Urtzi URRUTIKOETXEA

Trumpek indarrez poltsikoratu du CPAC bilkura kontserbadorea

CPAC konferentzia politiko eskuindarrean agerian geratu da Donald Trumpek oraindik ere itzal oso luzea daukala Estatu Batuetako oinarri errepublikanoan. Lau eguneko bilkura itxi du asteburuan AEBko presidente ohiak, egiaren unea datorrela aldarrikatuz. Jarraitzaile sutsuenez inguratu da, baina bilkuran ohi dena baino jende gutxiagorekin.

Donald Trump AEBetako presidente ohia, Ekintza Politiko Kontserbadorearen Konferentzian (CPAC) hitz egiten.
Donald Trump AEBetako presidente ohia, Ekintza Politiko Kontserbadorearen Konferentzian (CPAC) hitz egiten. (Anna MONEYMAKER | GETTY IMAGES)

Estatu Batuetako jarraitzaile eskuindarren bilkura garrantzitsuenetakoa da CPAC Ekintza Politiko Kontserbadorearen Konferentzia, duela mende erdi Ronald Reaganek lehenengoa inauguratu zuenetik. Aurten Washington hiriburuaren kanpoaldean dagoen National Harbor-en (Maryland) antolatu dute. Iragarria zen lehendik ere alderdi ordezkari garrantzitsu ugari eta presidentegai izateko hautagaiak ez zirela han izango. Ondorioz, presidente ohiaren eta haren jarraitzaile sutsuenen neurrira antolatuta egon da, Trumpen ikurrez betetako aretoetan. Konferentzian mintzatu dira, besteak beste, Steve Bannon pentsalari ultraeskuindarra (urtarrilaren 6ko Kapitolioaren erasoagatik kondenatuta dago), Marjorie Taylor Greene eta Kari Lake muturreko politikariak.

Etxe Zurirako hautagai errepublikanoak izan nahi dutenek ezinbesteko hitzordutzat hartu ohi zuten CPAC. Aurten, Donald Trumpen ordezkari leialenak nabarmendu dira CPACren agendan, baina errepublikanoen inkestetan agertu ohi diren gainerakoetatik (Ron De Santis Floridako gobernadorea edo Mike Pence presidenteorde ohia, esaterako) oso gutxi etorri dira konferentziara.

Duela lau urte dozena bat hautagaitza demokrata baino gehiago zeuden ofizial eginda Donald Trump Etxe Zuritik kanporatzeko asmoz. Batzuk primarioen hasierara ere ez ziren iritsi, baina itzela zen mugimendua. Gaur egun, kinieletan izen bat baino gehiago egon arren, ia inork ere ez du urratsa egin ofizialki aurkezteko eta diru eta babes bilketari ekiteko.

TRUMPEN NEURRIRA

Nikki Haley NBEko enbaxadore ohia da oraingoz ofizialki hautagaitza aurkeztu duen bakarra -Trumpekin batera, noski-. Ondorioz, ia halabeharrez egon behar izan du CPACen.

Ezin esan liteke agerraldi gogoangarririk izan zuenik, «galtzeaz nekatu baziren» bere alde egiteko esan zien bertaratu ziren entzuleei -aretoa erdi hutsik zegoen-. Amaiera aldean txaloak, selfieak eta autografoak izan ziren, eta entzuleen artean zenbaitek «Trump maite dugu» oihu egin zuten.

Mike Pompeo izan da CPACera joan den beste balizko hautagai bakarretako bat; presidente ohiaren Administrazioari -Pompeo bera kide izan zen Gobernuari- AEBen zorra 8 bilioi dolarretan handitzea leporatzea izan zuen mezu nagusi, oro har txikia izan zen ikusle talde baten aurrean.

CPACeko une gorena zen, MAGA (Egin AEB handi berriz ere) eta antzeko leloz beteta, «USA, USA» etengabe oihukatzen zuten jarraitzaileen aurrean. Eta hala ere, aretoaren hegalak erdi hutsik egon ziren. Joe Bidenen eta Exekutibo demokrataren aurkako kritikekin batera, neurri gabe jo zuen Trumpek bere lidergoa zalantzan jartzen dutenen aurka, bai alderdi barruko ordezkarien kontra (De Santis salbu, ia aipatu ere ez zuen egin itzal handiena egiten dion aurkaria), bai behinolako babes mediatikoaren kontra: presidente ohiaren jarraitzaileak gogor jotzen ari dira Fox kate eskuindarra.

Trumpen agintaldian zehar zutabe garrantzitsuenetakoa izan zen telebista kate hori, baina azken hilabeteetan leku handia hartu dute haren aurkari demokratek. Presidente ohiaren hitzaldia zuzenean eman zuen Foxek, baina ez zuen berritu CPACen saioak streamingez emateko babesa, eta Trumpen leialagoak diren, baina oihartzun txikiagoa duten hedabideen esku geratu zen zabalkundea.

LEHIA GOGORRAREN ATARIAN

Konferentziaren amaieran egindako inkesta ez-ofizialaren arabera, Trumpek babes zabala leukake errepublikanoen artean, %60koa, Ron De Santis %20ren bueltan lebilkeen artean. Gainerako balizko hautagai guztiak %10etik behera leudeke: Nikki Haley %3an, Perry Johnson Michigango enpresariaren atzetik ageri da; Johnson iazko bozketatik kanporatu zuten sinadura faltsuak aurkezteagatik. Pompeo eta gainerako hautagaiak % 1 edo gutxiagorekin ageri dira.

Bidea luzea da, eta aurki hasi beharko dute hautagaitzak ofizialtzen. Mike Pencek elkarrizketa eman berri du Fox katean, «lider berriak» behar direla nabarmenduz. Ron De Santisek badirudi beste aste batzuk gehiago itxaron beharko duela, azaroko hauteskundeen ostean legealdia hasi berri baitauka Floridan gobernadore bezala.

Edozelan ere, Trumpek argi utzi du bereak eta bi egingo dituela botereari eusteko eta Etxe Zurira itzultzeko, baita alderdia bera borroka-leku eta joko zikinaren jokaleku bihurtu behar baditu ere.