VERDE PRATO
MUSIKHARIA

«Publikoarekin zauden arte ez du ia ezertarako balio buruan duzunak»

«Kanpoan bada mundu bat» dio kantuz, baina barne mundutik ere asko erakusten du Ana Arsuaga Aramberrik (Tolosa, 1994), Verde Pratok. Bi disko, maxi single bat eta EP bat kaleratu ditu dagoeneko artista tolosarrak. Azkena, martxoaren 3an, “Adoretua”, Plan B Music zigilu madrildarrarekin.

(Maria MURIEDAS)
«Adoretua», zu aspalditik zaudela esan daiteke?

Kontzeptua aspalditik jarri nion diskoari eta akaso “flipatu” samarra ere iruditzen zait. Nire buruarekin izaten ditudan elkarrizketa edo bakarrizketa horietan, nola izan musikaria edota nola jarri jendaurrean bakarrik aipatzen dut maiz. Lotsati samarra naiz eta prozesu bat izan da eta izaten ari da hori guztia, horregatik adoretua.

Bai. Izan ere, ez da gauza bera kaleko artista gisa aritzea edota antzoki handi batean, ezta?

Bai, hala da. Baina beste faktore batzuk ere garrantzitsuak dira; esaterako, Tolosan eta ezagunen aurrean jotzeak gehiago lotsarazten nau beste hainbat tokitan baino. Gauzak serioago hartzeko prozesu bat ere egon da, tokietara bakarrik joatea ere desberdina da eta hori guztia ikasten nabil.

Bakarrik joaten zara edo konplizeren bat eramaten duzu zurekin emanaldietara?

Beti nahiago dut norbaitekin joan. Gehienetan managerra etortzen da eta bakarrik joatea baino hobea da, jakina. Lagundu egiten du, profesionala da, baina gustuko izaten dut lagun edota familiako kideren batekin joatea, horrek asko babesten du bat.

Artistaren bizitza oso arraroa da. Kontzertuaren edota konposatzearen lana ehunekotan neurtuta oso txikia da; beste guztia askoz ere terrenalagoa eta bortitzagoa da, batez ere bakarrik zaudenean eta ez taldean. Zu bakarrik zaude han, pertsona ezezagunekin eta hori ere gai garrantzitsua da, luzerako eman dezakeena.

Diskoa «Ahizpak» kantuak hasten du. Ahizpatasunari egindako kantua da?

Ahizpa txikia dut eta hari eskainia da. Umetan eta orain, ahizparekin, Marinarekin, dudan erlazioaz ari naiz hizketan. Berari eskainitako kantua da.

Unibertsalagoa ere izan daiteke, ordea.

Ez dut asko pentsatu horretan eta ulertzen dut eta izan daiteke. Nik pasadizo bat kontatzen dut eta abesti bat askoz ere gehiago da, jakina.

Sortzerakoan, zer etortzen zaizu lehendabizi burura? Izan ere, minimalista samarra zara.

Errekurtso falta, teknika falta… horrekin guztiarekin eta dakizun gutxi horrekin distira bat izan dezala maila gorenean abestiak; hori da kantuekin dudan desioa. Hau da, minimalista da, baina hori aukeratua izaten da edo ez, mugak baditudalako. ‘Ahizpak’ abestian oinarri bat sortzen da lehendabizi eta gero jolas moduan planteatu nuen; izaera hori izan zezala nahi nuen.

Irudimena bere purutasunean islatzen duzu abestietan.

Eskertzen dizut hori. Bizipen erreal batetik abiatzen naiz, baina nora eraman irudikatzen dut. Baina ez letretan soilik. Abesti baten arimak zure sentsibilitatearekin ere badu lotura, eta kontatzea akaso ez da hitzik egokiena, baina kontatzen du, zerbait badu, tonu bat hartzen du eta narratibitate bat eraikitzeko bidea ematen du, zerbait kontatzeko eskeletoa egiten delako lehendabizi.

Soinuetan ere ikerkuntza dagoela nabaritzen da. Zenbat denbora eman dezakezu horretan disko baterako?

Jonekin bakarrik aste pare bat. Nik etxean egiten dut lehendabizi dena eta gero bere estudioan sofistikatu egiten dugu, nik jakituria eta baldintza tekniko askorik ez dudalako izaten. Ideia nahiko argiekin joaten naiz, baina soinuak eta abar Jonekin bilatzen eta lantzen ditut gero.

Buruhauste dezente emango dizu, ezta? Minimalismoak ere bikain aukeratzera bultzatzen zaitu eta.

