GARA
PILOTA - MASTER CUP

Lau finalistek dena prest dute igandeko zita handirako

Aurrelarien arteko lehiak XXI. mendeko klasikoak dira, eta igande eguerdian Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan lehiatuko dira beste final batean.

Master Cup-eko finaleko lau protagonistak.
Master Cup-eko finaleko lau protagonistak. (J. MANTEROLA | FOKU)

Laboral Kutxa Binakako Masterraren finala aurkeztu zuten atzo Zarauzko malekoian. Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga, egungo bi espezialistarik onenak eta kantxan aurkari handiak baina kanpoan lagun handiak, bertan izango dira igande eguerdian Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Uxue Oses izango da egungo binakakoaren txapeldunaren atzelaria eta Nora Mendizabal izango da Dimakoaren, egungo kaiolako txapeldunaren, bizkartzaina. Jaialdia zuzenean emango dute ETB-1ek eta www.eitb.eus-ek.

Bi bikote hauek kalitate handiko txapelketa bateko onenak izan dira eta final oso parekatua espero da, bai behintzat Bizkaia torneoko finalari erreparatzen badiogu. Orduan Arrizabalaga-Oses tanto bakar batez gailendu ziren. Nolanahi dela, Aldai-Mendizabalek ere badakite zer den elkarrekin txapela janztea, Nafarroa Arena ikusgarrian jokatutako Nafarroako Foru Komunitateko Torneoan hala egin baitzuten.

Urtarrilean Murgian hasi eta Larrabetzun, Zornotzan, Galdakaon, Amezketan, Seguran, Eskoriatzan, Asteasun, Laudion eta Arrigorriagan geltokiak izan dituen abentura honen amaiera izango da Zarauzko jaialdia. Ezin da ahaztu Laboral Kutxa Masterrak erreferentziazko txapelketa batez gozatzeko aukera eman diela, txapelketa erabat ireki eta inolako murrizketarik gabeko batean, parte hartu nahi izan duten 65 emakumeei.

Atzo aurkezpenera hurbildutako ordezkari guztiek bat egin zuten txapelketa mota honek emakumeen kirolaren garapenean duen garrantzian, zorte ona opa zieten lau finalistei, eta igandean Zarauzko Aritzbatalden txapeldun hauek babestera animatu zituzten pilotazale guztiak.