Euskara irakatsi ala hiztun aktiboak sortu?
Maiatzaren 14an bi hitzaldi eman nituen Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Hasi orduko, galdera hau egin nien hurbildu ziren 150 bat ikasleei: hona iritsi aurretik ikasi duzuen institutu, ikastetxe edo ikastolan, zein izan da praktikan, eta ez teorian, jaso duzuen irakaskuntzaren helburua? Zuek euskara ikastea, ala euskal hiztun aktibo bilakatzea? Hiru laurdenek inguru lehen aukeraren alde jaso zuten besoa, eta laurden eskasak aukeratu zuen bigarren aukera. Ikasle gehienak gipuzkoarrak ziren, askotariko jatorri eta eremu soziolinguistikotakoak, eta ia denak D eredukoak. Baina gehiengoaren sentipena argia zen: jaso duten heziketa euskara eta euskaraz irakastera mugatu da, ez ditu euskaldun aktibo izatera bultzatu.
Handik hiru egunera, Donostiako Iralen eman nuen beste hitzaldi bat Gipuzkoa osoko 80 bat irakasleren aurrean (ia denak D eredukoak). Haiei, galdera hau egin nien: zein da, praktikan, zuen inguruko ikastetxe gehienen helburua? Ikasleek euskara ikastea, ala ikasleak hiztun aktibo bilakatzea? Irakasleen erantzunetan aldeak askoz ere nabarmenagoak izan ziren: bost bat bigarren aukeraren alde eta beste guztiak lehenaren alde. Hau da, ia guztien pertzepzioa da Gipuzkoako ikastetxe gehienak euskara (eta euskaraz) erakustera mugatzen direla, baina erabileraren aldeko jarrera proaktiborik gabe.
Hilabete hauetan, hezkuntza sistema aztergai izan duten hainbat bilera eta elkarrizketatan parte hartzea egokitu zait, eta urteotan irakaskuntzatik urruti samar ibili naizenez, ezustean harrapatu naute era honetako esaldiek: «Gaur egun ia inor ez da ausartzen ikasleei euskaraz egiteko eskatzera». Are gehiago, portaera hori talibankeriatzat hartu duen euskarazko irakasleren bat ere izan dut aurrean.
Errealitate gordin honek harritu eta larritu egin nau, euskararen sustapenari eta normalizazioaren aldeko diskurtsoei dagokienez, atzera egin dugula iruditu zaidalako. Euskara hizkuntza gutxitu bat da eta, munduko beste hizkuntza gutxitu guztiek bezala, nozitzen duen egoera minorizatua gaindituko badu, ezinbesteko ditu hizkuntzaren ikasketa egokia eta ezagutzaren unibertsalizazioa bermatuko duten ikastereduak eta beronen erabilera nagusi izango den eremu geografiko-funtzionalak, hezkuntza-eremua barne.
Egoera honetan, hezkuntza-sistema ezin liteke euskara erakustera mugatu. Ezjakintasunez, edo intentzionalitate osoz, neoliberalismo linguistikoa praktikatzea, hau da, gaztelania, frantsesa, ingelesa edo euskara modu berean tratatzea eta hezkuntza-komunitate gisa euskararen erabilerarekiko jarrera neutroa hartzea, praktikan, hizkuntza hegemonikoen alde egitea da; jolaslekuen erabilerari dagokionez, neskek espazioak irabazteko politika sustatzaileak ez aplikatzea patioak mutilen esku uztea den ber. Euskararen erabileraren aldeko sustapen politikak egikaritzen ez badira, inertziak eta presio linguistikoek gaztelania, frantsesa edo ingelesa erabiltzera eramango dituzte haurrak eta gazteak.
Besterik da egin beharreko interbentzioek nolakoak izan behar duten. Nire ustez, euskararen erabileraren sustapenak bat egin behar du gela, ikastetxe eta herrietako aniztasunarekiko errespetuarekin, norberak nahi duen hizkuntzan hitz egiteko duen eskubidearekin eta oinarrizko balio demokratikoekin. Baina, helburua izan beharko litzateke Euskal Herriko hezkuntza-sisteman euskaraz bizitzea eta ikasleen arteko hizkuntza komuna euskara izatea.
Bide hori burutzeko, babes legala eta ondo definitutako metodologiak izateaz gain, ahalik eta babes soziopolitikorik zabalena izango duten estrategia, praktika eta diskurtso sendoak beharko ditugu, ikasleak, familiak eta herritarrak motibatu eta aktibatzeko eta euskararen sustapena inposizioarekin edo jarrera baztertzaileekin parekatu nahi duten diskurtsoei aurre egiteko. Herritarrei ondo azaldu behar zaie, ikastetxeetan bertan, baina baita euskalgintzatik eta erakundeetatik ere, euskararen hiztun aktiboak sortzearen ezinbestekotasuna hizkuntzaren biziberritzea eta elkarbizitza eta integrazio soziala sustatzeko.
Hiztun aktiboak sortzeak, hizkuntza irakaste hutsak ez bezala, hezkuntza-komunitatearen eta haren ingurunearen inplikazioa eskatzen du (udalak, euskalgintza, bestelako eragileak…), eta familiekiko harremana, irakasle zein ikasleen formazio soziolinguistikoa, edo ikuspegi gramatikala gainditu eta ahozkotasunean eta komunikazioan oinarrituriko metodologia aktiboak erabiltzea (euskara irakasteko erabiltzen diren metodologiez Euskarabenturako partaideek duten ikuspegi ezkorraz idatzi dudan artikulua eta erreportajea aurki ditzakezue Hik Hasi-ren azken zenbakian eta webean). Eskolak bakarrik ezin du helburu hori lortu; eragile guztien arteko konpromisoa eta koordinazioa behar dira. Eta ilusio eta motibazio kolektiboa landu eta elikatzea.
Hizkuntza gutxituen aldeko hautu kontzientea eta aktibazio soziala ezinbesteko elementuak izango dira hizkuntzen biziberritze-prozesuetan. Konparazio batera, hilabete hauetan, hainbat albiste irakurri dugu Islandiako Gobernua islandieraren alde hartzen ari den neurrien inguruan, guztiz kezkatuta baitago, haurrek eta gazteek gero eta gehiago jotzen dutelako ingelesera. Eta anekdota gisa aipatuko dut, Irakasle Eskolako ikasleei galdetuta ea zenbatek ezagutzen zituen gaur egun frantsesez arrakasta duten bi musika talde, inork ez zuela besorik jaso. Islandiera arriskuan ikusten bada, eta munduko hizkuntza indartsuenetako bat den frantsesaren musika ez bada gai Behobiako mugatik hegoalderantz metro bat ere irabazteko, garbi dago gure hezkuntza-sistema ezin daitekeela euskara irakastera mugatu eta ikasleak hiztun aktiboak izan daitezen ahalegindu behar dela. Hala bedi!