. Dendaostea badela jakitun gara baina, mutur aurrean ikusi ezean, jarrai beza jolgorioak.

Miseriak, aldiz, etxekonea harrapatu digu oraingoan. Eskualdeko kazetari bat kartzelan. Hiru semeren aita. Errusiaren eta Ukrainaren arteko gudari buruz Elantxobeko hitzaldia eman behar lukeen politologoa Poloniako ziega batean. Bertokoa -eta hangoa- den euskaldun bat errusiarren aldeko espioia dela esan eta urtebetez kartzelan.

Mikel Ayestaran, Xabier Colas eta beste hainbat kiderekin atxiloketa aurreko egunetan elkar trukatu zenituen txioak berriz irakurri ditut gaur. Ez dizut espioi baten tankerarik hartu, barkatu atrebentzia. Hala izanda ere, zein da zigor gehigarri hauen justifikazioa? Zein da desinformazio honen helburua?

Pasaporte bi dauzkazu eta hori zantzu adierazgarria omen da. Delitugile izatearena. Gerra delitugilea izatearena, alajaina. Oihanak azaldu du zein den horren zergatia: aitona-amonak Espainiako Gerra Zibil garaian Errusiara erbesteratu izana. Paradoxikoa iruditu zait eta neure terrenora ekarri ditut ondorengo gogoetak.

Pasaporte bakar bat ere ez duenik ezagutzen dugu Euskal Herrian, gure herrian. Muxikako adintxikien zentroan. Bidasoan. Zer esanik ez Mediterraneoan; ia 100 lagun hil dira atzo eta gaur bitartean.

Egiaren eskutik datorrenak, dendaostean jaio eta bizi denak, boteretsuen poker festa zapuztu baino ez du egiten. Erakunde handikoteen festa, NATOren, Putinen eta arma saltzaileen festa. Gezur handien armak erabiltzen dituzte partidak jarrai dezala ziurtatzeko: segundo batzuetan, hitz xumetan, daturik ez -eta irudi askotan- jasotzen ditugun gezurrak. Gezur komodoak.

«Segundo txikien oholtza» gehitu beharko genioke gaurko solasaldiko interbentzioari, aktualitatea hobeki deskribatzeko. Ahaztuen ahotsik ez da ageri. Egiak edo «beste egiak» ez dira iristen. Pasaporte gabekoen inguruko notiziak, izen-abizen eta nortasun gabekoen heriotzei buruzkoak.

Orain, espioi, zera esatera behartzen nauzu: pasaporte bi dituztenen notiziak ere ez direla iristen. Zu ahaztu zaituenak badaki ondo zein den pokerreko jokaldi borobila: komeni denean kartak mahai gaineratu eta, irabazteko bermerik ez dagoenean, ezkutatu.

Errefuxiatua eta erbesteratua izatea zer den badakigu euskaldunok, zure nortasun bikoitzaren arrazoia ezagutzea besterik ez dago. Horregatik, baina baita elkartasun eta justizia hutsagatik, Busturialdeko Ongi etorri Errefuxiatuak elkartetik, gure ahaztuen artean, pertsona migratzaile eta errefuxiatuen ondoan alegia, zu ere gogoan zaitugula esatea baino ez, Pavel.

Denon artean lortuko dugulakoan #FreePabloGonzalez.