GARA Euskal Herriko egunkaria

Athleticek eta Williams anaiek arantza bikain kendu dute partida serio batekin

Iñakik 22. minutuan eta bere anaia Nicok 75ean sartutako golei esker irabazi dute zuri-gorriek orain arte garaipena ezagutzen ez zuten zelaian. Darderrek 91n sartu du 1-2koa eta jarraian Aleix Vidal kaleratu dute. Bilbotarrek zazpigarren tokian lo egin dute.

Williams anaiak, Iñaki eta Nico, lehen golaren ostean elkar besarkatzen. (Gerard FRANCO | AGENCIA LOF)

Entrenatzaile berria, garaipen ziurtatuta? Athleticek esaera hau ez dela zientifikoa baieztatu du hirugarren aldiz denboraldi honetan. Quique Setienekin (Vila-real), Jorge Sampaolirekin (Sevilla) eta atzo bertan Luis Garciarekin (Espanyol) frogatu zuen. Zuri-gorriek arantza bat zuten Kopan finalik gabe geratuta, eta lan oso txukuna egin zuten Cornella-El Prat zelaian Ligan garaipen berri bat lortzeko, Williams anaien golei esker.

Hori bai, neurketa kontrolatuta izatetik azken txanpan sufritzera pasatu ziren bizkaitarrak. Darderrek 91. minutuan 1-2koa egin zuen Unai Simonek baloi bat harrapatu ez zuela aprobetxatuta. Ondoren epaileak beste minutu bat luzatu zuen norgehiagoka, Aleix Vidalek bi txartel hori ikusi baitzituen jarraian, eta denbora galdu zen. Azkenena, Athleticek zazpigarren tokian lo egitea lortu du.

Ernesto Valverdek aldaketa batzuk egin zituen astearteko Kopako partidatik hona. Adibidez, atean Unai Simon Ligako titularra bueltatu zen; defentsan Dani Vivian zelairatu zuen Yerairen ordez; eta aldaketa nabarmenenak Iker Muniain -berriz ere- eta Nico Williams aulkian utzi zituela izan zen. Aldatu ez zituen jokalarien artean, Mikel Vesga pibotea izan zen, 30 urte bete zituen egunean.

Muniain aulkian uztea ez da berria denboraldi honetan, baina bai arraroa egin zela Nico Williams titular bezala ez ateratzea. Jokalari erasotzaileak atzo bertan berriro ireki zituen bere sare sozialak, Kopan Osasunaren aurka kanporatuta geratu ostean jasotako irainengatik itxi ondoren. Baliteke Valverdek jokalariaren gogo aldartea ondo ez ikustea eta, partidak hala eskatuz gero, geroago zelairatzea. Haren laguntzaile Aspiazuk adierazi zuen arrazoia ez zela hau izan eta, beraz, atseden emateko arrazoia izan zitekeen, besterik gabe.

Espanyolek ere aldaketak egin zituen. Luis Garcia entrenatzaile berriak zelai erdia aldatu zuen: Gragera eta Edu Exposito zelairatu zituen Vini Souza eta Denis Suarezen ordez. Esperimentu hauek hobeto atera zitzaizkion Athletici. Zuri-gorriak askoz ere hobeak izan ziren lehen zatian. Aurrean ondo presionatuz, katalanak ideia gabe utzi zituen. Gainera, Valverderen jokalariek aukerak izan zituzten.

WILLIAMS ANAIAK

Bilbotarren arriskua eskuinetik iristen zen. Iñaki Williams bere abiadura aprobetxatzen ahalegindu zen, eta halako batean iritsi zen lehen gola, 22. minutuan. Dani Garciak baloi luze bat bidali zion aurrelariari, honek ondo kontrolatu eta abiaduraz alde egin zion Espanyoleko defentsa bati, Pachecoren aurrean baloia eskuinez bikain gurutzatzeko. Iñaki bere anaia Nicorekin besarkatu zen, bien artean dagoen harreman sanoa eta bikaina berriz ere agerian utziz, eta ondoren iritsiko zena oraindik jakin gabe.

Gol hau oso ondo etorri zitzaion Athletici. Bereak egiten jarraitu zuten zuri-gorriek. Sancetek eta Guruzetak ondo presionatzen zuten baloiaren irteera, eta Iñaki Williamsek, korrika egiteko aurretik metroak zituela, mina egiten segitu zuen eskuinetik. Hori bai, Dani Garcia bigarren txartel horia ikusteko gertu egon zen. Zumarragakoak suarekin jokatu zuen.

Atsedenaldira iritsi baino pixka bat lehenago, epaileak Braithwaiteren gol bat baliogabetu zuen, VARa kontsultatu ostean. Golaren aurretik Joseluk baloia besoaz ukitu zuen.

Bigarren zatian, Valverdek Muniain eta Nico Williams zelairatu zituen, eta azken honek bikain erantzun zien kritika eta irain guztiei, gol eder batekin 0-2koa eginda 75ean.

Sufritzea ere tokatu zitzaien zuri-gorriei azken minutuetan, Darderrek 1-2koa egin baitzuen 91n. Espanyoleko beste jokalari batek apurtu zien etxekoei esperantza.