A. ZURUTUZA-G. CASTAÑO
Entrevista
Ibai Zabala eta Estitxu Garai
Euskal Herria Batera

«Aliantzak eraiki eta bide bateratu bat eratzea da gure helburua»

«Bagara, badugu» lelopean larunbatean Donostiako Miramar Jauregian ospatuko du Aberri Eguna Euskal Herria Batera egitasmoak. Estitxu Garai EHUko irakasleak (Gordexola, 1985) eta Ibai Zabala (Berriz, 1987) pilotari ohiak egun horren garrantzia nabarmendu dute. «Ospakizun eguna» dela azaldu dute NAIZ Irratian, baita aurrera begira jartzekoa ere.

(Aritz LOIOLA | FOKU)
Zuentzat zer da Aberri Eguna? Zein sentipen eragiten dizkizue hitzorduak?

Ibai Zabala: Uste dut euskal herritarron gehienontzat badela egun berezia. Topatzeko eguna. Aspaldiko lagunekin elkartzeko eguna da, gure agendan gorriz dagoen eguna.

Estitxu Garai: Nireentzat ere ospakizun egun bat da. Gure herria berezia delako eta bere berezitasunak dituelako. Eta aurrera begiratzeko egun bat da. Deialdi honetan hori ere transmititu nahi dugu. Badugu iragan esanguratsua, baina etorkizuna ere izan nahi dugu. Horregatik, Aberri Egunean erronkei erantzuteko hitzordua izango da.

Zein helbururekin sortu zen Euskal Herria Batera?

E.G.: 2020an sortu zen. Ondo gogoratuko duzue Aberri Egun horren testuingurua, nola geunden etxean konfinatuta, covid-19aren pandemiaren eragin betean. Orduan, egoera hori aintzat hartuta, Aberri Eguna batera ospatzeko proposamen bat egin nahi izan genuen. Esparru ezberdinetatik gentozen herritarrak batu ginen eta egin genuen deialdia, etxetik, balkoietan eta leihoetan ikurrak jartzeko eta aldi berean hiru kantu abestea proposatu genuen. Hori izan zen lehenengo edizioa, eta hortik aurrera joan gara proposamenak egiten Aberri Eguna batera ospatzeko.

Hiru urte igaro dira. Aurten, larunbatean hitzordua Miramarren. Zein helbururekin?

I.Z.: Zoru komun bat partekatzen dugunon artean aliantzak eraikitzea eta bide bateratu horri heltzea. Eta zer hoberik Aberri Eguna baino. Bakoitzak berea egin beharrean, denon artean bat bakarra egitea.

E.G.: Gainera, Euskal Herria Baterak hasieratik azpimarratu du ez gatozela beste alderdiek eta beste eragileek antolatzen dituzten ekitaldiak ordezkatzera. Beste espazio bat sortzera gatoz. Batera aritzeko espazio bat. Egin genuen lehenengo edizio hori pandemia betean, gero plazak hartu genituen hurrengo urtean, hurrengoan Abadiako Adierazpena egin zen -hizkuntzari eta kulturari aitortza egiteko-, eta oraingoa bi kolpetan proposatzen dugu. Batetik aipatu den Miramarreko ekitaldi hori, ordezkariekin egingo duguna, eta ordezkaritza zabala espero dugu. Eta hurrengo egunari begira, deialdia egin nahi diegu herritarrei, harrotasunez ikurrak, ikurrinak eta nafar banderak atera ditzaten leihora edo nahi duten edonora. Keinu txiki horrekin adieraziko dugu ospatu nahi dugula batera, bagarela herri bat eta badugula harrotasuna.

Aukeratutako leloa «Bagara, badugu» da. Zer aldarrikatu nahi da «bagara» hitzarekin?

E.G.: Bagarela. Bagarela herri bat, bagarela komunitate bat eta bagarelako izango garela.

Eta «badugu» hitzarekin?

I.Z.: Badugula hizkuntza, badugula kultura, badugula herria, lurraldea, eta proiektu bat.

Euskal Herria Baterak baieztatu du ditugun erronkei erantzun baikorra emateko indarra badagoela. Sumatzen duzue indar hori?

E.G.: Esango nuke baietz, baina askotan hedabideetan askoz gehiago agertzen da liskarra. Horregatik uste dugu horrelako espazioak eraikitzea, eta gainera herri mugimendutik egitea, nabarmentzekoa dela. Gure aletxoa jarri nahi dugu, eta urtez urte jarri nahi dugu, Aberri Eguna agendan ager dadin, uste dugulako urte askotan pixka bat desagertuta egon dela. Ea jarraitzen dugun edizioz edizio gauza berriak proposatzen Aberri Eguna izan dadin euskaldun guztiok agendan gordeta dugun egun berezia, ospakizunerako egun sinboliko garrantzitsu bat.

Kostatzen zaigu batzuetan, ezberdintzen gaituen edo ezberdindu ahal gaituen elementu horietan fokua jarri ordez, batzen gaituen horretan jartzea?

I.Z.: Hala da. Uste dut badela garaia zoru komuna azpimarratzeko. Uste badugu lurraldea, gure herria, Karrantzatik Maulera eta Mauletik Tuterara heltzen dela, kultura bat duela eta gainera kultura hori josi egin dela gure hizkuntzaren baitan, esan dezakegu zoru komun bat dugula. Gero herri horretan sortuko den gizarteari buruz eztabaidatu genezake.

Diaspora Aberri Egunean oso presente egon ohi da. Zein garrantzia du?

E.G.: Handia. Diaspora oso aintzat hartzen dugu Euskal Herria Bateran, eta oso presente dago gure proposamenean.

I.Z.: Badu bere pisua eta bere garrantzia, eta kontuan izan behar dugun elementu bat da. Nik AEBetan pilotan jokatzeko zortea izan nuen eta hango diaspora ezagutu nuen. Harritzekoa da nola mantentzen dituzten erroak, ez bakarrik hizkuntzaren aldetik, baizik eta herriaren ikuspegitik.