Iraitz MATEO
HILARIO ARBELAITZI OMENALDIA

ZUBEROAREN BALIOEK EUSKAL SUKALDARITZAN JARRAI DEZATEN

Hilario Arbelaitz sukaldariak Zuberoa jatetxe barruan zein kanpoan egindako lana omendu zuten Basque Culinary Centerren atzo, gertuko lagunekin. Sukaldean transmititutako jakintza goraipatzeaz gain, haren sukaldearen eta Zuberoako familia osoaren balioak azpimarratu zituzten. Roteta sukaldari eta eskultorearen oroigarria jaso zuen.

Hilario Arbelaitzi omenaldia, Basque Culinary Centerren, sukaldaritzako lagunekin.
Hilario Arbelaitzi omenaldia, Basque Culinary Centerren, sukaldaritzako lagunekin. (Jon URBE | FOKU)

Euskal gastronomiaren sektoreko ordezkari eta lagunak elkartu ziren atzo Basque Culinary Centerren (BCC) Hilario Arbelaitzek eta Zuberoako familiak egindako ibilbidea goraipatzeko. Hasieratik aitortu zuten atzokoa ez zela «edonolako omenaldia» izango; Arbelaitzen neurrira egindako ekitaldia izatea nahi zuten eta horregatik presentzia berezia izan zuten bere sukaldari ibilbidean ezaguturiko lagunek. Horien artean izan ziren Pedro Subijana, Eneko Atxa, Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz, Diego Guerrero eta Elena Arzak, bai eta haien dizipuluak ere, Mahaia Kolektiboko kideak; besteak beste, Gorka Txapartegi, Dani Lopez, Roberto Ruiz eta Aizpea Oihaneder.

Belaunaldi berriak

Omenaldiaren amaieran hartu zuen hitza sukaldari oiartzuarrak eta atzoko ekitaldiak «poz berezia» ematen ziola onartu zuen. «Zuberoa itxi eta gero ere sari batzuk jaso ditugu, baina etxekoa beti da berezia. Hunkiduratik, lotsatik eta umiltasunetik mintzatuz, berak halako omenaldirik ez zuela merezi esan zuen, eta bere lagunei egokitzen zaienean «orduan bai, egin beharko direla omenaldi handiak» esan zuen irri artean, beti bezain abegikor. Euskal sukaldaritza mundu osoan zabaltzea garrantzitsua dela adierazi zuen eta horretarako inoiz baino prestatuago daudela belaunaldi berriak. Bere belaunaldiari «misio» bat jarri zion: sukaldaritza tradizionala modernizatzeko lanean jarraitzea, eta balioen transmisioa egitea hurrengoei. «Lehengoari eutsi eboluzionatuz, elkarlanean jardun, jarrera eraikitzailea izan eta sakrifizioa», horiek guztiak behar direla esan zuen, bai sukaldaritzarako, baina «batez ere, bizitzarako».

Zuberoan ikasitakoak

Oholtza gainera igo ziren aipaturiko sukaldariak, eta bakoitzak Arbelaitzekin eta Zuberoarekin izandako harremana nolakoa izan zen kontatu zuen, sukaldaritzaren historiarako istorio pertsonal bana. Baina guztiak zetozen bat transmititutako balioak oso garrantzitsuak izan direla.

Berasategi izan zen mikrofonora hurbiltzen lehena, eta Euskal Herrian ez ezik mundu mailako aitortza behar lukeela adierazi zuen; berarentzat «ispilu» izan dela ibilbide osoan, eta Arbelaitzek «pasioa» transmititu izan diola beti. Subijanak Arbelaitzen umiltasuna azpimarratu zuen, eta gaineratu, berarentzat beti izango dituela hiru izar, Michelin izarrei keinu eginez. Elena Arzakek lurraldea gogoan izaten eta «hankak lurrean» mantentzen Arbelaitzek erakutsi ziola aitortu zuen. Adurizek, berriz, betidanik loturak egiteko izan duen gaitasuna nabarmendu zuen: «Euskara da Hilarioren arima, sustraiak lokalean ditu, bere herrian, eta aldi berean espiritu unibertsala»; bertakoekin zein nazioartean lortzen dituen konexioez ari zen.

Mahai kolektiboko kideak bere ikasleak izan ziren, Zuberoan egin zituzten praktikak eta beren oroitzapenak ere jarri zituzten mahai gainean. Oihanederrek gogora ekarri zuen goizean goiz Arbelaitzek ez zuela irribarrerik «oparitzen», baina ikasitakoak eta Zuberoaren «esentzia» berarekin daramatzala aitortu zuen. Txapartegik gaineratu zuen, sukaldeko jakintza guztien gainetik «lurra maitatzea, zintzotasuna eta lana» azpimarratzen zituela oiartzuarrak, eta berarentzat hori dela ikasgai nagusia.

LURRALDEA ETA LEGATUA

Ramon Roteta sukaldariak eginiko eskultura bat eman zioten oroigarri gisa, lurraldea metaforikoki adierazten duten bi sinbolok osatzen duten oroigarri beltza. Pilotaleku bat irudikatzen du eskulturak, eta Arbelaitzek asko eskertu zuen, oso gustuko duelako pilota. Esan zuen belauneko mina dela-eta orain jokatu ezin duenez, gutxienez begiratu egingo diola pilotalekuari. Legatua irudikatzeko BCCeko ikasleek hartu zuten parte, eta haiek sinatutako sukaldeko jaka bat eman zioten, Basque Culinary sortzeko egindako lan guztia ere aitortzeko eta eskertzeko asmoz.