GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Evenepoelek irabazi du azken etapa eta Roglicek Kataluniako Volta

Evenepoel eta Roglic, Voltako podiumean agurtzen. (Josep LAGO | AFP)

Aurtengo Kataluniako Volta amaitu zen atzo Bartzelonako Montjuiceko zirkuituan, edizio benetan ikusgarriari amaiera emanez. Remco Evenepoel (Quick-Step) eta Primoz Roglicen (Jumbo-Visma) arteko lehia azken metroetaraino ikusi eta gozatu ahal izan zuten txirrindularitza zaleek. Azken etapa munduko txapeldun den belgikarrak irabazi zuen, esprintean, baina esloveniarrak altxatu zuen Voltako garaikurra, bere atzetik sartu baitzen.

Roglicek sei segundo atera zizkion sailkapen nagusian Evenepoeli; hirugarren Joao Almeida (UAE Team Emirates) portugaldarra izan zen eta bere taldekide Marc Solerrek laugarren postua “kendu” zion Mikel Landari (Bahrain).

Montjuiceko zirkuitua zen Evenepeolek zuen azken aukera sailkapen nagusiko maillota eskuratu ahal izateko, eta saiatu egin zen. Hori bai, lehenik eta behin, eguneko ihesaldiari amaiera eman behar izan zioten. Hor aritu zen, beste zortzi txirrindularirekin batera, Mikel Bizkarra (Euskaltel).

Azken etapa honetan sei aldiz igo behar izan zuten gazteluraino (2,5 kilometro, %4,6ko gorabeherekin) eta Montjuiceko iturriraino jaitsi. Hala, helmugarako 29 kilometro falta zirela, ihesaldia amaitu eta Evenepoelek jo zuen erasoa, bere atzetik Roglic eta Marc Soler atera zirela. Belgikarrak laguntza eskatu zuen, baina ez zuen erantzunik jaso hasiera batean. Ondoren, Roglicek lagundu zuen, Soler geratu egin zen eta aldea handitu zuten. Laugarren aldiz, bien arteko lehia bizi izan zen, eta txirrindularitzak irabazi zuen.