GARA Euskal Herriko egunkaria

Ospakizunak


Ez zen autobus geltokian topo egiten genuen lehen aldia eta hitz ere egin genuen behin, lanera joateko hartu behar zuen autobusaz, auzora heldu berria izanik ez baitzituen garraio publikoaren nondik norakoak ezagutzen. Gogoratuko ez banindu bezala jokatu zuen, ordea, eta autobus zerbitzuaren ordutegiari buruz galdetu zidan berriz. Erantzun bezain pronto bere burua aurkeztu eta izena galdetu zidan. Lantokiaz mintzatu zitzaidan, eta nireaz ere interesa agertu zuen.

Irakaslea zarela bota orduko bi motatako erantzunak espero ohi dira: batzuk urrikaldu egiten dira, lanpostuaren eskakizunen eta baldintza gero eta okerragoen (eta AEBen kasuan arriskutsuen) jakitun; beste batzuek zoriondu egiten zaituzte, mundu anglosaxoiaren white collar edo lepo zuriko lanpostu horien xarmarekin txundituta, zure ustezko zorteagatik. Berak, ordea, emakumea eta beltza den irakasle ezagunik ezagutzen ote nuen galdetu zidan. Nazioarteko emakumeen eguna baitzen eta afro-amerikar historiaren hilabetea AEBetan (oker zegoen, baina: martxoa emakumeen historiaren hilabetea da; otsaila, berriz, afro-amerikar historiarena). Bere lana dela-eta horrelako gauzak jakin beharko lituzkeela esan zidan, baina izenen bat aurkitzeko denborarik ez zeukala eta ea lagunduko nion. Emakumea eta beltza, bi txori harri bakar batez. Eman nion izena (emakumea, beltza, estatubatuarra) eta harriduraz galdetu zidan: «Eta nola idazten da hori?».