Jon ORMAZABAL
PILOTA

Gatz erreserbak justuan direla ekingo diote aurtengo Buruz Burukoari

Zabaletak, eskuin eskuko hatz txikia hautsita, eta Rezustak, eskuak justu dituela, ez dute jokatuko eta Elordik eta Elezkanok ordeztuko dituzte. Ezkurdia ezin entrenatuta dabil bikian arazoak dituelako. Lasok, berriz, txapela defendatu ahal izango du.

Pilotariak, hotzez, argazki ofiziala Gatzaren Aranean atera berritan.
Pilotariak, hotzez, argazki ofiziala Gatzaren Aranean atera berritan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Askorentzat oraindik ezezagun, Añanako Gesaltza omen da munduan gatza ekoitzi zen munduko lehen tokia. Duela 7.000 urte bertako biztanleek gatza lortzen omen zuten hango iturburuaren aparteko dohainei esker. Atzo 2023ko Buruz Burukoa aurkeztu zuten bertan. Aurkezpenerako kokapena aukeratu zutenean ziur asko ez zuten jakingo, baina Araba erdialdeko gatz preziatu hori ederki etorriko zaie txapelketako protagonistei, bidean galdutako elektrolitoak berreskuratzeko.

Izan ere, txapelketa berriak sortutako ilusio adina zalantza, edo gehiago, izan zen atzoko ekitaldian. Pilotaren egutegi beteak ez du barkatzen eta indarren biltegia erreserban dutela ekingo diote 2023ko Buruz Burukoan parte hartuko duten pilotarietako askok. Beste batzuek, Zabaleta eta Rezustak kasu, hasterako uko egin behar izan diote urteko txapelketarik garrantzitsuena jokatzeari.

Bergararrak asteartean egin zuen azken proba eta, eskuak behar bezala ez zituenez, parte ez hartzea erabaki du. Azken egunetako gorabeheren berri izanda, enpresan Rezustaren erabakia espero bazuten ere, benetako kolpea Etxarrendarraren hutsunea izan da, Espinalekin egindako entrenamenduan eskuin eskuko hatz txikia hautsi baitzuen etxarrendarrak eta hiru edo lau astez baja izango da. Azken orduan, Aitor Elordi eta atarikoan galdu zuen Danel Elezkano deitu ditu Aspek.

Ez da hori, ordea, oraintxe Eibarkoen ardura bakarra, Joseba Ezkurdiak ere zalantza handiak baititu, entrenamendu batean bikian izandako lesio baten ondorioz. Final laurdenetarako prest egotea espero du arbizuarrak, baina oraintxe bertan geldirik dago, entrenatu ezinik eta, jokatzekotan, zerrendaburu izanda, apririlaren 16an ekin beharko lioke lehiari, eta ez du txapelketa nahi bezala prestatzerik izango.

Denak ez ziren berri txarrak izan atzo Añana Gesaltzan eta, enpresak oraindik asteartean egindako erresonantzia magnetikoaren emaitzak publiko egin ez baditu ere, Unai Lasok ez dirudi iaz lortutako txapelaren defentsa egin ahal izateko arazorik izango duenik.

Baikor agertu zen aurrelaria eta, udan Ordizian izandako antzeko lesioarekin alderatuta, Binakako finalean aldakan izandako arazoa ordukoa baino askoz arinagoa iruditzen zaio. Are gehiago, astelehenean Ugartemendiaren debutean Tolosan jokatu nahi luke. Larunbatean Bastidan ere iragarrita dago, oraingoz.

Baikon beste berrikuntza nagusia Aitor Arangurenena da -azkenean, txapelketako atzelari bakarra-. Jon Ander Peñaren lekua hartuko du aginagarrak eta, Elordi eta Jon Alberdirekin batera, berea izango da aurtengo aurpegi berria.

ATSEDEN GEHIAGO

Txapelketa sistemari dagokionez, iazko eskema errepikatuko da. Hau da, final laurdenetako ligaxka izango da aurten ere, baina iaz izandako arazoak ekidin ahal izateko -hiru partida eta hirugarren posturako lehia ez ziren jokatu-, sailkatutako pilotariek bi asteko atsedenaldiren bat izango dute tartean. Finala ekainaren 4an izango da Bilbon.