GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Urdaibai eta Orioko neskak, etxean, garaile

Orioko neskak, pozarren, bandera goratuz. (Jon URBE | FOKU)

Oriako Traineru Jaitsierak arrauneko udako denboraldia gertuago dagoela adierazten du beti. Martxoan antolatzen den proba honek Eusko Label zein Euskotren ligetan -baita KAE1, KAE2 eta ETE ligetan ere- arituko diren traineruen sasoia nola dagoen aztertzeko balio izaten du. Atzo euria izan zen protagonista Orio inguruan egin zen estropadan, eta bertan Bermeoko Urdaibai, gizonetan, eta etxeko arraunlariak, emakumeetan, izan ziren estropadako garaileak.

Azken horiekin hasiz, llagut modalitatekoek eta beteranoek bezala, Saikola-Orio ibilbidea egin zuten, 4.000 metrokoa. Denboraldiaurre honetan Donostiarrarekin mantentzen ari den lehian Orio garaile atera zen atzokoan ere, etxean, ondo ezagutzen duen estropada eremuan. Mirotzek egin zuten denbora 14:39.45ekoa izan zen, aurkari zuzenari 13 segundoko aldea ateraz.

Hirugarren postuan Tolosak amaitu zuen, 27 segundora, eta Arraun Lagunak ontzia laugarren izan zen, 33 segundora. Ondoren sailkatu ziren, ordena honetan, Hondarribia, Zumaia-Delteco, Hibaika, Zarautz-Gesalaga, Ondarroa eta Hernani.

Gizonezkoetan, 6.000 metroko luzera zuen Mapil-Ainaga-Orio ibilbidea egin zuten eta horretan Oriok ez zuen garaipena lortu, Bermeoko Urdaibai azkarragoa izan baitzen. Bizkaitarrek 19:38.19ko denbora egin zuten, mirotzek baino 6 segundo gutxiago. Argi ikusten denez, gizonen lehia estua izan zen.

Hondarribian, Sestaon eta etxeko traineru jaitsieran garaile izan zena hirugarren izan zen Oria ibaian, 12 segundora, eta Donostiarra bere atzetik iritsi zen, 23 segundora. Ondoren sailkatu ziren San Juan, Santurtzi, Ondarroa, Orio B, Getaria, San Pedro, Zumaia-Delteco, Zarautz, Lapurdi, Arkote, Hondarribia B, Hibaika, Doniarra B, Ondarroa B, San Juan B, Orio C eta Mutriku.

BETERANOAK ETA LLAGUT MODALITATEA

Beteranoen estropadan, 29 parte hartzaileren artean, Chapela izan zen garailea, 14:40.14ko denbora markatuz. Badok 13 izan zen bigarren, sei segundora, eta Fortuna, hirugarren, 20 segundora. Azkenik, llagut modalitatean, Club Rem Premia izan zen azkarrena, 22:48.83ko denborarekin. Zortzi segundo atera zizkion Rem Arenysi.