NAGORE BELASTEGI
DONOSTIA

Emakumeak, euskaldunak eta bilbotarrak Iratxe Ormatzaren ipuin unibertsoan

XX. mendeko hamarkada bakoitzeko istorio bat kontatu du Iratxe Ormatzak “Printza begietan” bilduman (Elkar). Horretarako, ondo dokumentatu da, batez ere hasierako hamarkaden inguruan, hanka-sartzerik ez egiteko. Protagonista guztiak oso desberdinak dira eta bere lagunak islatu ditu horietan.

Iratxe Ormatza, bere bigarren liburua eskuan.
Iratxe Ormatza, bere bigarren liburua eskuan. (Jon URBE | FOKU)

“Printzak begietan” (Elkar) da Iratxe Ormatza Imatz idazlearen bigarren liburua, baina fikziozko lehena. Aspaldian izan zuen ideia gorpuztu du azkenean; alegia, XX. mendeko hamarkada bakoitzarekin istorio bat kontatzea. Hain justu, berari horrelako liburu bat irakurtzea gustatuko litzaiokeela pentsatu zuen, eta ez zegoenez, sortu egin du.

Proiektua martxan jarri zuenetik ideiak landu, dokumentatu eta testuak berridatzi ditu. Izan ere, ez zaio batere erraza egin hasierako hamarkadetako giroaz bustitzea, eta horretarako egin zuen lehenengo gauza “Argia”-ren “Gure mendea” liburua irakurtzea izan zen. Hor efemerideak aipatzen dira, Euskal Herriko ikuspuntutik.

Horrekin batera, amaren liburuak ere aztertu zituen, Bilboko liburutegira jo zuen, Interneten bilatu zuen eta tesiak irakurri zituen. Dena, hamarkada bakoitzari buruz kontatu nahi zuena benetakoa zela ziurtatzeko. Hala, Bilbo inguruan bizi diren emakume euskaldunen pertsonaiak asmatu zituen, testuinguru politiko, sozial, kultural eta linguistiko batetik abiatzen direnak. 20-40 urte bitartekoak dira guztiak, ibilbide bat izan zezatela nahi baitzuen, esperientzia baina ez bizi osokoa. «Adin horrekin hamarkadak bizi egiten dituzu», esan zuen Ormatzak aurkezpenean bere erabakia arrazoitzeko.

BAKOITZA DESBERDINA

Emakume bakoitza bere lagun batean oinarrituta irudikatu du. «Denok ditugu lagunak, batzuk hilabete batzuk gelditzen dira eta beste batzuk urteak, baina lagunak garrantzitsuak dira. Emakumeoi aurrera egiten laguntzen digute, edo gure ispilu dira», adierazi zuen idazle bakiotarrak.

Hala, pertsonaia guztiak oso desberdinak dira elkarren artean: burgesiakoa, langile klasekoa, oso pobrea, ama, alaba, ikaslea, irakaslea, fabrikako langilea, lan informala duena, heterosexuala, lesbiana... azken horri buruz, idazleak aipatu zuen orain errealitate hori gehiago ikusten dugula, baina egon beti egon direla «su hori itzaltzen saiatu arren», eta hori ere islatu nahi izan du. Era berean, kontatu zuen izaeraz ere desberdinak direla eta egoera gogorrak gertatzen direnean batzuek hobeto egiten dietela aurre horiei besteek baino.

Ipuin bakoitzaren izenburuan urte zehatza eta sasoia aipatzen dira. Idazle bakiotarrak azaldu zuenez, urtea zehaztea erabaki du hamar urte asko direlako eta nahiago zuelako irakurlea kokatzea. Sasoiari dagokionez, istorioak berak eskatu dio urtaro batean edo bestean gertatzea.

Nahiz eta emakume guztien paperean jarri ahal izan den istorioak idazteko garaian, kontakizun guztiekin izan du zailtasunen bat edo beste. Hala ere, zailena lehen hamarkadakoa izan da, aspaldiko emakumea delako eta oso pobrea. Horren azalean jartzea gehiago kostatu zaio. Alde horretatik, esan zuen XIX. mendetik atzerako istorioak egitea oso zaila iruditzen zaiola, askoz gehiago dokumentatu beharko lukeelako. Aldiz, XXI. mendera begira, interesa dauka, gauza asko gertatu direlako eta gertatzen ari direlako.