Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren tenpestak

Ipar Euskal Herritik etorri zitzaigun rock musikaren ekaitza, deblauki diot. Zetak eta Erramun Martikorenaren “Itzulera” abestiari Gaztea saria eman diote aurten, eta Martikorenak “tenpesta” hitza kanorez erabili du esker ona adierazteko. Bi rockzale amorratu braust sartu ziren Hegoaldean 1970eko hamarkadan. Niko Etxartek eta Errobik josi zituzten haien kantuak gure gustuetara, eta engoitik Iparraldeari kasu saldo egin genion. Gure belarriak zorroztu genituen ‘‘Euskal rock & roll” eta “Euskadi” kantuekin.

Hegoaldeko kantautoreen sona ez zuen erdietsi hasieran Mixel Labegueriek, eta honi zor dizkiogu folkaren hastapeneko lorratzak, “Gu gira” bezalako doinuengatik. Lasterrera Pantxoa eta Peiok babazuza tenpesta eragin zuten Hegoaldeko kantaldietan. Iparraldeko poeta handien letrekin (Daniel Landart, Manex Pagola…) ez gara ahalketuko.

Mendeetan gibeleratuta, Bernart Etxepareren “Euskara jalgi hadi mundura” abestia bozkario kultural bilakatu zen eta emokatu gintuen. Munta kulturala nehondik ere aitortu behar Iparraldeko sortzaileei, bestela ahapaldi egitea da. Iparraldea iragazi da pausarik gabe bestaldean. Ez dira gure porroska, bulta hori ezin dugu andeatu. Bizkitartean, kulturaren errefera ez dagokio poxi bati, denok euskaraz elekatuz ostiko zainartagoak emanen dizkiogu eta egoera diglosikoari.

Aurtengo literatura tenpesta Iparraldetik dator; ea Eneko Bidegainen ‘‘Bichta éder’’ nobelak Euskadi literatura saria erdiesterik duen. Hiztegia eskuan, prefosta!