Bai, hori da alderik zailena, elementu gutxirekin bikaintasuna bilatzea. Argi utzi behar dut Jonek asko laguntzen didala eta bera gabe lan askoz ere gehiago egin beharko nukeela. Elektronikak aukera zabal asko ematen ditu eta Jonek hor asko daki.

Diskoaren erdi-erdian dago akaso diskoko kantu minimalistena dena, «Harrapatu ninduen». Grano antzeko bat, nota esekiak… Ados zaude?

Hau da loop-aren adibide garbiena. Piano bat dago loopean eta ahotsa ere berdin, errepika dago behin eta berriz. Baina trance puntu bat badu. Hor sartzen zara eta ez zara nekatzen, tentsioa abesti guztian sostengatzen dela iruditzen zait.

Zu zuzenekoetan nola zaude erosoago, elementuak gehitu eta gehitu zabiltzanean edota abesti minimalistetan?

Bigarrenetan askoz ere erosoago nago, gorputzaren jarreran kontzentratu naitekeelako eskuak eta burua libre ditudanean. Kontzertuak ere horra bideratzen ari naiz, kontzertu txikietan soilik apreziatu daitekeelako akaso elementuen erabilera, baina handiagoetan erabat galtzen delako.

Interpretazioa lantzen ispilu aurrean ordu asko ematen dituzu?

Ispilurik sekula ez dut erabili, baina ordu asko ematen ditut. Hala ere, publikoarekin zauden unera arte ez du ia ezertarako balio buruan irudikatzen duzunak.

Hortaz, aurretiaz egiten ari zarenari buruz iritzia emateko konplizeak ere izango dituzu.

Bai, noski, baina bideoak ere grabatzen ditut. Adorea hartzearena hortik joan da asko, gorputz espresioaren lanketan egindako guztiaren inguruan.

«Izar baten begitazioa» kantuarekin euskal kantagintza tradizionalari keinu egiten diozu. Hau diot behin eta berriz euskal folk tradizionala berritzen ari zarela diotenak badirelako, nahiz eta diskoan bi kantutan dagoen akaso hori nabarmen.

Etiketa hori asko jarri didate, nahiz eta ni hain identifikatuta ez nagoen. Egia da kantu batzuetan tradizio oralarekin, errepika, errima, eta armonian elementu alderagarriak badaudela, baina beste erreferentzia nabariak ere badira nire kantuetan.

Dena dela, ni inpostore samarra sentitzen naiz, tradizioa berrizten dudala diotelako eta nik ez dudalako nire burua hor ikusten, ez dakidalako hainbeste gure musika tradizionalari buruz eta nik ez dudalako ardura hori neure gain hartu nahi. Egia da maite dudala gure folk tradizionala, baina ez naiz ez ikertzen ez ezer ibiltzen. Ez dut inor engainatu nahi. Hortaz, etiketa horrekin ez naiz eroso sentitzen. Nik uste dut nire musika eklektikoa dela eta bestelako eraginak orokorrean dezente nabariagoak direla euskal folklorearenak baino. Hala ere, etiketak jartzearena ulertzen dut.

Zure ahots erregistroko notarik altuena zein den badakizu?

Ez, baina ‘Niña soñando’ abestian ziur badagoela hori. Ahotsa landu eta zaindu egin behar da. Abesti hau ezin da abestu afonia pixka bat baldin baduzu. Ahotsa polo batera eraman nahi nuen, nire mugak ikusi nahi nituen. Abestia delikatua da oso eta hori transmititu nahi nuen ahotsaren bidez.

Berrobiko eskolan egindako bideoklipak laguntzen du abestia. Ama, Elena Arambarri, bidelagun izan duzu horretan.

Ama beste gauza askoren artean antzerki eskolako irakaslea da eta Berrobiko eskolan urte asko darama. Ama zuzendaritza lanetan aritu zen eta bertako aktoreen lanarekin harrituta geratu nintzen, sekulako lana egin dutelako, oso serio.

Diskoaren estreinaldia eta lehen kontzertua batera egitekoak ziren, baina ezin izan zen hala egin.

Martxoaren 3an Dabadaban egin behar genuen, baina oso gaixo nengoen eta data berria dugu. Ostiral honetan Bartzelonan izango naiz eta martxoan, atzetik, Azore uharteetan, Madrilen Radio Encendidaren kontzertuetan eta, aurrerago, Madrilen berriz ere, Cafe Berlinen; Dabadaban, Bilbon… etorriko dira kontzertuak.

Zuzenean disfrutatzeko diskoa badenez, goza dezazula.

Mila-mila esker.