Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Kantu melengak

Gero eta kantu melenga gehiago entzuten ditut bazterrotan. Ebidentzia da, zientifikoa; ez, uste interesatu bat. La, la, la, lalala... Eta ez zait, behin bakarrik, egoera, edo leku, bakarrean gertatu; datu-bilketa sakona egin dut tabernetan, irratietan, kalean... Eta ondorioak etsigarriak dira: euskal musika intranszendentea existitzen da, eta “gerra” irabazten ari da. Lalala, la, la... Kezkak astindu nau, goitik behera. Eskerrak autokontrol neurriak zorrotz aplikatu, eta Ez Dok Amairukoen hit-parade hilezkorra ahozkora, gero eta polikiago, ekarriz, lortu dudan ezinegona baretzea. Zorionekoa naiz, ez dut beharrik izan Gontzal Mendibil eta Xeberriren ‘‘Zaurietatik dario’’ diskoko hitzak memoriaz errezitatzeko, Negu Gorriak-en diskoen azalak banan-banan burura ekartzeko. Lalala, lalala...

Lortu dudan baretasun mentalari esker ohartu naiz, existitzen diren arren, agian, ez dela oso zuzena kantu transzendentalak eta melengak, boxeo-ring baten bi aldeetan kokatzea. Lalala... Hari berari loturik etorri dira gero: gris asko dagoela tartean; etsai amorratuak diruditenak ez direla hain kontrajarriak; transzendentzia, asmoa baino ez dela; agerikoari modu agerikoan kantatzea dela melengena, gaia heriotza, bizitza, edo iraultza izanda ere. Lalala, la... Eta, azkenik, aitortu dut maite ditudala kantu melengak, baina zaila dela kantu melenga on bat topatzea, eta, benetan, hori dela asaldatzen nauena. Ez dezagun kantagintza intranszendentala ere hondatu.