GARA Euskal Herriko egunkaria

Irabaztearen eta ikuskizuna ematearen arteko dantza

Sarrera guztiak saldu izana «gauza handia» dela dio Maialen Aldazabal puntistak. Maite Ortiz de Mendibilekin bikoa osatuz, Winter Serieseko finala jokatuko du Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markinarren aurka. Gaur «partida ona ateratzen bazaigu, askoz ikuskizun handiagoa eskainiko dugu», esan du Mugartegik.

Goian, Erika Mugartegi pilota jaso eta frontisera botatzear; behean, Maialen Aldazabal Ortiz de Mentibilekin hizketan, lehen finalerdian. (ERAMAN JAI ALAI)

Aukeran, biak, noski. Edozeinek nahiko luke irabazi emozio handiko partida bat; galdera bera nahiko inozoa suertatzen da. «Nik neuk ahalko banu partida gustura jokatu, sekulako giroa sortu pilotalekuan, kantxan ondo sentitzea, jendea animatzen egotea... nahiago dut hori, irabazi eta barrutik triste moduan egon baino», dio Maialen Aldazabal puntistak (Berriatua, 2006). Alabaina, kasu honetan Winter Series «txapelketa garrantzitsua» denez, sentimenduak nahasiago dituela onartu du.

«Bi gauzak» nahi ditu Erika Mugartegik (Markina-Xemein, 2008) ere, «hurrengorako horrelako beste txapelketa bat antolatzeko» maila txukuna eman behar dutela argi baitauka, «baina denok goaz irabaztera». Finalerdietan ere maila txukuna erakutsi dute, sobera. Winter Series txapelketan lehiatu diren lau bikoteek zur eta lur utzi dute Durangoko Ezkurdi pilotalekura hurbildutako zale oro eta argi geratu da produktua ondo salduz gero zale zein pilotariek ondo erantzuten dutela. Aurreneko finalerdian gutxi falta izan zen sarrera guztiak agortzeko; bigarrengoan, berriz, denak agortu ziren eta finalerako (gaur, 19.30ean) ere segituan saldu dira 650 sarrerak. «Sarrera guztiak saldu izana gauza handia» dela iritzi du berriatuarrak eta, hurrengora begira, txapelketa luzeago bat egin beharko litzatekeela nabarmendu du, «jendea engantxatzeko motz samar geratu da, baita guretzat ere; partida txar bat egin eta finalik gabe geratzen zara».

Partida egunean urduri jartzen den horietakoa da Aldazabal; ez ordea Mugartegi, eta igartzen zaio. Barrenetxea eta Lizardiren aurkako finalerdian (15-8 eta 15-4) konfiantza handiz jokatu zuen, baita bere bikotekide Lejardik ere. Bikote gazteena da (14 urte ditu aurrelariak; 15, atzelariak) baina eskarmentuz gainontzekoen pare daude. «Duela bederatzi urte edo hasi nintzen zestan; hasieran, aitarekin hurbiltzen nintzen pilotalekura eta gerora jada izena eman nuen», kontatu du. Bere aita Josu Mugartegi “Atain” da, Bartzelonako Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuena, aurrean Juanan Konpa bikotekide zuela. Etxetik datorkio zaletasuna, bere anaia Gorka, “Atain II.ena”, ere puntista baita -Elite txapelketa jokatzen ari da-. Puntista familia honen segida ziurtatuta dago, beraz.

Markinarrak, «bikote gogorrena»

Hasiera-hasieratik, Arai Lejardirekin lehiatu izan da Mugartegi eta, beraz, ondo ezagutzen dute elkar. Finaleko beste gako bat izan daiteke eta Aldazabalek onartzen du «bikote indartsuena» dela markinarrek osatutakoa. «Aurrean amaitu behar dugu, Maite [Ortiz de Mendibil] jokoan sartzea. Nik neuk eutsiko dut, baina... Gaitza da. Horien aurka piloteoan ez duzu irabazten. Oso seguruak dira», esan du.

Markinarrek hori eragotzi nahiko dute: «Pilota nahiko biziarekin jokatuko dugu, Maite jokoan sartzea saihestuz eta Maialen nekaraziz. Betiko estrategia; hori egin genuen finalerdian eta ondo atera zitzaigun». Errebotea bilatuko du Mugartegik eta azaldu du entrenamenduetan batez ere postura lantzen duela; «indartsuago botatzeko gakoa baita postura».

«Segurtasuna» bilatuko du Aldazabalek, eta nerbioak alde batera uztea: «Ahalik eta akats gutxien egiteak ere asko laguntzen du». Finalerdian ez zuen txukun ikusi bere burua -«nahiko hotz hasi ginen eta ez nuen gustura bukatu»-. Espero baino gehiago sufritu zuten Arakistain eta Watkinsen aurka (15-12 eta 15-13). Gogotsu dago finalerako, txapelketa hau mugarri izan baitaiteke.

Xisteraren mugarria

Lehen mugarria Xisterarekin iritsi zen, edo hala sentitzen du Berriatuakoak. Winter Series txapelketa jokatu duten guztiak garai bertsuan hasi ziren zestan. 11 urte zituen Aldazabalek zestan hasi zenean, lehendabiziko jolas-orduan, Izaro Arbe markinarra irakasle zuela eta hortik bi urtera irabazi zuen «lehendabiziko txapelketa garrantzitsua, Xisterakoa, Izarorekin». «Zesta puntan sartzeko grina hori berarengandik jaso nuen», nabarmendu du atzelariak. Bera hasi zenean neska bakarra aritzen zen Berriatuko frontoian eta Xisterarekin puntista ezberdinen arteko sare bat sortu zuten: «Guk geuk ere gure artean harreman bat eraiki dugu eta horrek asko batu gaitu».

Gazteak indartsu datozela ziurtatzen du eta harrobia hazten doala. «Lehen Berriatuan hiru ginen eta orain zortzi gara». Horrek poztasuna ematen dio, harrotasuna baino gehiago. «Guk egindako bideari jarraipena ematen badiote, eta guk egindakoak zerbaitetarako balio baldin badu, pozgarria izango da». Mugartegi ere antzera mintzatu da: «Uste dut hurrengo belaunaldientzat bidea asko ari garela zabaltzen eta horiek errazago izango dutela».

Bitartean, irabaztearen eta ikuskizun erakargarria eskaintzearen artean dantzan arituko dira. «Gero ere erakustea neskak zesta-puntan badakigula, oraindik ere gazteak garela, asko geratzen zaigula ikasteko baina geure joko maila altua daukagula; hemendik zerbait polita sor daitekeela, alegia. Gazteenentzat ez izatea hain arraroa neskak zestan ikustea», egin du gogoeta Aldazabalek. Aldarrikapenak argi eta zesta prest izanda, bidea urratzen jarraituko dute.