Amaia U. LASAGABASTER
F LIGA

Egoera ezberdinak, baina derbia irabazteko betiko gogo berbera

Realaren eta Athleticen arteko norgehiagoka hartuko du bihar Reale Arenak. Donostiarren denboraldi amaierako helburu zehatz bakarra da; talde zuri-gorriak, berriz, puntuak behar ditu, jaitsiera postuekiko aldea handitzeko.

Iturregi eta Arroyo, lehen itzuliko derbia aurretiko irudi batean.
Iturregi eta Arroyo, lehen itzuliko derbia aurretiko irudi batean. (J. FONTANEDA | FOKU)

Realak eta Athleticek ez diote derbiari egoera onenean ekingo, baina baliteke zelai gainean ez nabaritzea. Ez, behintzat, intentsitateari eta ahaleginari dagokienez. Irabazteko gogoa betikoa izango da, premia ere badagoelako. Athleticen aldetik, batez ere, zuri-gorriak beherantz kezkaz begiratuz iritsi baitira denboraldi amaierara.

Donostiarren kasuan, beharrak beste konnotazio batzuk izango lituzke, sailkapen estutasunik ez dagoelako. Baina ibili duten bidea espektatibetatik oso urrun dago, eta hasierako helburuak desagertu izanak, presio faltagatik futbol alaiago batean eragin zezakeenak, taldea azken urteotako joko eta emaitza goibelenetara eraman du. Nerea Eizagirrek onartu duen bezala, «denboraldia gogorra izaten ari da» eta derbiak «hiru puntu lortu eta denboraldi amaierarako sentsazio onak hartzeko» aukera eskainiko du. «Derbiak derbiak dira, urteko partida garrantzitsuenetakoak, eta puntu horiek etxean geratzea nahi dugu, zaletuak gustura amaitzea eta, batez ere, guk sentsazio onak izatea», adierazi du.

Bere entrenatzailearen ustez ere, derbia izatea nahikoa da motibazioa suspertzeko, taldeen egoera kontuan hartu gabe. «Bolada onean zaudenean, irabazi egin nahi duzu; eta txarra denean, baita ere. Derbiak barrutik mugitzen dizu. Eta gainera zelaia zabaltzen digute. Jende asko etortzea gustatuko litzaiguke, San Mamesen bizi genuenaren antzeko zerbait bizi eta euskal futbolaren festa izatea. Eta guk hiru puntuak nahi ditugu, hazteko eta berregiteko gogoa dugu; ondo jokatu, energiarekin, jendearekin konektatuz, ondo sentituz... Eta bultzatzen bagaitu, askoz hobe», esan du Natalia Arroyok.

Edozein kasutan partida, edo zehazkiago puntuak, garrantzitsuagoak dira Athleticentzat, Sevillaren aurka irudi ona eskaini arren, puntu bakarra lortu eta jaitsiera postuetatik lautara besterik ez baitago. «Oso garrantzitsua da -aitortu du Iraia Iturregik-. Taldeak izugarrizko lana egin zuen lehengo egunean, baina puntu bat bakarrik lortu zuen. Eta hiru puntu hauek aurreko berdinketa hori ona bilakatuko lukete. Gainera, beste eszenatoki on batean partida ona egiteak asko emango lioke taldeari konfiantzaren aldetik. Derbiaren ondoren sei partida jokatu beharko ditugu denboraldia amaitzeko, eta horietako bost beheko taldeen kontra, gehienak etxean; eta igandean irabazteak izugarrizko konfiantza emango liguke, bai puntuen aldetik, bai eta sentsazioen aldetik ere».

Entrenatzaileak ez du uste, hala ere, premiak abantaila emango dionik Athletici tentsioari eusteko, ez eta Reala lehen itzulikoa edo joan den denboraldikoa baino aurkari errazagoa izango denik ere, bolada txarrean egon arren. «Egia da aurten ez dituela lortu iazko emaitzak, ez eta, agian, sentsazioak ere. Baina izugarrizko denboraldia izan zen eta oso zaila da maila hori mantentzea -azaldu du-. Taldea berdintsua da, izugarrizko jokalariak ditu, azkarrak eta baloiarekin oso ausartak direla. Egia da akats nabariak egin dituztela partida batzuetan, eta Liga honetan garesti ordaintzen dira. Baina ez dut uste aurkari errazagoa izango denik. Konfiantza aldetik, egia da ez dutela dagoeneko helburu handirik, baina guk ez bezala, sailkapenean ez dute deserosotasunik, eta lasaiago joka dezakete».

ERAGINKORTASUNA AREAN

Kontuak horrela, Iturregi derbi klasiko bat ikusiko dugulakoan dago. «Partida bizi bat espero dut. Haiek jokalari oso azkarrak dituzte aurrean. Barruan sartu eta nagusitasuna sortzen duen Nerea, azken pasea ere badaukala. Eta eraso antolatuan eta kontraerasoan oso trebeak dira. Litekeena da baloiaren jabetza eurek guk baino gehiago izatea, horretan trebeak baitira, eta, ondorioz, defentsa lanetan komunikazio eta ordena handia izan beharko dugu. Baloia daukagunean, San Mamesen aurreko astean aritu ginen bezala, agresiboak izan behar dugu, aurrera joanez ahal dugunean. Eta ia beti gertatzen den moduan, area bietan fin ibiltzea erabakigarria izango da».

Bat egin du Arroyok zuri-gorriaren aurreikuspenekin, «baloiaren jabetzatik abiatuta jokoa menderatzen saiatuko den Reala ikusiko» dela espero baitu, «erritmo on batekin eta intentsitate defentsiboarekin. Eta Athletic gure jokoa sailtzen eta kontraerasoan min egiten saiatuko da». Gustatuko litzaioke entrenatzaile zuri-urdinari lehen itzulian gertatutakoa errepikatzea -Realak 1-3 irabazi zuen San Mamesen-, partida perfektua izan ez bazen ere. «Oso ondo jokatu genuen, baina ezin izan genuen markagailua argitu bigarren zatia nahiko aurreratuta egon arte. Athleticek eutsi egiten die bere une onei. Eta lehiatzeko gaitasuna du, gauzak ondo ez doazkionean ere. Horrekin adi egon behar dugu eta areatan eraginkorrak izan».