EDITORIALA

Batzorde bat baino zerbait gehiago da etika

EAJk orain aspaldi ez dela agertu zuen kezka alderdiaren irudiari baino gehiagori dagokio. De Miguel auzia delakoaren berri jakin zenetik joan den astera arte, alderdi horren gobernua hainbat irregulartasunetan nahasita agertu izan da, tartean goi kargu baten irregulartasunak salatu zituen pertsonari egindako mehatxuak eta, beraz, haren anonimotasuna urratu izana. Arazoa irudia baino gehiago da. EAJren presidenteak esan zuen irudi hori aintzat hartu eta zaindu behar zutela; hala ere, irudia zaintzeko modu kaskarra da erantzukizun oro ukatzea, ustelkeria kasuak errazten dituen jokabidea ukatze hutsa.

Lakuako Gobernuko bazkideek diotenez, ez da beharrezkoa ustelkeria delituak kontrolatzeko eta haiei aurrea hartzeko beste mekanismorik, eta ate birakarien kasuaren ondoren esan zuten ez dagoela ilegaltasunik. Baliteke, baina benetan uste dute etikoa dela eta, beraz, Etika Publikorako Batzordeak praktika desegokiak detektatzeko funtzioa betetzen duela? Izan ere, irudia baino gehiago dago zalantzan: haren atzeko jokaera eta jarrera, irregulartasunak salatzen dituenaren aurkako mehatxuek erakusten dutenez. Gertatu zen De Miguel kasua agerian utzi zuen abokatuarekin; botere posizio batetik seinalatua, bere lanbidea arriskuan jarrita. Eta gertatu zen Etika Publikorako Batzordeak zigortutako goi karguaren kontratu irregularrak salatu zituenarekin. Kasu honetan, salatuaren abokatuak Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu eta Etika Publikorako Batzordearen presidentea ere badenari mehatxuaren kopia bidali zion. Europar Batasunaren printzipioen aurka, anonimotasuna bermatu ez zitzaion pertsona parlamentaria da; horrela jokatzen badute parlamentari batekin, zer ez dute egingo herritar soil bat denean?

Gobernantza sailburuak esan zuen Etika Publikorako Batzordeko kideak beren funtzioak betetzean ezagutu duten informazioa isilean gordetzera behartuta daudela, baina ez zuen erantzun anonimotasuna bermatu ez den kasurik ezagutzen duen, eta argi dago bazuela horren berri. EBren arau horren zentzua da, salatzen duenak bere burua babesgabe sumatuta errepresalien beldur bada, atzera egiten duela.