GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA

James Pearsonek mugarri berri bat ezarri du trad estiloan

Eskalatzaile ingelesak «Bon Voyage» bidearen lehen igoera egin du Annot-en (Frantzia). Nahiz eta marra horren zailtasunaren inguruan ez duen ezer aipatu, badirudi estilo horretako munduko bide zailena dela.


James Pearsonek bi urte eta hogei ekinaldi behar izan ditu bere azken jarduera handia biribildu ahal izateko. “Bon Voyage” du izena, eta Annot-en dago. Bi aipamen horiei gehitu behar zaie eskalatu berri duen marra horrek trad estiloarekin (eskalada tradizionala) harreman zuzena duela. Bitxiena da ez duela “Bon Voyage”-k izan dezakeen zailtasunaren inguruan proposamen zehatzik egin.

Eskalatzaile ingelesak puntu gorria jarri dio; hots, lehen igoera erdietsi du. Hain zuzen ere, hedabideei baieztatu dienez, bide batean arrakasta lortzen lehena izatea oso gustuko du: «Gauza bera gertatzen zait eskalada tradizionalarekin eta kirol eskaladarekin. Lehenbizikoa lehenesten dut, besteak beste, nahasiagoa delako. Zirrikitu berri bat aurkitu eta hari bizitza emateak niretzat badu xarma berezia. ‘Bon Voyage’-rekin hori gertatu zait. ‘Le Voyage’ (E10, 7a, gure eskalan 8b+) egin nuenean, haren ondoan marra berri bat zabaltzeko helduleku batzuk ikusi nituen. Horretara heltzeko, makina bat ordu egin nituen arnesetik zintzilikatuta balizko marra hori ikusten eta aztertzen. Proiektu gogor berri baten bila ibili naiz, eta ez nuen aurkitzen; horregatik oso gaizki sentitzen nintzen. Baina, azkenean, ‘Bon Voyage’-rekin topo egin eta arnasa hartu nuen. Alabaina, galdera bat buruan erabat iltzatuta nuen: gai izango ote nintzen mugimendu guztiak egiteko eta lotzeko?».

Protagonistak berak onartu du prozesua ez dela batere samurra izan. Orain dela pare bat urte, pare bat bisita eta hiru ekinaldi egin zituen zalantza guztiak uxatzeko. Mugimendu batzuk askatu zituen, baina ez zituen lotu. Gainera, atseden hartzeko benetako lekurik ez omen dago: «Une jakin batean, ohartu nintzen bide hori egingarria izan zitekeela. Nire sasoia hobetu behar nuen soilik. Prozesua nahiko bitxia izan da. Kateatu nuen egunean, adibidez, amaierako giltzak ez zizkidan arazoak sortu. Bai, ordea, hasierako tarteak; eta, antza denez, samurragoa da. Hau guztia ulertu ahal izateko, esan behar dut helduleku txiki batzuetan eraginkorra izateko hatzak asko indartu behar izan nituela. Entrenamendu horretan Ollie Torr kideak lagundu nau. Prozesu horretan nire ondoan egon da, eta haren laguntza giltza izan da ‘Bon Voyage’ kateatzeko. Hatzak indartzeko lan espezifikoa egin dugu; hots, prebentzioa».

Eskalada tradizionalean lehen lerroko espezialistek esku artean muturreko helburu bat dutenean, aipatu dugun prozesu horren lehen urratsak soka gainetik (to rope) egitea probatzen dute. Mugimenduak eta sekuentziak menderatuta dituztenean, puntu gorriari ekiteko estilo hori alde batera utzi eta sokakide batek aseguratuta eskalatzen dute. Jakina, bidearen arriskua dela-eta, burua oso sendo izan behar dute.

Gai horren inguruan, Pearsonek aipatu du soka gainetik zuela hamar egun probatzen aritu zela: «Beste xede batzuetan ez bezala, sokaburu eskalatzen oso goiz hasi nintzen. Horretaz gain, sekzio bat probatzerakoan igotzen ari nintzen bitartean aseguruak jartzen nituen. Era horretan, tarte luzeagoak hobeto kudeatzeaz gain, zeure burua indartzen joaten zara. Arriskuaren aurrean ez naiz kikiltzen; uste dut nire ezaugarri indartsuenetakoa dela. Eroriko batzuk ditudanean eta minik hartzen ez dudanean, aurrez aurre dudan eskaladan erabat kontzentratzen naiz. Esan behar dut ere bidearen giltzan saialdi asko egin ditudala».

Ekinaldi ugari egiteaz gain, puntu zehatz horretan makina bat eroriko izan zituen. Arrisku handiko bide batean egoera horiek ez dira gestionatzeko batere errazak; hala eta guztiz ere, Pearsonek baieztatu du jarrera baikorra izan duela beti: «Seme-alabak ditudanetik neure burua gutxiago presionatzen dut, eta prozesuaz gehiago gozatzen dut. Banekien ‘Bon Voyage’ egiteko gai izango nintzela; denbora kontua besterik ez zen».

