EDITORIALA

Estoldetatik defendatzen den demokraziarenak

Mari Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Barne kontseilari ohiari Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro zela egindako espioitza Kongresura eraman zuen atzo EH Bilduk. Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak esan zuen gertakari horiek «Espainiako demokraziak gogora ditzakeen larrienetakoak» direla, eta jarraian, ustelkeriari aurre egiteko Estatuko segurtasun indarren «lan adoretsua» goraipatu zuen. Espioitzan parte hartu zutenez ari ote zen?

Nafar kontseilari ohia EH Bilduk proposatutako kargua zelako espiatu zuten, eta «garbi» zegoenez, «haren ingurua» ere espiatzeko agindu zuten. Jokabide hori gobernu baten izaeraren erakusgarri da. Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak atzo gogoratu zuenez, Barne ministro espainiarrak ziurtatu zuen Estatuaren estoldak desegin zituela, baina ustelkeria kasu horietan parte hartu zuten askok beren karguetan jarraitzen dutela ere oroitarazi zuen. Are gehiago, Marlaskaren agintaldian Estatuko Segurtasun Indarrak tartean izan dituzten eskandaluak ere izan dira, hala nola Kataluniako gizarte-mugimenduetan infiltratutakoen kasuak. Haietako bat, gainera, enbaxada batera eramanez saritu zuten. Estatuaren estoldak desegiteak, esatea baino gehiago, borondatea eta estatuaren aparatuen erabateko garbiketa behar ditu.

Mari Jose Beaumontek esan zuen bera espiatu izana ez dela batere harritzekoa; hala ere, larria dela, lotsagarria eta onartezina. Halaxe da. Euskal ezker subiranista, Kataluniako indar politikoak, eraldaketaren aldeko beste indarrak demokraziarako arriskutzat jotzen dituzten horiek demokrazia arriskuan jarri baino zerbait gehiago egin dute: benetako erregimen demokratikoa eragotzi dute. 78ko erregimena delakoa baita, bere estatu aparatuekin batera, demokraziaren etsairik handiena. Beldurra ematen du demokrazia defendatzeko ardura dutela entzuteak. Ez da harritzekoa; izan ere, Gobernu espainoleko presidente batek aspaldi esan zuen demokrazia estoldetatik ere defendatzen dela. Bere demokraziaz ari zen, jakina. Eta ez da hala uste duen bakarra.