GARA Euskal Herriko egunkaria

Baionako portua blokeatu dute erretreten erreforma salatzeko

Erretreten erreformaren aurkako seigarren mobilizazio egunaren biharamunean zamaketariek Baionako portuaren sarrerak blokeatu zituzten, atzo, Tarnose aldera. Era berean, tren langileek beraiek lanuzteari eutsi zioten. Finean, gizon eta emazteen arteko soldatei eta pentsioei buruzko berdintasuna galdegiteko martxa egin zuten sindikatuek.

Zamaketariek atzo abiatu zuten Baionako portuaren blokeoari eutsiko dioten erabakiko dute gaur. (Guillaume FAUVEAU)

Erretreten erreformaren aurkako seigarren mobilizazio egunaren biharamunean, zamaketariek Baionako portuaren sarrera blokeatu zuten, atzo goizean, Tarnose (Landak) aldera, Turbomeca enpresaren parean bidea hesitu zutela.

Horren ondorioz, kamioiek ezin izan zuten pasatu, eta itsasontzietako deskarga lanak ere gelditu egin behar izan zituzten. «Portu hila» izeneko operazioari segida emanen dioten gaur erabakiko dute.

Frantses Estatuko beste zenbait portu ere blokeatu zituzten atzo. Hala nola Le Havre, Rouen edo Marseillako portuak itxi zituzten erretreten erreforma salatzeko.

Horrekin batera, petrolio findegi batzuetan ere greba mugimenduarekin jarraitzea deliberatu zuten sindikatuek.

SNCF konpainiako langileek, berriz, grebari eutsi zioten. Horren ondorioz, ohi baino tren zerbitzu gutxiago izan zen atzo. Konpainiak aitzinatu duenez, gaur ere sumatuko dira lanuzteak.

Euskal Herrian antolaturiko mugimenduari dagokionez, SNCFko tren langileek bilera egin zuten atzo, 9.00etan, Baionako Lan Burtsan, mobilizazioaren jarraipenaren gainean eztabaidatzeko.

Egoera ez da baretuko asteburuari begira, larunbaterako aste honetako bigarren protesta eguna deitu dutelako sindikatuek. Hala erabaki zuten, 3,5 milioi herritar bildu zituen mobilizazio egunaren amaieran, astearte iluntzean, Parisen egin zuten bileran.

«Historikotzat» jo zuten mobilizazio egun horren ostean, urgentziazko bilera galdetu zioten intersindikaleko kideek Emmanuel Macronen Gobernuari. Izan ere, eskaera horren aitzinean «ministerioaren ateak beti irekiak direla» esatera mugatu zen Olivier Dussopt Lan ministroa. Izan ere, Gobernuaren bozeramaile den Olivier Veranek «orain Parlamentuaren tenorea» dela argitu zuen, testuinguru honetan ez litzatekeela egokia izango frantses presidentea sindikatuen ordezkariekin biltzea aditzera emanez.

Macron, desagertuta

Emmanuel Macron bere agintaldiaren erreforma-izarrak sorturiko eztabaidatik kanpo kokatu du bere burua. Are, Afrikako zenbait herrialdetatik bira hobetsi du azken egunetan, herritarren kexekin betetzen ziren karriketatik eta eztabaida politikotik aldendurik. Halatan, Gobernuaren burua den Elisabeth Bornek bere gain hartu du espero baino maldatsuagoa bilakatu den erreformaren kudeaketa.

Asanblea Nazionaleko presidente Yael Braun-Pivetek desleialtasunak ez dituela onartuko ohartarazi zuen atzo, Macronen aldeko gehiengoaren diputatu batzuek azaldu zalantzak uxatu nahian.

Gobernuaren itxaropena da iganderako Senatua testua bozkatzeko gai izango dela. Ondotik diputatuz eta senatariz osaturiko batzordeak behin betiko testua lantzeari ekingo lioke eta, akordiora heldu ez gero, martxoaren 16an erreforma bozkatzeko aukera legoke.