Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
TXIRRINDULARITZA

Itzulia Etxebarritik abiatuko da

Atzo Itzulia aurkeztu zuten, Etxebarrian.
Atzo Itzulia aurkeztu zuten, Etxebarrian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Atzo egin zuten 2023ko Emakumezkoen Itzuliaren aurkezpen ofiziala Etxebarrian, lehen etapa hasiko den lekuan, hain zuzen ere. Maiatzaren 12tik 14ra bitartean lehiatuko dira txirrindulariak Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako errepideetan barrena. Bigarrenez korrituko da lasterketa eta, iaz bezala, aurtengoak ere hiru etapa izango ditu eta Donostian amaituko da.

Tropelak 370 kilometroko ibilbidea egingo du, eta guztira zazpi mendate puntuagarri izango ditu ibilbideak: lehen mailako bat (Jaizkibel), bigarren mailako bi (Urkaregi eta Mendizorrotz) eta hirugarren mailako lau (Gontzagaraigana, La Tejera, Malkuartu eta Gurutze).

HIRU ETAPEN PROFILAK

Lehen etapa Bizkaian hasi eta bukatuko da: 122,2 kilometro izango dira Etxebarritik Markina-Xemeinera. Txirrindulariak Etxebarritik irtengo dira, eta lehen 50 kilometroak gora eta behera egingo dituzte. 114,4 kilometroan Urkaregiko mendatea igoko dute: 5,8 kilometroko igoera du, eta batez beste %4,6ko malda. Mendate hori erabakigarria izango da maillot horia lortzeko lehian, Urkaregitik jaitsita Markina-Xemeinen amaituko delako etapa.

Bizkaitik Arabara salto egingo du tropelak bigarrenean. Gasteizen abiatu eta Amurrion amaituko da Itzuliko etaparik luzeena: 133,2 kilometro. Hasieran, behintzat, ibilbide «nahiko lasaia» da, Roberto Laiseka Itzuliko zuzendari teknikoaren ustetan, eta nabarmendu zuen tarteko esprintak eta denbora-sariak «garrantzitsuak izango direla sailkapen nagusiari begira». Horrez gain, helmugarako bost kilometroren faltan, txirrindulariek Lezaman aldapatxo bat igo eta jaitsi beharko dute: «Bukaera horrek eragin dezake taldea osorik ez heltzea helmugara», ohartarazi zuen Laisekak.

Hirugarren eta azken etapak erabakiko du Itzuliaren garailea nor izango den. Iaz bezala, aurten ere Donostiako Klasikoaren ibilbidea izan dute oinarri. 114,8 kilometroko etapa Donostian hasi eta bukatuko da. 42,6 kilometroan txirrindulariek Jaizkibeleko mendatea igoko dute: 7,9 kilometroko igoera du, eta batez besteko %5,6ko malda. Bukaeran, Donostiako helmugara iritsi aurretik, Mendizorrotzeko mendatea ere gainditu beharko dute.