Amaia EREÑAGA
BILBO

«Hautsi da anphora»: Bilbo eta Arestiri egindako maitasun kanta atenporala

«Konturatu naiz munduan ibiltzeko poesiak behar duela ibilgailu bat, bakarrik ez doa ia inora. Eta ibilgailu onenetarikoa musika da: poema bat kanta bihurtzen denean, badoa gizartearen barrena», aipatu zuen atzo Bernardo Atxagak. Hori gertatu zaio Ruper Ordorikaren “Hautsi da anphora”-rekin, klasikoa bihurtzeraino izatera iritsi den disko apurtzailea. Lan honek bigarren loraldia bizi du azken garaiotan.

Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika, Bilbon.
Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika, Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ruper Ordorika berak ez du gogoan lau hamarkada luze hauetan zenbat berrargitalpen izan dituen “Hautsi da anphora” (1980) diskoak. Baina asko dira, ugari, harik eta denborarekin klasiko bat bihurtu den arte. Bilboko Loraldia jaialdiaren 9. edizioaren egitarauan, Pamiela argitaletxeak kaleratu berri duen “Hautsi da anphora zuzenean” bertsio berrituaren cd-a aurkeztu zuten atzo.

Orain 43 urte Oñatiko musikari gazte batek kaleratutako lehen disko honek -«nire lehen disko pirata izan zen, inork ez zekielako argitaratuko genuenik», esan zuen Ruper Ordorikak- gure kulturan tsunami antzeko bat sortu zuen. Egun gure kantagintzaren ernamuintzat hartzen da lan hau. Asteasutik “kapitalera” iritsitako Bernardo Atxaga izeneko beste idazle berri baten poema surrealistak, berritzaileak, ordura arte euskal poesiagintzan pentsaezinak zirenak 80ko hamarkadako Bilbo gris eta bizi hartan bor-bor atera zen mugimendu kulturalaren isla izan ziren. Beste mundu bat zen, rock eta folk doinuz hornitua.

Bilboko Zazpi Kaleetako Bira kulturgunea jendez lepo zegoen atzo. Ikusleen artean, euskal kulturgintzako aurpegi ezagunak, besteak beste Pott banda hartako partaideak. 2022an diskoaren kanta guztiak berreskuratu eta plazarik plaza eraman zituen Loraldiak Korrika Kulturalaren eskutik, arrakasta handiko bira txiki batean. Pott banda ere batu zitzaien eszena gainean Ruper Ordorika eta Mugalaris bandari: Josemari Iturralde, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla... beste lagun batzuekin batera; Josu Zabala, Joseba Irazoki eta Iñigo Goldaracena kasu. Lanak “Hautsi da anphora” hartako jatorrizko hamar kantak biltzen ditu, zuzeneko bertsioan, eta gehitu zaizkio Bernardo Atxagak oholtza gainean egindako sei irakurraldiak.

Oinarrizko azala, Juan Carlos Eguilleor handiaren irudi ikonikoa zena, cd-aren barnean azaltzen da; eta cd berri honetan bere beste irudi bat ezarri dute, Bilboko beste marrazki bat.

Ez du zerikusirik Galdakaon ia era artesanalean grabatutako disko harekin: «Musika ere antipodetan zegoen, beste parametro batzuk zeuden», uste du Ordorikak.

Bilbo eta Gabriel Aresti, Aresti eta Bilbo

Protagonismo handia dute hiriak eta poeta bilbotarrak istorio honetan. «Gabriel Arestirengandik jaso genuen Bilbo. Ez Arantzazu, ulertzen didazue [Atxagak, begirada maltzurrarekin]. Eta Arestirengandik jaso genuen ere haren euskara, oso desberdina zena, ordura arte euskal kulturan ibiltzen zen euskara hornitu eta kristautik oso desberdina zena».

1978an argitaratu zuen Atxagak “Etiopia”, ordura arteko euskarazko poesia moldeekin hautsi zuen liburua. Bi urte geroago, Ruper Ordorikak diskoa osatu zuen liburu hartako poemekin. «Hi hintzena / bi arraia zaharren gurutzaketa / galdu da, galdu haiz / hautsi da anphora / eta mila ispilutan multiplikatua / ez haiz / azken irudi ezabatua baino / ilunaz zipriztinduz bekokia / eta hausterrez / laberintoaren harri txintxarretan / zauritzen hire oin birjinak», dio “Hi hintzena” abestiak.

«Eta ‘Hautsi da anphora’, zergatik? -galdetu zion bere buruari “Obabakoak’ liburuaren egileak-. Anphorak ardoa eta espeziak gordetzeko balio zuen, etxe bateko hondarrak eta etxe hartako hildakoen hondarrak gordetzeko ere. Beraz, etxe bateko memoria ere bada. Bilbora etorri eta hiriaren eraginez, kolpetik ulertu nuen bukatuta zegoela nire eta ni bezalakoen ordura arteko bizimodua. Alegia, guk frankismoaren garaitik jasotakoa bukatuta zegoela, ez zegoela hor etorkizunik. Eta ez zegoen etorkizunik, alegia, lehengo ildo eta hari horretatik ezin zelako ezer funtsezkorik edo garrantzizkorik esan, bizitza dagoeneko beste toki batean zegoelako. Eta hizkuntza berak, euskarak, eta guk ere bizitza horren atzetik joan behar genuela».

Memoria edo anfora hura puskatu behar zuten, bide berriak eta lengoaia berriak aurkitu. Hiriari idatzitako maitasun gutun bat kontsidera daiteke diskoa.

«Eta Bilbo zer da?», gehitu zuen. «Bilbo Gabriel Aresti da». Poeta handi honengandik jaso zuten beste euskara bat, euskara modernoa. «Bilbok eman zion Bernardori abiapuntua. Baina nik uste dut gaia harago doala, anitzagoa da ‘Etiopia’-n agertu zena. Hizkuntza, lengoaia edo mintzaira bat erdiesten da liburu horretan. Behar zen gure egia kontatu eta horretarako behar dira hitzak eta berbeta egokitu, eta nik uste dut hor dagoela ikaragarrizko jauzia. Ezin daiteke egungo perspektibatik ikusi. Esaterako, 80ko hamarkadan entzuten zutenean ‘Esparta Liliput, higan bainatzen ditun kokodriloak’, esaten zuten: ‘Zer pasatzen zaio mutil honi? Zoratu egin da?», esan du Ruper Ordorikak.