GARA Euskal Herriko egunkaria
ZESTA PUNTA

Jai Alai World Tourrak bere alea jarriko du aspaldiko egutegirik trinkoenean

Maiatzaren 13an hasita, 4 Grand Slam jokatuko dira: Donostian, Markinan, Gernikan eta Hondarribian. Lehiaketako onenek Izarren Gaua jokatuko dute azaroaren 17an Bilboko Deportivon. Eta sasoia amaitzeko, buruz buruko txapelketa bat izango da Berriatuan.

Bilboko Deportivon aurkeztu zuten, atzo, aurtengo JAWT zirkuitua. (IREKIA)

Zesta punta ari da, pixkanaka, Ameriketako Estatu Batuetako pilotalekuen itxierak utzitako zuloa betetzen. Winter Series arrakastatsuak atzean utzita, aspaldiko egutegirik trinkoenaren berri izaten ari gara apurka. Historian lehen aldiz Gernika, Donibane Lohizune, Biarritz eta Paueko pilotalekuan osatuko den Jai Alai ligaz gainera, azken urteetan udako hilabeteak beteko dituen Jai Alai World Tourrak ere jarraipena izango du 4 Grand Slamekin, eta zesta punta zaleek hamaika aukera izango dituzte hurrengo hilabeteetan euren kirolaz gozatzeko.

Pilotariek azken urteetan horrenbeste faltan bota duten jarraitutasunak, beraz, ziurtatuta dirudi. Orain, han eta hemen sortu diren pieza horiei forma eman eta elkarrekin bat etortzea tokatzen da. Munduko Pilota Batzarrak, Jai Alive eta Eraman Jai Alai Gara enpresekin antolatzen duen Jai Alai World Tourra aurkeztu zuen atzo Bilbon, 4 Grand Slamek, Izarren Gauak eta Buruz Buruko txapelketak osatuko duten zirkuitua. Marka egonkortzeko eta sendotzeko asmoarekin, beste urteetako open edo egun bakarreko txapelketak alboratu -enpresek eta udalek hauek antolatzen jarraituko dute- eta lau 4 Gran Slamek osatuko dute zirkuituaren bizkarrezurra: Donostia -maiatzaren 13tik ekainaren 17ra-, Markina -ekainaren 10etik uztailaren 16ra-, Gernika -uztailaren 15etik abuztuaren 12ra- eta Hondarribia -abuztuaren 11tik irailaren 16ra- . Txapelketa bakoitzean formatu bera erabiliko da: sei bikotek parte hartuko dute, baina bakoitzean pilotari desberdinek, uneko onenek. Aurten lehen aldiz, gainera, Euskadiko Federazioaren Elite txapelketako irabazleei JAWTaren Grand Slamen batean parte hartzea ahalbidetuko zaie, nahiz eta oraindik zehaztu gabe dagoen zeinetan.

Iaz bezala, JAWTeko onenek azaroaren 17an Bilboko Deportivon ospatuko den Izarren Gauean parte hartuko dute. Eta denboraldia amaitzeko Buruz Buruko txapelketa bat jokatuko da Berriatuan. Pilotari eta zaleek izango dute non gozatua 2023 honetan.