EDITORIALA

Feminismoaren bultzada da eraldaketaren gakoa

Espainiar Kongresuak «soilik baietz da baietz» legearen aldaketa onartu zuen atzo, PSOE, PP, EAJ, PdeCat eta Ciudadanosen botoekin. Unidas Podemosek, ERCk eta EH Bilduk kontrako botoa eman zuten, aldaketak bortxaketa delitua kategorizatzeko orduan indarkeria faktorea sartzen duelako berriz. Horrela, Bel Pozueta EH Bilduko parlamentariak eta Irene Montero ministroak adierazi bezala, «La Manada» auziko epaia bezalakoak izan litezke berriz. Ezbairik gabe, atzo onartutako arau aldaketa atzerabuelta da emakumeentzat eta feminismoarentzat. Izan ere, gaur egun bortxaketa gehienak zigorgabe geratzen dira eta onartutako aldaketarekin inpunitatea are handiagoa izango da.

«Soilik baietz da baietz» legea aldatzeko prozesuak ikasgai batzuk utzi ditu. Hasteko, agerian gelditu da eskuin mutur politikoak, judizialak eta mediatikoak botere izugarria duela. Gai izan da kondenak berrikusi osteko zigor murrizketa eta kaleratze batzuk eskandalu bihurtzeko, egiaz erasotzaileen inpunitatea nagusi denean. Ezkerrak, aldiz, ahuldadea erakutsi du, eskuinak emakumeen eskubideen aurka antolatutako erasoari aurre egiteko ezintasuna. Eraldaketa sakonak egiteko ezinbestekoa da bultzatzen diren aurrerapenak sendotasun handiagoarekin defendatzea. Alde horretatik, nabarmentzekoa da PSOEk uko egiten diola Gobernuko eta legegintzaldiko kideekin deus negoziatzeari. Nahiago izan du Gobernuaren zati batekin kontuak argitu, emakumeen eta feminismoaren aldeko legeak egin baino, hori baitzen eztabaidan zegoen kontua. Bere benetako izaera kontserbadore eta autoritarioa bistan geratu da horrela.

Aldaketa-prozesu guztietan etengabe gertatzen dira aurrerapenak eta atzerapenak. Pribilegioak ez dira borrokarik gabe desagerrarazten, batzuek gogor eusten baitiete horiei. Atzo espainiar Kongresuan onartutako aldaketa atzerapausoa da, baina egindako bideak erreferentzia garrantzitsu bat utzi du. Mugimendu feministak jakingo du hori, matxismoaren aurkako eta eskubide-berdintasunaren aldeko borrokan, aurrerapen berriak lortzeko bultzada bihurtzen.