GARA Euskal Herriko egunkaria

«Beste adibide berri batzuk» eta «San Simon 62», Artium museoan ikusgai

Alejandro Cesarcoren «Beste adibide berri batzuk» eta Irati Gorostidiren eta Mirari Echavarriren «San Simon 62» dira Artium Arte Garaikidearen Museoak aurkeztu dituen azken erakusketak. Lehena A1 aretoan ikusgai dago 2023ko irailaren 24ra arte, eta bigarrena, Z aretoan, ekainaren 18ra arte. Oso desberdinak izanda ere, bi erakusketetan topa daitezke zenbait elementu: irakaskuntza, memoria, bilaketa, biografia eta ikerketa.

Cesarco, ezkerretik bigarrena, Gorostidi eta Echeverri, azkenak, Artiumeko zuzendariarekin eta Kultura diputatuarekin. (Raul BOGAJO | FOKU)

Beatriz Herraez Artium Museoko zuzendariak atzo esan zuenez, oso desberdinak dira erakusketak, «baina bat datoz museoaren lan ildoarekin». Izan ere, Alejandro Cesarcorenean nabarmena da pedagogiarekiko ardura. Irati Gorostidiren eta Mirari Echavarrirena film bat da; horregatik dago horrelako lanetarako propio zabaldu duten Z aretoan. Hala ere, bietan agertzen dira zenbait elementu: bilaketa eta ikerketa, edo biografia.

«Artea, jakintza sortzeko modua»

Alejandro Cesarco uruguaitarrak zenbait euskarritan egindako obrak bildu ditu “Beste adibide berri batzuk” erakusketara: argazkiak, bideoak eta testuak, ikaskuntzaren eraikuntzaren eta esperientziaren inguruko gogoetarako gonbidapena direnak; baita memoria, pertzepzioa eta hizkuntzarekin lotutako prozesuen inguruko hausnarketa ere.

Hainbat ikaskuntza moduren inguruko obrak bildu ditu, «jakintza sortzetik abiatutako artearen kontzepzio baten arabera», arteak jakintza sortzeko modu bat izan behar duela uste baitu; jakintza arrazional eta akademikoaz gainera, afektua ere barne hartzen duena.

Bi gai nagusi: pedagogia kontuak eta alfabetatzearen erabilerak, batetik, eta ama-hizkuntzaren, elebitasunaren eta «tartean» egoteak sortzen duen ekosistema korapilatsuaren arteko harremanak bestetik, etengabe beste artista, idazle, pedagogo eta mugimenduetara jota.

Besteak beste, “Index (An Educator)” dago ikusgai, emakume hezitzaile baten erretratutik abiatua, egileak inoiz idatzi ez dituen eta seguruenera inoiz idatziko ez dituen liburuetarako egindako aurkibidea; edo “The Difference Between Thirty Two and Forty Five”, zahartzeari dion beldurraren umorezko adierazpena.

Memoria eta biografia

Irati Gorostidi eta Mirari Echavarri nafarren “San Simon 62” filma bilaketa lana da, beren amekiko harremanetik sortutako memoria eta biografia lana.

Umetan elkarren ondoan bizi ziren; urte askoren ondoren, Arte Ederrak ikasi zutenean elkar topatu zuten eta geroztik hainbat lan egin dituzte elkarrekin. Bien amak, frankismoaren arrastoetatik ihesi eta erronka pertsonal eta politikoei aurre egin nahian, 80ko hamarkadan Lizasoko komentuan izan zen Arco Iris komunitate bitxira joan ziren.

“San Simon 62” Arco Iris komunitatearen helbidea da, eta hara jo zuten egileek, ez komunitate haren nondik norakoaren berri emateko, beren amen ibilbidea ulertzeko baizik, beren adina zutenean amak komunitate hartara hurbiltzera zerk eraman zituen jakin nahian. Eta amen bidez, beren buruaren gaineko gogoeta ere egin dute.

Filma amei egindako omenaldia da. Echavarriren familiaren etxeko artxiboa du abiapuntua, haurtzaroari begira helduaroan jasotako jakintza feministaren begietatik.