GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Bilbao Basket ezinean ibili da eta Baskoniak saskiratze hirukoitzei esker irabazi du

Bizkaiko taldea urruti ibili da aldaba jotzetik Real Madrilen aurkako partidan. Gasteizko taldeak erakustaldia eman du Betis mendean hartuta.

Baskoniak atzo jokatu zuen lehiako irudi bat. (S. CASTIZO | ACB Media)

Surne Bilbao Basket urruti ibili zen atzo aldaba jotzetik Real Madrilen aurkako partidan. Neurketako lehen 25 minutuetan ACB Ligako liderraren aurka aurpegia eman bazuen ere, (42-35) bukaerarako ezin izan zion lehiari eutsi. Bizkaiko taldeak defentsan sendo ekin zion norgehiagokari, eta horrek ahalbidetu zion lehen zatian jokoaren agintea izatea. Bigarrenean, ordea, Chus Mateoren jokalariek zenbait alderdi findu zituzten, eta Bilbao Basketek ezin izan zuen Real Madril ahaltsuaren aurka ezer egin.

Gainera, bizkaitarrak zenbait jokalari garrantzitsu gabe aritu ziren: Denzel Anderssonek ezin izan zuen jokatu, Adam Smith gaixo egon da neurketa baino pare bat egun lehenago, eta Ludde Hakanson oraindik oso urrun dago bere bertsiorik onena agertzeko. Horrela, zaila da Real Madrilen aurka lehiakorra izatea.

Datorren asteartean berriro hutsetik hasi beharko du Bilbao Basketek, Darussafaka taldearen aurka jokatuko baitu Europan.

TXANDAKATZE UGARI

Saski Baskoniak erakustaldia eman zuen atzo saskiratze hirukoitzetan, 32 jaurtiketetatik 15 sartu baitzituzten era horretan (% 46,8), eta hala Betis mendean hartu zuten. Joan Peñarroya entrenatzaileak txandakatze ugari egin zituen, astean zehar Europako partida jokatu baitzuten AS Monakoren aurka.

Neurketako lehen hamar minutuetan saskiratze hirukoitzengatik eutsi zioten markagailuari Gasteizko jokalariek, 11 aldiz saiatu baitziren kanpotik jaurtitzen, eta horietatik bost sartu zituzten (26-23). Bigarren zatiko lehen minutuetan 2-11ko partzial batekin buelta eman zion markagailuari Baskoniak, Howardek sartutako saskiratze hirukoitzarekin eta tiro gehigarri batekin. Etxekoak erasoan ez ziren fin ibili, eta sufritu egin zuten aurkariak markagailuan ihes ez egiteko (40-49).

Hirugarren aldian Betiseko jokalariek defentsako jokoa hobetu zuten nabarmen, eta horrek ahalbidetu zien bizirik ailegatzea partidako azken hamar minutuetara. Baskoniak, baina, berehala utzi zituen ezerezean etxekoen saiakerak, Matt Costello hegaleko jokalariak bi saskiratze hirukoitz segidan kateatu baitzituen, eta hala, hamar puntu baino gehiagoko errenta eskuratu zuten bisitariek. Hortik aurrera, Gasteizko taldearen garaipena ez zen inoiz ere kolokan egon.