GARA Euskal Herriko egunkaria

Erreforma onartu du Batzordeak blokeo eta argi mozketa giroan

LAB sindikatuaren banderak nagusitu ziren Mugerren eginiko blokeo ekintzan. (Guillaume FAUVEAU)

Zazpi diputatuz eta beste hainbeste senatariz osaturiko batzorde bitarikoak akordioa erdietsi zuen, arratsalde erditsuan, erretreten erreformari buruz. Elisabeth Borne lehen ministro frantziarrak berak iragarri zuen akordioa, Twitter sare sozialaren bidez.

Gobernu buruak ez zuen egitasmoaren behin betiko bozketari buruz deus aipatu. Izan ere, behin batzordean onartuta, testua gaur bertan helduko da parlamentura.

Egutegiari zor, Senatuak behar luke erreforma gaur goizean bozkatu. Dagoeneko ganbara horrek argi berdea emana zion lege egitasmoari iragan larunbatean.

Errepublikanoak alderdiko ordezkariek batzordearen baitan negoziatu dituzten aldaketek ez lukete, ustez, bozketa horren emaitza kolokan jarri beharko.

Gauzak argitu gabe daude oraindik ere Asanblea Nazionalean. Batzordea artean bilduta zegoela, Bornek egingarritzat jo zuen gehiengo hori osatzea.

Hala eta guztiz ere, Asanblea Nazionalean presio gehiago sentitu dezakete bai zentristek bai eskuineko zenbait diputatuk ere, erretiro adina 62 urtetik 64 urtera gibelatzea aurreikusten duen erreformari behin betiko onespena emateko orduan.

Gobernuak lobby lana izugarria eginen du ondoko orduetan diputatuen sostengua bermatzeko, jakinik karriketatik etortzen den kontrako haizeak gogor ufatzen duela.

Mugerreko ekintza.

Frantziar Estatuan blokeatze operazioak eta argindarraren etenaldiak azkartu ziren atzo, erretreten erreforma bertan behera uztea galdetzeko sindikatuek antolaturiko zortzigarren mobilizazio eguna kari.

Hala, energia eta garraio alorretako hainbat azpiegitura trabatu zituzten langileek, era berean aitzinetik hautaturiko eraikin batzuetan argi mozketak burutu zituztela.

Esaterako, Senatuan Errepublikanoak (LR) alderdiaren burua den Bruno Retailleauk salaketa iragarri zuen, haren etxean argindarrik gabe gelditu ostean. Emmanuel Macronen familiak oporretarako baliatzen duen Bregançoneko Gotorlekua ere argindarrik gabe utzi zuten.

Euskal Herrian mota bakoitzeko ekintza bana egin zuten sindikatuek. Hala, LAB, FSU eta Solidaires sindikatuetako ekintzaileek blokeatze operazioa abian eman zuten, goizean goiz, Mugerreko garraio zentroaren eremuan. Bokale eta Tarnoseko CGT sindikatuko hainbat kide gehitu ziren protesta horretara.

Handik ordu batzuetara, behin Baionan antolaturiko manifestazioa martxan zelarik, Lapurdiko hiriburuko Herriko Etxea argindarrik gabe zegoela iragarri zuten grebalariek. Iragan astean argindar etenaldia pairatu zuen Donibane Lohizuneko Udalak.

Ehun bat lagun bildu ziren Ipar Euskal Herriko logistika eremu nagusiko pleita gunean, eta pneumatiko eta beste hainbat material baliaturik sarrera nagusia oztopatu zuten. Blokeoaren eraginez auto ilara luzeak osatu ziren.

«Ekonomian eragiteko» Ipar Euskal Herrian garatu den bigarren operaziorik esanguratsuena izan da atzokoa. Lehena Baionako portuan burutu zuten sindikatuek, martxoaren 8an. Atzoko ekintzaren ostean, Santa Ursula eta San Leongo biribilgune artean manifestazioa egin zuten. Gaur Suprefeturaren aurrean elkartzeko dei egin duen intersindikalaren arabera 10.000 lagun batu ziren martxara.