Zaila argitzeko

Arestian aipatu dugunez, protagonista honek “Bon Voyage”-ri ez dio zenbaki eta letrarik jarri. Hots, ez du haren zailtasunaren inguruan proposamenik egin. Argi eta garbi, horri uko egin dio. Eskalatzaile ingelesak duen curriculumari begiratzen badiogu, ohartuko gara Annot-eko marra horrek “Lexicon” (E10 7a, gure eskalan 8b+), “Tribe” (gure eskalan 9a izan daiteke) edo kirol eskaladan egin dituen 9a mailako bide batzuk baino denbora gehiago eskatu diola.

Aipamen horri honela erantzun dio Pearsonek: «Baldintza berberetan ‘Bon Voyage’ muturreko beste marra batzuk baino zailagoa da. Baina esan behar dut oso ezberdinak direla, eta Annot-ek beste plus bat duela. Sagarrak eta laranjak ezin dira konparatu; ezin dira maila berean jarri».

Hausnarketa hori “Bon Voyage”-ren zailtasun teknikoaren inguruan egin du. Baina trad estiloak badu beste maila bat: arriskua. Pearsonek ondo baino hobeto ezagutzen ditu “Lexicon” edo “Rhapsody” (E11 7a, gure eskalan 8c+) bideek dituzten eroriko luze zein arriskutsuak. Eskalatzaile honek onartu du eite hori alderatzea askoz ere samurragoa gertatzen zaiola: «Badakit min hartzeko aukera handiak ditudala, baina beldurrak duen ‘aurpegi’ emozionala desagertzen denean azterketa objektibo bat egitea errazagoa da. Argi esango dut: ‘Bon Voyage’-k baino eroriko luzeagoak zein arriskutsuagoak ditu ‘Rhapsody’-k. Haatik, arrisku maila berdintsua dute. Zeure burua ondo aseguratzen baduzu eta horretan teknika ona baduzu, zaila da bi bide horietan min hartzea. ‘Lexicon’, berriz, askoz ere arriskutsuagoa da. Marra horretan pare bat mugimendutan arriskua biderkatzen da. Bi dira bakarrik, baina bidearen giltzan daude. Eta hori kontuan hartu behar da. ‘Bon Voyage’-ri dagokionez, aholkatuko nuke goiko sekzioan hobe dela erorikorik ez izatea. Azken mugimendu horiek errazak dira. Estiloari dagokionez, ‘Rhapsody’ eta ‘Bon Voyage’ oso antzekoak dira. Azken marra horren hasierako sekzioa zailagoa da, atseden hartzeko leku txarragoak ditu eta amaierako tartea zorrotza da».

Pearsonen prozesua ikusi dutenek eta hainbat hedabide espezializatuk ‘Bon Voyage’-k duen zailtasun teknikoari buruz espekulatu dute. Batzuek diote 9a+ izan daitekeela, eta, agian, egokiena dela kirol eskaladako zailtasun bat eman eta ondoren arriskuaren maila azaltzeko R edo X jartzea.

Galdera ikurrak besterik ez dira, eta eskalatzaile honek ez du gehiegi sakondu nahi izan: «Kirol eskaladako zailtasun bat eman behar badiot, britainiar eskalan E letraren ondoan zenbaki bat erantsiko nuke. Eta horretarako ez dut eragozpenik. Baina une zehatz honetan gauzak ez ditut argi. Datozen hilabeteotan kide batzuek ‘Bon Voyage’ probatzen badute, agian ditudan zalantza horiek desagertuko dira. Baina egun ez naiz ausartzen proposamen bat egiten».

Argi dagoena da, bederen, “Lexicon”, “Tribe” eta “Bon Voyage” bideek antzeko denbora eskatu diotela. Hilabete baino gehiago. Ez gutxi, ezta asko ere. Horregatik guztiagatik, Pearsonek iragarri du erronka luzeago bat bilatzen jardungo duela: «Seb Bouin frantziarrak Verdonen dagoen kirol eskaladako ‘DNA’ marrari (9c) puntu gorria jartzeko 100 egun behar izan zituen. Ez dakit; agian, denbora luzea da. Baina argi dut ‘Bon Voyage’ baino gogorragoa den beste proiektu bat aurkitu nahiko nukeela. Aipatu dut lehen igoerak gustuko ditudala, baina lan horrek asko eskatzen du. Eskalada tradizionaleko marrak oso bitxiak dira, eta une jakin honetan ez dakit izaera horretako proiektu bat non bilatu. ‘Bon Voyage’-rekin zorte handia izan dut; gainera, etxetik nahiko gertu neukan. Munduaren beste muturrera joan eta trad estiloko muturreko xede batean murgiltzea ez dago nire lehentasunen artean. Nire seme-alabak txikiak dira, eta denbora asko ateratzea zaila egiten zait oso».