Ane URKIRI ANSOLA
EMAKUME MASTER CUP

Arrizabalagaren laugarrena eta Osesen estreinakoa Binakakoan

Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses dira Emakume Master Cupeko Binakako txapelketako irabazleak. Finalean 14-22 gailendu ziren Aldai eta Mendizabalen aurka. Gernikarrak laugarren txapela irabazi du Binakakoan eta pilotari onenaren saria ere eraman du.

Uxue Oses eta Olatz Arrizabalaga, Binakako txapelketako irabazleentzako txapel eta garaikurrarekin.
Uxue Oses eta Olatz Arrizabalaga, Binakako txapelketako irabazleentzako txapel eta garaikurrarekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses gailendu ziren Emakume Master Cupeko Binakako finalean, Amaia Aldai eta Nora Mendizabalen aurka 14-22 irabazita. Aurrelari gernikarrak erakutsi du txapelketa honetan bereziki ondo moldatzen dela -laugarren txapela jantzi du- eta oñatiarrak, bere estreinako finalean, zeresana emango duen pilotaria dela baieztatu zuen.

Andrea Capellanek min hartu ostean sartu zen txapelketan Oses, Arrizabalagarekin bikotea osatzera, eta biko moduan hasieratik elkar ulertu dute ondo; hasieratik bukaerara, finalean ere oso ondo moldatu baitziren bikote gisa. «Bagenekien nire gainetik pasako zutela pilota, eta Uxue ondo aritu da. Une batzuetan nagusi ere izan da; une oro ondo kokatuta egon da eta ez dut sumatu oso urduri ere, bere lehendabiziko finala izanda. Bikote ona osatu dugu eta horregatik irabazi dugu txapela», adierazi zuen aurrelari gernikarrak, finala irabazi berri.

Oso pilota gutxi galdu zituen oñatiarrak eta horri batu behar zaio Arrizabalagaren momentu ona. Oso fin eta fresko aritu zen aurrean eta hasieratik aldeak ireki zituzten urdinek (4-10). Hasiera parekatua izan zen, baina behin launa berdindu zutenean, urdinek gehiago asmatu zuten eta, ohartu orduko, sei tantoko aldea zabaldu zuten.

ESTUTU, BERRIRO URRUNTZEKO

Nolanahi ere, Amaia Aldai eta Nora Mendizabalek esateko asko zeukaten final handi honetan. Dimakoa lau eta erdiko txapelduna da, final hartan, hain zuzen ere, Olatz Arrizabalaga mendean hartuta, baina Binakako lehiaketan arantza ezin kenduta dabil. Txapelketa osoan txukun aritu da atzo gorriz jokatu zuen bikotea, baina Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan ohi baino akats gehiago egin zituzten, batez ere atzeko koadroetan.

Dena dela, amore eman gabe, 6-1eko partziala ezarri eta 10-11ko markagailura hurbildu ziren. Horren gakoa Oses nekatzean egon zen, azken hiru tantoak atzean egin baitzituzten gorriek. 5-10ekoarekin pilota aldatzea erabaki zuten, astun eta motelagoa. Olatz Arrizabalaga saiatu zen pilotak moztu eta bere bikotekideari atseden ematen, baina Aldairen inspirazio onenarekin egin zuen topo. Zabalean, kasik nahi gabe, utzitakora ez zen iritsi gernikarra eta kontua hain estu ikusita, tentsioa nabaritu zen.

Dimakoak aurrean egindakoak, baina, ez zuen segidarik izan atzean eta berdinketaren tantoa izan zitekeena 10-12koa izan zen urdinentzat, Mendizabalek huts egindakoaren ondotik. Urdinek, erasoa bakarrik ez, defentsa ona daukatela ere erakutsi zuten 10-13koan. Gorriek -batez ere Aldaik- hara eta hona erabili zituzten aurkariak, baina azkenerako, gernikarrak lurretik eramandako bat txokoan utzita, aldea hiru tantora handitu zen.

Aldaik, dejadaz eta txokoan utzitako pilota baten bitartez, itxaropen apur bat piztu zuen bikote gorrian, baina amorrua segituan itzuli zen Lau eta Erdiko txapeldunarengana. Txapara bota zuen 12-15ekoa; amaieraren hasiera izan da. Erreskadan sei tanto egin zituzten urdinek eta 12-21ekoarekin, Osesek galdutako bi pilotekin soilik egin zuten markagailuan gora gorriek, baina jada berandu zen, partida erabat kontrolpean baitzeukaten gernikarrak eta oñatiarrak.

BI ETA BI

Uxue Osesen estreinako txapela izan da Zarautzen irabazitakoa eta ETBko kameren aurrean esan zuenez, ondo gordeko du garaikurra. Oñatiarrak izan zuen garaipena ondo gozatzeko aukera; ez, ordea, gernikarrak. Azaldu zuen bazkalostean Euskal Selekzioarekin entrenamendu bat egin behar zuela; Aldai eta Gaminderekin batera, besteak beste.

Arrizabalagak Binakakoan laugarren txapela jantzi du: hastapenetan bi irabazi zituen pilota goxua modalitatean, eta mistoan eskuratu duen bigarrena izan zen Zarauzkoa. Hori aski ez eta pilotari onenaren saria ere eraman zuen. Fin aritu zen aurrean, atzean ondo babestuta zegoela.